Giza eskubideak eta lotsa
Giza eskubideak eta lotsa –
Lotsarik ez dago: desagertu egin omen da giza eskubideen urraketengatiko gaizki egin izanaren sentimendu gisa. Oraindik ere XX. mendearen bukaera aldera estatuek giza eskubideak zapaltzen zituztenean, esaterako, behartutako desagertzeen bitartez, edo epaiketaz kanpoko erailketen bitartez edota torturen bitartez, egindakoa ezkutatzen ahalegintzen ziren. Giza eskubideen mugimenduen lana, aitzitik, urraketak argitara ateratzea zen, hain zuzen horien injustizia aldarrikatu ahal izateko, erantzukizunak ezartzen ahalegintzeko, betiere iritzi publikoaren aurrean erantzuleak lotsaraztearen bidez. Batzuek —alegia, estatuko eragileek— urraketak egiten zituztenean, besteek —alegia, giza eskubideen eragileek— hori salatzen zuten, gehienetan salaketa ez judizial baina publikoaren bidez, egiaren aurreko eskandaluak lehertu zuelakoan eta urraketak konponbidean jarriko zirelakoan. Salaketak funtzionatzen zuen, beraz, neurri batean, lotsa sentiarazteko mekanismo gisa. Horren aurrean estatuak ahalegintzen ziren urraketak estaltzen, erantzukizuna ukatzen, kontakizun alternatiboak sustatzen. Horren guztiaren atzean lotsa zegoen, eta horrek presio soziala eragiten zuen, urraketa serio hartzera behartzen zuena.
Baina gaur egun badirudi lotsa desagertu dela: estatuek —haien izenean jarduten dutenek— ez omen dute lotsarik; areago, politikari batzuek, inkluso boterea eskuratu aurretik, argi eta garbi aldarrikatzen dute giza eskubideak urratuko dituztela: lotsagabe halakoak! Behintzat indarkeria politikoari dagokionez eta Espainiako eskuin (mutur)aren kasuan, gero eta nabarmenagoa da ez direla lotsatzen. Justiziaren argumentuek bat-batean indarra galdu izan balute bezala, gero eta ozenago entzuten ari gara diktaduran egindakoa ondo egina zegoela; ez zela hainbesterako; edota memoria (demokratikoa) ez dela beharrezkoa. Lotsaren ordez, sufrimenduarekiko mespretxua, batzuetan harrokeria.
Kontua ez da mugatzen Espainiako Estatuko mikro-klima politikora, ezta motibazio politikoa duen indarkeriaren kasura ere. Etorkinen aurkako mespretxua eta haien duintasuna ukatzea nagusitzen ari dira, bigarren mailako gizakiak bailiran. Jada ez da ezkutatzen etorkinak ez direla ongi etorriak. Eta berdin dio adin nagusiez edota adingabeez ari bagara: batzuk zein besteak urrun mantentzea da helburua. Duela gutxi giza eskubideen defentsa sutsua egiten zuen Europako Batasunak berak ere laguntza humanitarioa debekatu nahi du zuzenbide penalaren bitartez: nork esango zuen hori ikusiko genuenik!
Israelgo Estatuak ere —lotsa gabe— hilketa selektiboari eta de facto-ko diskriminazio politikari aspaldi ekin bazion ere, 2023ko urriaren 7tik aurrerako gudaz geroztik guda-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ere egiten ditu gu-guztion begi aurrean, egunero, etengabe. Ez da ezkutatzen. Genozidioaren aurrean badirudi oraindik ere lotsa pixka batez jarduten duela: hitz hori aipatzen denean sionismoaren bitarteko guztiak martxan jartzen direlako kasu horretarako gero eta sinesgarritasun gutxiago duen antisemitismoaren mamua astinduz. Ukatzen dute genozidioa, baina agian, denbora pasatu ahala, hura ere justifikatzeko fasera pasatuko ote dira? Edonola ere, Nazioarteko Zuzenbide Publiko orokorrari zein penalari horrek eragin dion kaltea izugarria da: sistema bera auzitan jartzerainokoa!
Lotsa ere «bandoz aldatu behar dela» erreibindikatu egin du arrazoi osoz Frantzian Giséle Pelicot-ek. Genero-indarkeriaren kasuan, muturreko sexu-delituen kasu honetan bederen, lotsaren mekanismoak funtzionatu egin omen du. Baina zenbat eta zenbat eragile politiko eta sozialek guda kulturalen aitzakiaz auzitan jartzen dituzte gero eta ozenago diskriminazioaren aurkako politikak?
Esandakoaren konklusioetako bat zera da, lotsa desagertzearekin batera, eta agian horren eraginez, giza eskubideak bermatzeko makineria gripatu egin zaigula. Gripatu ez ezik, malapartatu, aberiatu, gaizpideratu egin zaigu. Eta horrek pentsarazi beharko liguke. Gure sinesmena ez, baizik eta gure estrategia aldatu beharko dugu. Jada ez du soilik balioko inbokatzea giza eskubideen estandarrak urratzen ari direnik. Edukietara joan behar dugu modu argiagoan: giza eskubideak defendatzeko autoritate-argudioen faltan, lotsa ere sentitzen ez dutenen aurrean, mina, kaltea argumentatu beharko dugu. Gure gizartean lotsagabekeria nagusi den moduan, biktimekiko enpatia ere nagusi izaten da horien errealitate gordina denon begi-aurrean jartzen baldin badakigu. Diktaduren moldeek ekarri zuten eta dakarten mina eta injustizia; etnian oinarriturik pertsonak baztertzeak, diskriminatzeak dakarren mina eta injustizia; emakumeen aurkako mota guztietako diskriminazio eta indarkeria sistematikoak eragiten duen mina eta injustizia… Hori da herri-plazan salatu eta jarri behar duguna. Ez dezagun denbora gehiegi galdu giza eskubideen nazioarteko sistema pairatzen ari den ahuleziaz eta gainbeheraz kexu egiten. Giza eskubideak —gure artean bederen— oso erroturik daude eta defendatzeko tresnak ditugu, nazioartekoak zein barneko forokoak. Erabil ditzagun. Lotsagabekeriaren aurrean ez gaitezen kikildu. Denborak txarrerako aldatu diren moduan berriro ere hoberako aldatuko dira, eta, hori ahalik eta lasterren gerta dadin, gure esku dago hitzez zein ekintzez giza eskubideen altxorra defendatzea: guk hori bai lotsa gabe!