Gerra, genozidioa eta moral bikoitza
Gerra, genozidioa eta moral bikoitza –
Asier Blas Mendoza, ARGIAn.
Denok genekien gezurra zela. Ukrainari emandako babesaren atzean ez zegoen arrazoi moralik, ez zegoen giza eskubiderik, nazioarteko legedia edo demokrazia defendatzeko asmorik. Urteetan Mendebaldeak beste alde batera begiratu zuen Kievek Donbasseko biztanleria bonbardatzen zuenean edo aurkari politikoak jazartzen zituenean. Nazioarteko legediari dagokionez, errusiarrek Ukrainan egin duten nazioarteko legediaren haustura larriaren pareko zerrenda luze bat du NATOk berak. Demokrazia kontua ere ez zen, Ukraina ez zegoen horrela sailkatua neurketak egiten dituzten hainbat indizetan, eta ez zen harritzekoa, kontuan hartzen badugu Errusiaren inbasioa baino lehen herrialdean eskuin muturra oldartuta zebilela, oposizioko liderra (“errusiar zalea”) etxean atxilotuta zegoela, oposizioko bigarren liderra (ukrainar nazionalista) judizialki jazartzen ari zirela eta Zelenski presidenteak telebista eta komunikabide ugari itxi zituela.
Atzean arrazoi geopolitikoak zeuden. Washingtonek ukrainar armada Errusiari gerra egiteko erabiltzen du. Ardatz anglosaxoia horretan tematuta dago: 2014tik egon diren bake akordio guztiak Londresek eta Washingtonek blokeatu edota boikotatu dituzte. Jens Stoltenbergek, NATOko idazkariak, azaldu du errusiar inbasioa geratzeko NATOk bere hedapenari uko egiten zion dokumentu bat sinatzearekin nahikoa zela, baina ez zuela sinatu, eta orain, Kievi gauzak maldan gora jarri zaizkionean, Mendebaldeak dio bakea negoziatzeko unea iritsi dela. Zaila da ulertzea nola azalduko dieten ukrainar herritarrei beraien agintariek eta NATOk bete nahi izan ez zituzten Minskeko bake akordioek aurreikusten zutena baino lurralde dezente gutxiago izango dutela, odol eta suntsipen askoren truke. Halere, batzuk pozik egongo dira, Errusia partzialki ahuldu dutelako eta muturreko nazionalismo ukrainarra eta NATO zaletasuna indartu dituztelako.
Israelentzat ez dago zigorrik, ez zaizkio konfiskatzen atzerrian dituen finantza-aktiboak (aitzitik, laguntza ekonomikoa eta militarra ematen zaizkio)
Edozein kasutan, Ukrainako gatazka bigarren planora pasatu da eta Mendebaldeko moral bikoitz osoa gordinki mahai gaineratu duen Palestinako gatazka berragertu da indartsu. Israelek berriro agerian utzi du bere benetako izaera: XX. mendeko apartheid hegoafrikarraren eta XIX. mendeko kolonialismoaren arteko nahasketa. Badakigu nazioarteko legedia hausten txapelduna dela, baina oraingoan haratago joan da: XXI. mendean Israel gure sudur puntan makro garbiketa etnikoa eta zuzeneko genozidioa egiten ari da, Mendebaldeko elite politikoen babes esplizitu edo inplizituarekin.
Aste gutxi batzuetan Israelen erasoek Ukrainako gerrako ia hamar urteetako hildako zibilen kopurua gainditu dute. Gainera, Ukrainan bando bateko eta besteko hildako zibilen kopuruak antzekoak dira gutxi gorabehera; Palestinan, aldiz, hildako arabiarrak, gutxienez israeldarrak baino hamabost aldiz gehiago dira. Gazaren aurkako ankerkeriak eta suntsipenak marka guztiak hautsi ditu. Israelek Nazio Batuen Erakundeko 100 langile baino gehiago, 50 kazetari baino gehiago eta milaka haur hil ditu. Halere, Israelentzat ez dago zigorrik, ez zaizkio konfiskatzen atzerrian dituen finantza-aktiboak (aitzitik, laguntza ekonomikoa eta militarra ematen zaizkio), ez da nazioarteko kirol-lehiaketetatik kanporatzen, ez dira bere artistak jazartzen eta, noski, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du Israel jazarriko, AEBek jazartzen ez duten bezala. Bitartean, Mendebaldea hor dabil justifika ezina dena justifikatzen terrorismoaren kontrako borrokaren izenean (sic), ahaztuta jardun armatu hori okupaziotik, kolonizaziotik eta apartheidetik sortutakoa dela.