Gaza, Baluarte, Belen, Gaza
Gaza Baluarte Belen Gaza –
Gazako azken gatazkaren hasieratik hona soldadu israeldarrek hil dituzten haur palestinarren izenak eta haien adina ozenki irakurriko dituzte larunbatean, hilak 28, Iruñeko Baluarte plazan. Ekitaldiaren antolatzaileen ustez, 30 ordu beharko dira guztien zerrenda agortzeko; Israelgo armadak 18.000 adingabe gazatar akabatu ditu duela 14 hilabete borrokak abiatu zirenetik. Egunaren hautaketa ez da halabeharra izan. Abenduaren 28a Inozente eguna da egutegi kristauan, Ebanjelioen arabera errege Herodesek Belengo haurrekin egin sarraskia oroitarazten duen eguna. Auskalo zenbat kristau sinestun den larunbateko protesta ekintzaren prestatzaileen artean. Sinetsi beharrik ere ez da. Mendebaldeko kulturan, gertaera segurutik apokrifo horri atxikia gelditu da haur errugabe noiznahiko eta nonahikoen hilketa ankerraren irudia. Metaforen iturri agortezina da Biblia, eta metafora nagusia, Jainkoa bera. Jeloskor, arbitrario eta mendekati, Itun Zaharrean; ezti, barkabera eta eskuzabal, Itun Berrian. Gizakia ere, halakoa. Borgesek dioenez, munduan idazten ahal diren kontakizun guztiak, finean, bitara biltzen dira: itsasora abiatzen den bidaiariarena eta gurutzean hiltzen den jainkoarena. Halako amaiera lazgarria izan zuenaren jaiotza Eguberrietan gogoan hartzeko tradizioa franko ahuldu da gure artean. Erlijioaren itzala mehatu ahala irudi neutroagoak nahiago gizarte gero eta laikoago honek. Horra neguaren etorrera omentzeko plegu berri(tu)a, Euskal Herriangero eta hedatuagoa. Nago, hala ere, ez ote garen metafora eder bati ihes egiten ari. Gaur gauean, Gazako paisaia erraustuan -edo Sudangoan edo Ukrainakoan edo Kurdistangoan edo…- beren umearen sorrera ikusiko dute aita-ama akitu batzuek. Munduaren salbatzailea izan daitekeenik sobera amestea litzateke.Hondamendiaren erdian, munduko oinazeak eztituko dituenetarik gertatzeko esperantza ahulari ez nioke hain lasai uko egin nahi, ordea.
Tristea da baina zahartzearekin gero eta ñoñoago bihurtzen ari da Epaltza. Garai bateko ironia fina galdu du. Orain bere obsesioei buruzko entziklikak baino ez daki idazten. Eta bere obsesioen artean antisemitismoarena ez da txikiena.
Oso modu arinean erabiltzen duzue antisemitismoaren mamua. Baina III Reich-aren antzeko praktikak egiten dituena Israel da, Labrit jauna.
Nire obsesioa ez da arabismoa, baina Israelena, judu eta sasijudu askorena, semitista askorena antiarabismoa da, Epaltzak zernahi esanik, antiarabismoa, lapurtu nahi duten lurraldean nagusiki. Antisemitismoa ez da existitzen, semitismoa existitzen ez deino.Israel es da semitista, erailtzailea baizik. Eta desager baledi, Palestina desagerrarazten ari den bezainbeste, planetak ez luke ezer sufrituko. To! ñoñokeria.
Ez da harrigarria Aingeru Epaltza Palestina-Israel gatazkarekin tematuta egotea. Kontuan izanda Geroa Bai-ko “intelektual” gisa indar espainolista “progresistekin” kolaborazioa urte askoan bultzatu eta gero, orain elkarlan horrek euskararen gainbehera Nafarroan geldiezin bihurtu duela ikusita, ulertzekoa da begirada beste latitudetako injustizietan pausatzea begien aurrean dituenak saihestuta.
Gaia beste eztabaidaren batekoa bada ere, esan dezadan Nafarroan Euskararen gainbehera geldinezin ez duela indar espainol progresistekin egindako elkarlanak bihurtu… ez ahal du geldizein bihurtuko Euskal Herrian hizkuntzaren gainbehera Madrilen Ezker Abertzaleak aurrera daraman espainol progresistekiko elkarlanak!?
Euskararen gainbehera, une hauetan, geure esku dago, eta hemendik aurrera, orain gazte omen diren horien esku. Geroa osatuko dutenak, hain zuzen ere. Iraganak balio du, baldin eta gerorik izanen bada; bestela, iragana galdua da…
Iragana Baik komentatzen duena ez da soilik Nafarroan gertatzen. Palestinarena euskaldun askoren borroka bikario bilakatu da. Euskara eta Euskal Herriaren aldeko kausa galdua ikustean pedigree handiagoko baina konpromiso txikiagoko erreibindikazioa hobetsi dute. Horren froga nabarmena: Palestinako banderek ikurrina ordezkatu dituzte gure hiri eta herrietako balkoietan.
Epaltzarenak, aldezteko zein kritikatzeko, euskal ombliguismoaren kiratsa nabari bezain itogarria da. Euskal nazioa lau gai eta beroiei erantzuteko bi panfleto parrokial. Mundu txikia gero! Pena