Gatazkan dauden herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik bat ez da eskolara joaten

Gatazkan dauden herrialdeetan hiru haurretatik bat ez da eskolara joaten –

Gatazkan dauden herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik bat ez da eskolara joaten

Urtarrilak 24, Hezkuntzaren Eguna

Gatazkan dauden herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik bat ez da eskolara joaten

Save the Childrenek azaldu du haurren hezkuntza-maila hobetzeak lotura zuzena duela gatazka kopuru txikiagoarekin eta bake handiagoarekin.

Gatazkek eragindako edo hauskortzat sailkatutako herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik bat eskolatik kanpo egon zen 2024an, Save the Childrenek berriki egindako analisi baten arabera. Ikerketak agerian uzten du eskola-adinean dauden 103 milioi haur inguru, Munduko Bankuak gatazka edo hauskortasun egoeran identifikatutako 34 herrialdetan bizi direnak, hezkuntza-sistematik kanpo geratu zirela 2024an. Zifra hori ez dator bat batez besteko globalarekin, sei haurretik bat ez baita eskolara joaten.

Sudanen, adibidez, non gatazka 2023ko apirilean hasi zen, 17,4 milioi haur eskolatik kanpo geratu dira. Palestinako Lurralde Okupatuan, 2023ko urritik egindako aire-erasoek eskola-eraikinen %96 suntsitu edo kaltetu dituzte, eta eskola-adinean dauden 625.000 haur hezkuntzarako sarbiderik gabe utzi dituzte.

Nigeriak munduko eskolagabetze kopururik handienetako bati aurre egin behar dio, 18 milioi haur baino gehiago ezin baitira eskolara joan. Pobreziak, segurtasunik ezak eta arau soziokulturalek, bereziki neskei eragiten dietenek, bai eta eskolei behin eta berriz egiten zaizkien erasoek eta hondamendi klimatikoek, hala nola irailean izandako uholdeek, egoera larriagotu dute.

Kyariyamek, Bornoko (Nigeria) 12 urteko neskato batek, lekualdatu egin behar izan du familiarekin batera, joan den urtearen amaieran bere etxea eta eskola suntsitu zituzten uholdeen ondorioz: “Oso gaizki sentitzen naiz, ezin naizelako eskolara gehiago joan. Galdutakoa nola berreskuratu ahal izango dudan izan da nire kezka nagusietako bat beti. Asko gustatzen zitzaidan ikastea, eta nire ikasgai gogokoenak Matematika, Zientziak, Enpresa Ikasketak eta Gorputz Hezkuntza ziren”.

Kyariyamena ikasteko aldarria egiten duten haurren milioika ahotsetako bat baino ez da: “Gure etxeak eta eskolak berreraikitzea behar dugu. Uniformeak eta liburuak ere behar ditugu eskolara itzuli ahal izateko”.

Ukrainako egoerak, gerran jarraitzen duenak, erakusten du Ukrainako 576 ikastetxek -eskolak, haurtzaindegiak eta unibertsitateak- kalteak izan zituztela edo suntsitu egin zituztela 2024an, eta 2023an, berriz, 256 ikastetxe kaltetu ziren. Joan den urtean, beraz, bi aldiz eskola gehiago eraso zituzten, eta, Save the Childrenen arabera, online ikasten duten, lurpeko ikasgeletan dauden edo ikastetxea utzi behar izan duten milaka haurrek ia hiru urteko atzeraldia izan dute hezkuntzan herrialde horretan.

Krisi klimatikoa eskolatzea kaltetzen ari da baita ere

Milioika haur eskolatik kanpo daude, hainbat faktoreren konbinazio baten ondorioz, hala nola gatazka armatuak, hezkuntza-azpiegiturak suntsitzen dituztenak eta komunitateak tokialdatzen dituztenak; hondamendi klimatikoak, 2020az geroztik 62 milioi adingaberen hezkuntza eten dutenak 27 herrialdetan; eskolen aurkako erasoak, erasoen kopurua %20 handitu baitzen 2022tik 2023ra bitartean, erabilera militarra ezartzeko haietan; eta azken hamarkadetan hezkuntzak jasotako finantzaketa txikiak ere geldiarazi egin ditu eskolagabetzeen aurkako borrokan egindako aurrerapenak.

Save the Childrenek azaldu du funtsezkoa dela hezkuntzan inbertitzea, aurretik azaldutako gatazken arrazoi sakonei heltzeko eta gizarte egonkor eta baketsuak eraikitzeko. Erakunde humanitarioaren Haurren aurkako gerrarik ez txostenean azaltzen denez, “haurren hezkuntza-maila hobetzea zuzenean lotuta dago gatazka kopuru txikiagoarekin eta bake maila handiagoarekin”. Gainera, eskubideetan oinarritutako hezkuntzak “gatazkak konpontzeko trebetasunak areagotu ditzake, genero-desorekak desagerraraz ditzake, eta haurrei haurtzaroan eta ondoren, helduaroan, gatazkei aurrea hartzen laguntzeko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak eman diezazkieke”.

103 milioi neska-mutilen etorkizuna

Andrés Condek, Save the Childreneko zuzendari exekutiboak, zerbait egiteko premia azpimarratu du: “Munduko herrialderik bortitz eta ahulenetako 103 milioi haur inguru eskolatik kanpo daude. Haur gehiegiri kendu zaie hezkuntzarako eskubidea, beren eskolak suntsitu egiten dituzte gatazkek edo hondamendi klimatikoek, edo pobreziak funtsezkoena eskuratzea eragozten die”.

Save the Childrenek nazioarteko liderrei eskatzen die 2025ean hezkuntza erabat finantzatzeko larrialdi-egoeretan, Eskola Seguruen Adierazpena ezartzeko eta eskolak erasoen jomuga ez direla eta helburu militarrekin erabiltzen ez direla bermatzeko.

Condek nabarmendu duenez, krisi-testuinguruetan, hezkuntza eskubide bat ez ezik, babes-mekanismo bat ere bada: “Hezkuntzak bizitzak salbatzen ditu. Haurrak indarkeriatik, abusutik eta esplotaziotik babesten ditu, eta ingurune arriskutsuetan bizirauteko funtsezko trebetasunak eskaintzen dizkie”.

Bilbo, 2024ko urtarrilak 23

Gatazkan dauden herrialdeetan bizi diren hiru haurretatik bat ez da eskolara joaten

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude