Gaztelania boterearen hizkuntza Katalunian

Gaztelania boterearen hizkuntza Katalunian –

Tesi nagusia horixe du Enric Gomá idazle eta hizkuntza-dibulgatzaileak aurten argitaraturiko El castellà, la llengua del costat liburuak. Gaur egun oso arraroa da gaztelaniaz ez dakien katalanik aurkitzea -Ipar Kataluniako hemezortzi mila katalan alde batera utzita behintzat-; baina nola heldu da gaztelania Katalunian hain ezaguna eta erabilia izatera?

Zuzeu-ko irakurleari berehala etorriko zaio gogora horrelako pentsamenduren bat: euskara Euskal Herrian bezalatsu!, hots, era askotako inposizioz, eta ez dabil oker, erabat harturik, baina xehetasun bereizgarriek badute beren munta, eta horregatik interesgarria gertatzen da euskaltzaleontzat, eta irakaspenak ateratzeko.

Gaztelania boterearen hizkuntza KatalunianXV-XVI. mendeetan hasten da jada Katalunian gaztelania sartzen. Inkisizioak haste-hastetik gaztelaniaz egiten du. Jesuitak ere aitzindari dira Katalunian gaztelania erabiltzen, Euskal Herrian bezalatsu. Eskolapioak ere nabarmentzen dira gaztelaniaren erabileran, eta, harrigarri gerta badaiteke ere, Montserrateko beneditarrak ere bai. Horietaz gain, gotzain gaztelaniadunak -Carlos I.ak 1526tik aurrera Vatikanoari aurkeztuak eta hark onartuak-, eta Aragoiko Koroako funtzionario gaztelaniadunak halaber -gogora Aragoiko erresuman, Aragoiko gaztelaniadunez gain (XV. mendera arte edo Aragoiko erromantzez, eta aurrerantzean gaztelaniaz), Printzerri, Valentziako eta Balear uharteetako katalanak eta Sizilia eta Sardiniako italiarrak zeudela-, baina gatozen denboran jauzi bat eginda, 1714ko okupazio militarraren ondotik, 1716ko “Decreto de Nueva Planta”-n Gaztelako Kontseiluak eman zuen gomendio honetara:

Que, en todas las escuelas de Primeras Letras y de Gramática, no se permitan libros impresos en lengua catalana, escribir ni hablar en ella dentro de las escuelas y excepcionalmente aprendan la Doctrina Cristiana en nuestra lengua, que por estos y otros medios suaves [azpimarra neurea] se irá haciendo común en el Principado (74 or.).

Gaztelako Kontseiluko fiskal Rodrigo Villalpandok berriz, “sin que se note el cuidado” ziotsen Kataluniako korregidoreei, 1716an igorritako Instrukzio Sekretuan:

…el genio de la Nación como el de los catalanes es tenaz, altivo y amante de las cosas de su País, y por esto parece conveniente dar sobre esto instrucciones y providencias muy templadas y disimuladas, de manera que se consiga el efecto sin que se note el cuidado. (75 or).

Joan Mari Torrealdai zendu berriari gauza berbera irakurria diodala esaten dit oroimenak. Filipe V.aren 1717ko ebazpen batean, berriz: “Se procure mañosamente ir introduciendo la lengua castellana en aquellos pueblos”. Eta 1770an, Kataluniako Elizako agintariek:

No puede negarse que la diversidad del idioma causa extrañeza i [sic] retarda el enlace. La uniformidad de lengua no puede lograrse sino con el beneficio del tiempo y por medio de las providencias suaves de que tenemos muchos ejemplares (Ib.).

Horra, bada, lehen irakaspena gaztelania, katalana, euskara edo beste edozein hizkuntza hedatzeko: okupazio militarra lehenik, eta funtzionario zibil eta erlijioso katalan edo euskaldunen hedapena ondotik, hau da, boteredunen hizkuntza gisa kokatzea bere herrian edo aldameneko herrian, eta aginduzko neurri leun eta eztiak ezartzea, hartara hizkuntza berez bezala, ezari-ezarian, hedatzen eta nagusitzen joan dadin.

Eta botererik ez baduzu? A, orduan, kostatuko zaizu bi txanpon, asimilazioa eta elebitasun behartua eta diglosikoa nagusitu daitezen saihestea, zeure herrian bertan.

Neurri leunek arrakastarik izan ezean, neurri zakarrak -hala izan zen Carlos III.aren 1768ko Errege Zedula. Neurri leunen eta zakarren aldizkatzea, horrenbestez! Hala eta guztiz ere, XVIII. mendearen amaieran katalan herritarren %10ak omen zekien irakurtzen eta idazten, eta gaztelaniaz irakurtzen eta idazten zekitenak %10a baino gutxiago bide ziren, eta eguneroko ahozko harremanetan apenas erabiltzen zuten gaztelania.

XIX. mendea garrantzitsua izan zen katalanek gaztelaniaz ikasteko eta espainol sentitzeko, nahiz eta gaurko egoerara heltzeko garai erabakigarriena frankismoa izan zen. XIX. mendean, frantsesen aurkako gerraren (1808-1814) ondoko epealdia erabakigarria izan zen, bereziki 1833tik 1860rako urte bitartea, 1838ko Irakaskuntza Legea eta halaber 1857ko Moyano Legea bitarteko zirela, haur guztiek gaztelania ikasten has zitezen behintzat. Katalan noble eta burgesek XIX. mendean, lehen mailako espainolak izatea nahi zuten, eta ahaleginak eta bi egin zituzten gaztelaniaz gaztelauek baino hobeki ikasteko.

XIX. mendearen azken herenera arte, inork ez zuen proposatu katalan hizkuntzak gai izan behar zuela erabilera guztietarako, bereziki erabilera landu, akademiko eta administratiboetarako.

Bere bizitzako azken urteetan, 1895 baino lehen (Tarragona. 1852-1895), Josep Yxart literatur kritikariak defendatu zuen beti katalanez idaztea komeni zela bizitzako arlo guztietan:

No se piensa nunca en lo que sería la literatura catalana (toda ella: poesía, historia, periodismo, documentación oficial, etc.) si hubiéramos seguido constituyendo verdadera nacionalidad con lengua propia. (…)

…los literatos catalanes se hallan hoy con dos lenguas, que es no tener ninguna; porque nadie puede negar que este singular estado bilingüe esteriliza por lo menos la mitad de nuestras tareas y acota y limita nuestro campo, colocándonos en posiciones desfavorables (205 or.).

Liburuaren amaieran dio Enric Gomà idazleak Kataluniaren gaztelaniartze progresiboak eraldakuntza nabarmenak ekarri zizkiola katalan hizkuntza, kultura eta katalanen autoestimuari. Beraien mintzoa patois bat ez, baizik eta hizkuntza bat zelako kontzientzia atxikitzeak, eta erakunde propioak, erresuma bat, gorte bat, estatu bat behiala izana gogoratzeak salbatu zituela. Naufragioak gorabehera, katalanak jarraitzen zuen hizkuntza bat izaten, katalanen hizkuntza alegia.

Gaztelania boterearen hizkuntza Katalunian

Saiakera-idazlea