Gerra ez da bakea
Gerra ez da bakea –
Asier Blas Mendoza ARGIAn.
Ukrainako errusiar inbasioaren urteurrenean berriro ikusi ahal izan dugu Mendebaldeko hedabideak errusiarrak bezain beste daudela militarizatuta: gustuko ez zituzten datuak lurrundu edo manipulatu dituzte, ukrainar faxismoa normalizatzen jarraitu dute eta, noski, bando okerreko biktimen mina eta sufrimendua ikusezin bihurtu dute.
Bitartean Pablo Gonzálezek preso jarraitzen du Polonian, kazetarien kontrako zeharkako mehatxu gisa, nahiz eta egun ohikoena den disidentzia narratiboak heriotza sozialarekin isilaraztea. Horregatik, autozentsura mekanismoak indartu egin dira zuzeneko zentsura finkatzearekin batera, Josep Borrellen esanetan, “hori eginda (hedabideak zentsuratzea), ez diogu eraso egiten adierazpen askatasunari, babestu baizik”. Ongi etorri George Orwellen 1984 eleberrira: gerra bakea da, askatasuna esklabotza da eta ezjakintasuna indarra da.
Europako Batasunak (EB), lehen aldiz historian, erasopean dagoen herrialde bati, Ukrainari, armak eta ekipamendu militarra erosteko milaka milioi euro eman dizkio; besteak beste, dirua Bakea Babesteko Europako Funtsetik atera da. Gerra bakea da eta ideia hori saltzeko Egiaren Ministerioa lanean dago.
Hedabideek etengabe errepikatzen duten mezua da gatazka gudu-zelaian erabakiko dela, eta, gainera, horixe bera nahi dutela ukrainarrek, beraz, bakearen izenean arma gehiago, heriotza eta suntsipen gehiago eskatzen dute. Zergatik ez zituzten eskatzen armak Jugoslaviarentzat, Irakentzat, Libiarentzat edo Palestinarentzat?
Logika aristotelikoa da: gerra batean ahulena armatzen baduzu gerra gehiago luzatzea lortzen duzu, ez lehenago amaitzea
Josep Baqués-ek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak eta Ikasketa Estrategikoen Espainiako Institutuaren (IEEE) eta Lurreko Armadaren Trebakuntza eta Doktrinaren Agintearen (MADOC) kolaboratzaileak azaldu berri du UNEDen:
“Hemen filma zera da: ‘Ukraina armatu dezagun gerra lehenago amaitu dadin’. Ez dago militarra izan beharrik, Batxilergoko hirugarren maila egin izana bakarrik: logika aristotelikoa, gerra batean ahulena armatzen baduzu gerra gehiago luzatzea lortzen duzu, ez lehenago amaitzea (…) Taktika da: ‘Errusia zigortuko dugu, baina Ukraina erabilita'”.
Planteamendu hori bi modutara amaitu daiteke: ohikoena litzateke AEBek uneren batean Kieven interesak zaborretara botatzea, edo, ez dena ohikoa, gatazka goratzen jarraitzea, esploratu gabeko agertokietara eraman gaitzakeena, adibidez, gerra nuklearrera. Baqués irakasleak horrela azaltzen du:
“Krimeako penintsularen subiranotasuna salbatzeko hirugarren mundu gerrara arriskatzen banaiz, agian immorala da karta horiek jokatzea(…) Krimeako ukrainar subiranotasuna gordetzeko gerra nuklearrera jotzea, ez dut uste horretan ados dauden moralista profesional asko dagoenik, ez da proportzionala”.
Gerra ez da zertan gudu-zelaian erabaki. Bake agertoki bat eraikitzeko negoziazioa eta su-etena behar ditugu. Irtenbideak daudela aurreikustea posible da: ukrainarren arteko gatazka konpontzeak bideragarria izan beharko luke deszentralizazio edota federalizazio prozesuak bultzatuta, hain zaila da probintzietako buruak presidenteak izendatu beharrean herritarrek bozkatzea? Hain zaila da errusiar armadak etxerako buelta egitea ukrainarren neutraltasunaren truke, eta NATOk bere garaian emaniko hitza bete eta 1997ko mugetara bueltatzea? Ekialdeko herrialdeak, Ukraina barne, EBko kideak izan litezke NATOko kide izan gabe, eta ez litzateke ezer gertatuko. Adibide batzuk baino ez dira, ulertzeko nahi bada gerra amaitu daitekeela, arazoa da batzuk ez dutela amaitu nahi, beraiek ez dituztelako ondorioak pairatzen.