Gerra gerrari!

Gerra gerrari! –

Hilabete eta erdi pasatu da. Otsailaren 24an hasitako laztura handituz doa. Buru osasuna babeste aldera, ez diogu telebistari arreta handiegirik eskaini nahi, baina —ezinbestean— irudion gordinak harrapatzen gaitu: atzo bihotzean zimiko bat, gaur urdailean ausiki ñimiño bat. Ukrainan 45 egun daramatzate bonbapean, izuaren menpe. Yemenen, berriz, lau urte baino gehiago. NBEren arabera, egun Yemengoa planetako krisi humanitariorik handiena da: hamarnaka mila hildako eta 24 milioi pertsona gose edo indarkeriapean. Yemengo sarraskia ez zaigu iristen. Batean zein bestean, basakeria. Gerra krimenez hitz egiten da, gerra bera kriminala izango ez balitz bezala.

Gerra gerrari!
Yemen. Arg: Felton Davis

Komunikabideak, sare sozialak, Internet… inoiz baino gehiago gudu-zelai bilakatu diren honetan, egunotan —Butxako sarraskia dela medio— aspaldiko eztabaida azaleratu zaigu berriro: nola eman gordinkeriaren berri? Eman behar da, ala gure sentiberatasuna babestu behar dugu? Badakizue zer dioen etiketa profilaktikoak: «Ondoren datozen irudiok ikuslearen sentiberatasuna erasan dezakete».

Nik, aholkuak baino gehiago, galderak ditut salgai: zilegi al da gorputz mutilatuen izua munduari bere hartan azaltzea? Eta noraezean, intzirika, zabuka, dabilen ume horren ibilera? Eta erditzear dagoen emakumearen lantu desesperatua? Edota eskuak lotutako gorpuen irudia? Eta hilotz sorgortuen deiadarra? Bai, badakit: rigor mortis ez da batere fotogenikoa. Instagramen ez da txukun geratzen. Nahiz eta bizpahiru galbahe desberdin aplikatu, gordinegi gelditzen da (barka fribolitatea). Baina, gizakiok egindako munstrokeria hor dago; guk ikusi nahi edo ez. Zerk ilustratzen du ongien gerraren zentzugabekeria bere zarpail basatiak baino?

Eztabaidak ertz asko ditu, eta komunikabideen historia bezain zaharra. Aste honetan bertan jaso dut Ernst Friedrich-en Krieg dem kriege! liburuaren gaztelaniazko itzulpena (¡Guerra a la guerra!, Sans Soleil, Gasteiz 2018). Ander Gondra gasteiztarra da itzultzailea. Loa galarazteko moduko lekukotasuna.

Friedrich gaztetatik langile mugimenduan eta antimilitarismoan militatu zuen anarkista bakezale alemaniarra izan zen (1894, Berlau; 1967, Le Perreux-sur-Marne). 18 urte zituela kartzela ezagutu zuen, armagintza industriaren aurka egindako sabotajea zela medio. 1924an, aipatutako liburuaren lehen edizioa argitaratu zuen. Bertan ageri ziren lehen mundu gerrako artxibategi militar eta medikoetatik egileak berreskuratutako argazki izugarriak. Gerraren ustezko heroitasuna biluztea zuen xede. Bere izpiritu internazionalistari jarraikiz, lau hizkuntzatan kaleratu zuen liburua: alemanez, ingelesez, frantsesez eta nederlanderaz. Argazki oso gordinak ziren, batere zentsurarik gabe, inolako galbaherik gabe, bere hartan. Hilabete batzuk geroago, material horiekin Gerraren aurkako museoa ireki zuen Berlinen. Hiriko foro politiko eta kulturaletan erreferentzia garrantzitsua bilakatu zen; naziak boterera ailegatu arte. 1933an Friedrich atxilotu eta museoa suntsitua izan zen. Toki berean naziek SAren atxilotze eta tortura leku paratu zuten. Eskarmentua, lege.

Erbestean zegoela, Belgikan, museoaren bigarren saiakera egin zuen, harik eta Hitlerren tropek estatu hori ere okupatu eta Frantziara alde egin zuen arte. Han erresistentziara bildu zen. Azkenean, frantziar herritartasuna eskuratu zuen. Hil artean bakearen aldeko militante porrokatua izan zen.

Friedrichen liburua ez da soilik izuaren galeria bat. Egileak, gerraren arrazoiez jarduteko, Platonen ondorengo esana jasotzen du: «Gerra guztien zioa aberastasuna lortzea da». Eta hauxe gaineratzen du Friedrichek: «Egun gauza bera gertatzen da. Helburua bera da; dirua babestu, eta ondasunez eta botereaz jabetu. Horregatik, kapitalak jaun eta jabe eta jendea zapaltzen duen bitartean, gerrak izango dira». Ia ehun urte dute hitz horiek. Non gaude orain Putinen gas eta ikatza kezka iturri dugun honetan?

Liburuaren esker onen atala autentikoa da. Honela dio: «Mila esker nire torturatzaileei. Esker anitz fiskal alemaniarrei, liburu honen edizioan zehar nire materiala konfiskatu eta lapurtu zidaten pertsonei. Izan ere, atxilo egon naizen garai labur edo luzeak oso baliagarriak izan zaizkit bolumen hau hobetzeko. Nire ziegako bakartasunean beti topatu ditut ideia berri eta hobeak. Beraz, haiek ez-jakitun badira ere, fiskal horiei ere eskerrak eman behar dizkiet obra honen hobekuntza ahalbidetu dutelako».

Pablo Gonzalez jatorri errusiarra duen eta EHUko doktoregoko ikasle den euskal fotokazetariak 41 egun daramatza bere ziegako ilunean senide eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egin gabe. Eskandalu bat. Delitu oso lazgarria egin du: gerraren alde bietako iturriak alderatu. Komunikabideetan lengoaia belikoa egongelako azken zirrikituraino sartu zaigun honetan, badirudi batzuentzat Pavel-en portaera profesionala barkaezina dela. Zer egin dute euskal agintariek Gonzalezen askatasuna lortzeko? Poloniako enbaxadan aurkeztu al dute kexaren bat? Rzeswow-eko presondegira joan al dira? Borja Lazaro gasteiztar argazkilariak 3.008 egun daramatza Kolonbian desagertuta. Familiak haren arrastoa galdu zuen 2014ko urtarrilaren 14an. Ez. Hauek ez dira garairik onenak gerrako fotokazetari edo berriemaileentzat. Inoiz ez dira izan. David Beriain artaxoar eta Roberto Fraile barakaldar kazetarien hilketak urtebete egingo du hil honen 27an. Burkina Fason jazo zen.

Hola, Lecturas eta antzeko aldizkarietako azalak ikusten ohituta gaude aspaldi. Ez dute eskandalurik sortzen. Berton ageri diren bikote heterosexualen bizimoduak ez du zerikusirik agerkari horiek erosten dituen jendearen bizitzarekin. Aldizkariok ilusio bat saltzen dute, irri eta pose perfektua, atzean etxe dotore edo leku ederrak dituztela. Beren irakurleek ez dute inoiz errealitate edulkoratu hori ezagutuko.

Nik ez dakit izuaren berri bere hartan noraino eman behar den. Pertsona bakoitzaren pertzepzioa oso desberdina da. Argi daukadana da eztabaida beharrezkoa dela eta Ernst Friedrich-en liburuak merezi duela euskaraz ere argia ikustea. Bi urte barru, 2024an, kaleratu zeneko lehen mendeurrena beteko da. Ordurako izango al dugu? Izenburua argi dago: Gerra gerrari!

berriarentzat egindako kolaborazioa

Gerra gerrari!  Gerra gerrari!  Gerra gerrari!  Gerra gerrari!

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

7 pentsamendu “Gerra gerrari!”-ri buruz

  • Nik ere ez dakit nola erantzun kazetariak planteatzen dituen galderei –nola eman behar den hedabideetan izuaren berri!–, dakidana da hemengo hedabide gutxiz gehienak Zelenski eta NATOrekin daudela lerrokatuak eta hori ona dela ukrainar erbesteratuentzat. Ondo dago inbaditzaile ankerra Errusia izan denez, haren alde egitea, baina ertz gehiago ditu errealitatea deritzogunak, beti izan ohi dituen bezala.

    Bista-bistakoa da Errusiaren inbasiozko gerrari Ukrainako agintariek gerra egitea erabaki zutela lehen egunetik bertatik, NATOren eta EBren laguntza bazutela edo bazutelakoan –Borrellek duela ez asko esan zuen bezala, Puigdemontek, bestelako zirkunstantzietan, armadarik gabe eta EBren eta NATOren oniritzirik gabe, egin ez zuen bezala; eta, gurean, berriz, ETAk eta ezker abertzaleak Espainiako estatuari deklaraturiko gerrilla-gerra politiko-militarrari beste indar politiko guztiek uko egin zioten bezala, atzean EBren eta NATOren aldekotasunik ez zegoela noski, EAJ gidari, Espainiako estatua sendotuz–, eta hasiera baten uste genuen baino luzeago joko duela eta ez dakigula nola eta noiz amaituko den, ez eta gu geu ere zenbat gehiago kolpatuko gaituen ekonomikoki eta alde gehiagotatik.

    Gure lur planetako mundu hau 200 bat estatutan banatuta dago eta hiru inperio handitan, eta Ukrainari tokatu zaio oraingoan, estatuak historia modernoan beti egin-desegin eta mantendu izan diren bezalatsu –Errusiak sututako gerra ankerrak Ukrainako armadak Donbassen egindakoak ahantzarazi ditu–, armen bidez bere estatuaren lurraldea ekialdeko inperiotik defendatzea, mendebaldeko inperioa lagun duela, hainbat bizitza baliotsu alferrik galtzeko ziurtasuna bere gain harturik, heroikotasuna galdeginez, horretara behartuz, eta hainbaten heriotza eragitea.

    Ez dizue beldurrik ematen amaierarik sumatzen ez zaion gerra honek, arazo handi guztiak okertzera eta larritzera baitator gu guztion bista-bistan?, gainera ez dago gerraren aurkako mugimendu indartsurik, eta diplomazia lanik ere ez.

  • Gerra eta bakea 2022-04-18 18:22

    Botere-borroka. Momentu jakin baten indartsuago dagoenak irabazten du. Bakeak botere- eta interes-joku horren barruan baino ez du zentzurik. Ez dago egiazko bakerik. Horrela balitz, benetan bilatzen denaren (boterea, adiera zabalenean) eta bakearen arteko koherentzia lana egin beharko litzateke lehendabizi. Horrelakoa ei da gure ingurua, on-onik ezin da bilatu testuinguru horretan. Ez dago. Bai, ordea, galtzen ateratzen diren eta aterako garen asko.

  • josu naberan 2022-04-18 18:23

    zure arenga, Patxi, lar beste dugu ezaguna.

    Espainiako Parlamentuak biziki txalotuko dizu eta “gure” Borrell gerlariak ere agian.

    Baina Patxi, zuk han dagoena honela ikusten baduzu, diozun moduan (Errusia-Zapaltzaile ororen errudun!), beste askok ez diagu partekatzen zure ikuspundu lar inuzente hori. Ez eta gutxiagorik ere!

    Eta gainera uste diagu erantzukizun askoz gehiago duela SUGEGORRIAK, orain arte Afgenistan, Irak, Siria, Saudi Arabia eta etceratan bezala.

    SUGEGORRIA, ez badakizu ere, NATO/OTAN duk, EEBBak gidari, Ekialde atariraino bere mutur gerlaria modu nabarmen bezain jasanezinean sartu duena. Zuk eman al diozu horretara baimena, Patxi, existitzeko inongo arrazoirik ez daukan Sugegorriari?

    Baina ez zaitez ahaztu euskaldunok EZEZKOA EMoN geniola OTANi.

  • Bai, Josu, kostatu zait, baina azkenean, zuri esker, ulertu dut egungo Errusiako erregimenaren gibelean ere sugegorria dagoela eta hura dela Mariupol suntsitzearen errudun. Milesker!

  • josu naberan 2022-04-19 00:16

    Sugegorria Inperio guzti-guztien gibelean zegok, baita demokraziaz maskaratuetan ere. Canadak bertako ume autoktonoak bahitu eta kontzentrazio esparruetan sartu; New Zealand/Australiak maoriak mesakratu… Ez duk Errusia soilik, eta agidanez ez ankerrena ere…

    Eta Mariupolen zer gertatu den azter ezak sakonago: sarraski handiena eragin duen atentatu kriminala Nazien misil batek eragin du (ez errisiarren misilak (zeren pixkat ezberdinak omen dituk. Badakik mota guztietako arma anitz zegok han, batik bat Natok emanak paramilitar nazien eskuetara; baita geu bidalitakoak ere… Bila ezak “gure hedabideek” isiltzen dutena edota apropos gezurretan ematen digutena ahora: gonbitatu eta oka egiteko gezurteria makala.

  • Zu bai nazi galanta Naberan.Errusiar estatu faxista eta imperialistaren telebistako Nodoak hitzez hitz sinesten dituena , bakarrik abade batek egin dezakeen fanatismoarekin.

  • Mikel Haranburu 2022-04-19 12:32

    Josuk dio:
    “Eta Mariupolen zer gertatu den azter ezak sakonago: sarraski handiena eragin duen atentatu kriminala Nazien misil batek eragin du (ez errisiarren misilak (zeren pixkat ezberdinak omen dituk”
    Mariupol setiatua dago egun asko direla, asteak; Errusiarrek tonaka bota dituzte bonbak, hiriaren % 95 ego gehiago suntsitu dute; herritarrak ateratzeari uko egin diote… misil bat diozu, kar, kar, kar. Eta sakonago aztertzeko…!! Ez da hori izanen Ekai Centerrek iristen den azterketa maila!!