Generoa ezin liteke izan kartzelatik irteteko txartela gizon biolentoentzat

Generoa ezin liteke izan kartzelatik irteteko txartela[1] gizon biolentoentzat – 

Kathleen Stock Britania Handiko filosofoa da, generoarekin kritikoa den feminista eta, besteak beste, LGB Alliance elkartearen sortzaileetako bat. Material Girls: Why Reality Matters for Feminism liburuaren egilea (eskuragai gaztelaniaz eta frantsesez). Artikulua The Times-en argitaratu zen.

Zerbaitegatik erabakitzen dute nartzisista desorekatu batzuek trantsizioa egitea kartzelan daudenean.

Zerk egiten ote gaitu duela 20 urte ginen pertsona bera? Filosofoek hainbat erantzun eman dituzte. Batzuen ustez, garun-transplantea egingo baligute edo oroitzapen multzo desberdin bat emango baligute, pertsona desberdinak izango ginateke. Aste honetan jakin dugunez, Mediku Kontseilu Orokorrak (GMC, ingelesezko siglak) bestelako erantzun bat du.

Mediku batek bere lankideei jakinarazten dienean hemendik aurrera beste sexukoa balitz bezala ezagutua izatea nahi duela, dirudienez GMCko zenbaki berri bat ematen diote, izen berriarekin eta izenordainekin batera, horrela bere iragana ezabatuz. Wes Streeting kezkatuta agertu da, horrek ez ote duen erraztuko prozesu diziplinario baten emaitzak herritarrei ezkutatu ahal izatea, zenbaki bera eduki ezkero bilatzen errazagoak liratekeenak.

Osasun Idazkariak segurtasunari buruz adierazitako zalantza hain da jakina eta begi bistakoa, batek galde lezake nola ez ote zuten GMCko arrain potoloek hori bera eztabaidatu lehen aldikoz zenbaki-aldatzearena planteatu zenean; non eta ez garen ari, noski, substantzia inefable baina ahalmen handiko bati buruz: genero-identitatea, lehen kontaktuan buru inteligenteenak ere paralizatzeko kapaz izateagatik ezaguna. Substantzia magiko horrexen ondorioz, NHS Fife-ko zuzendariek gizonezko mediku baten eskaerari baiezkoa eman zioten, emakumezko langileen aldagelak erabil zitzan eta, halaxe, auzitegi deseroso batera joanarazi ditu guztiak, banaka-banaka erizain batek, Sandie Peggiek, zeinak joan den astean tarte batez deklaratu baitzuen.

Baita ere, substantzia horrek Ingalaterrako Osasun Zerbitzu Nazionaleko zuzendariei (hemendik aurrera, NHS) erabaki genial bat harrarazi die: NHSeko zenbaki berri bat emango diete “generoa aldatzen” duten pertsona guztiei, alegia, bere familia-medikuari orain emakumea dela esaten dion edozein gizoni, eta alderantziz. Informazio zaharra erregistro berri batera igaro behar izateak, kasurik onenean, alferrikako buruhauste franko sortzen dizkio diru aldetik larri ibili ohi den zerbitzu bati, eta, kasurik okerrenean, huts egite zorigaitzekoak ekar ditzake, ezin bailiteke erregistro berrira transferitu hil ala biziko garrantzia duen informazio mediko bat: sexu biologikoari dagokiona.

Eraldatze Miragarrien fedeak BBCko kide batzuen burmuinak ere sorgindu ditu, antza; izan ere, behin eta berriz, tematuta dabiltza gizon biolentoen gustuko izenordainak erabiltzen, “She/her”, haien istorioa zeinen gordina eta kriminala izan den inporta gabe.

Joan den astean, BBCren albiste webgunean, AEBetako “sekta begano” usteko baten buruzagi atxilotu berria, Jack LaSota, “She” bezala aipatu zuten programa osoan zehar, bertako sheriffaren datu-basean gizon gisa agertzen den arren.

Jack LaSota. She is taking a Spanish siesta.
Jack LaSota. She is taking a Spanish siesta.

Bien bitartean, Waterloo Road eskolako telesail dramatikoak eszena bat eman zuen duela gutxi non, ospitale batean, dementziarekin eta hilzorian dagoen amona baten ohe ondoan, biloba transa esertzen den eta haserretu egiten zaion, zergatik eta amonak, okertuta, haren “izen hila” erabili duelako. Argi eta garbi, espero zen ikusleak misgendering baten biktima izandako nerabearen alde jarriko zirela, eta ez hilurren dagoen xaharraren alde.

Waterloo Road, BBCren telesaila
Waterloo Road, BBCren telesaila

Aspalditik argi ikusi denez, norbaitek bere sexuarekin bat ez datorren genero-identitate bat jakitera ematen duenean, arima uste oneko eta fidabera batzuen erreakzioa da pertson hori, bat-batean, berritik jaioa izan balitz bezala tratatzea. Hori errehabilitazio publikoa lortzeko askoz modu hobea da, oihan batean umuliazio erritualak jasatea baino [2].

Egoera normaletan, arraro xamarra izango litzateke emakume bat, UKIPeko hautagai ohia, bere emaztearen lepoa eskuez estutu izan duela aitortu duena eta Camden-en “gay gehiegi” dagoela publikoki adierazi izan duena, Woman’s Hour edo Celebrity Master Chef-en agertzea; salbuespena egin zuten, ordea, Kellie Maloney boxeo-enpresari, LGTB enbaxadore bihurtutakoarekin, bere trantsizioaren ondoren. 

Kellie Maloney boxeo enpresari, LGTB enbaxadore eta telebistan dantzaria. Aisialdian, emazte itotzailea.
Kellie Maloney boxeo enpresari, LGTB enbaxadore eta telebistako pertsonaia. Aisialdian, emazte itotzailea.

Eta inoiz ikusten baduzu zeure burua bikotekidea akabatzen eta, ondoren, kartzelatik irten eta egun batzuetara, dendari bat bortxatzen saiatzen, beti segi ahalko diozu Karen Jones-en eredu inspiragarriari, berak horixe bera egin baitzuen: esan ezazu orain emakumea zarela, zure krimenak “laguntza eskatzeko garrasiak” izan zirela eta, kartzelaldia bete ondoren, motibazio-hitzaldiak ematen lan egin. Jonesen kasuan, 2018an Lorden Ganberan hitz egitera gonbidatzea izan zen ondorioa.

Honezkero ez gara lehen bezalako inozoak eta, apurka-apurka saretzen doa Hollywood estiloko erredentzio-istorio horiekiko zaletasuna, non, atxilotu ondoren eta espetxeko ziegaren arteko uneren batean, batek bere baitako feminitatea bilatu zuen. Jendeak orain ez du hainbeste negarrik egiten lehengo garaietan bezala, noiz eta soinekoa janzten zuen gizona, maizenik, halako santu laikotzat hartua baitzen.

Estatistikak errealitatea argitu du eta kontzientzia-hartzea erraztu: esaterako, duela gutxiko datuen arabera, bere burua trans gisa identifikatzen duen presoen %70 sexu-erasoagatik edo indarkeria-delituagatik dago kartzelan, gizonezko preso guztien %19 ingururekin alderatuta.

Hala eta guztiz, gizarte ongi hezi hau oraindik ere uzkur ageri zaigu kontu hau esplikatzeko orduan, areago nabarmentzen dena pedofilia, voyeurismo edo sexu-erasoengatik atxilotua izan den “emakume” baten albisteak agertu ahala. Beraz, neronek esango dut. Arduraz aurre egin beharko diogu eta onartu, beren burua emakume gisa identifikatzera erakarrita sentitzen direla gizon batzuk, zergatik eta berez jada psikologikoki ezegonkorrak direlako; eta portaera harrapari edo horren ondoriozko eraso guztiak soil-soilik “transfobia sozialarengatik” edo “neu benetan nintzena erreprimitzeagatik” izan zirela dioten istorioak, bueno ba, txorakeriak direla.

Anitz dira jendeak trantsizioa egiteko arrazoiak eta alferrik da kasu guztiak berdin tratatzea. “Gizon batzuk” ez da “gizon guztiak”, jakina. Hala ere, ez da kasualitatea Nortasunaren Muturreko Nahasmendua duten gizon nartzisista jakin batzuk emakumeak direla esaka hastea; izan ere, bi gauza horiek azpiko arazo psikologiko-multzo berberaren adierazpideak izan daitezke. Eta egitate horrek begi-bistako ondorio batzuk dakartza, ez bakarrik aldagelak banatzeko orduan, baizik eta baita ere pertsona zaurgarriekin lan egiten duten profesionalen jarraipena egin ahal izateko, zein direla ere dakartzaten identitate-aldaketen ziurtagiri guztiak. Ez dezagula itxura gehiagorik egin, denoi burmuin kolektibo bat transplantatu izan baligute bezala eta, egia esan, denok badakizkigun babes-neurri funtsezkoak ahaztu bagenitu bezala.

  1. Get Out of Jail Free card. Monopoly jolas ezagunean jokalariek eskura dezaketen txartel bat, doan kartzelatik ateratzea baimentzen diena.
  2. Itzultzaileak ez du asmatzen jakin egilea zertaz ari den. Baliteke famatuen reality bati egindako erreferentzia izatea.

Generoa ezin liteke izan kartzelatik irteteko txartela gizon biolentoentzat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude