Gasolinarik gabeko mundua
Gasolinarik gabeko mundua –
Gasolina eta diesela erabilita funtzionatzen duten ibilgailuak debekatuta izango dira Frantzian 2040 urtetik aitzin. Ez da neurri bakarra: 2022. urterako ezingo dute ikatzik erabili elektrizitatea lortzeko. Emmanuel Macronek Frantzia “nazio garbia” izan dadila nahi du 2050. urterako (ustez), eta 4.000 milioi euro inbertituko ditu energia berriztagarriak sortzeko instalazioetan.
Herbehereak eta Norbegiak antzeko helburu bat ezarri dute 2025erako, eta Alemaniak (autogintza industriako erraldoietakoa bat) diesel eta gasolina ibilgailuak baztertu nahi ditu 2030erako.
Suediarrek sekulako ekarpena egin zioten kotxeen munduari Volvorekin, eta bolbora piztu dute berriz: multinazional eskandinabiarrak ez ditu diesel eta gasolina kotxeak ekoiztuko 2019tik aurrera, soilik hibridoak edo %100ean elektrikoak direnak. Hiru auto elektriko mota kaleratuko dituzte 2019-2021 bitartean, eta errentagarritasun handiko beste bi Polestar markapean (elektrikoak hauek ere). Volvo ez da txikira jolasten ari: 2025erako motore elektrikoren bat daukan 25 milioi auto salduko dituztela aurreikusten dute.
Toyotak ere badauka zer edo zer esku artean. Auto hibrido eta elektrikoez gain, beste teknologia mota bat ari dira garatzen, hirugarren lan lerro bat zabalduz: hidrogenoarekin mugitzen diren autoak.
Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, munduan bi milioi auto elektriko zeuden iaz, horietatik herena Txinan. Errepublika asiarra sektoreko podiumaren gailurrean dago, eta AEB dauzka atzetik (bien artean mundu osoko %60a daukate). Dena den, oroitu behar da auto elektrikoen kopurua mundu osoko ibilgailuen %0,2a dela; Norbegiara mugatuz gero, ohartuko ginateke ibilgailu eredu honen portzentaia auto guztien %28,76a dela. Baina Txina ez dago lehen lerroan soilik autoei dagokienez: moto eta autobus elektriko kopuru handiena ere bertan dabil (aintzat hartu beharrekoa da ere biztanle kopurua). 200 milioi moto eta 300.000 autobus elektriko.
Agentziak honakoa dio: 2020an bederatzi eta hogei milioi auto elektriko artean izango dira munduan. 2025ean, aldiz, 40-70 milioi artean. Parisen sinatu zen ingurumen hitzarmenaren arabera, 2040ean 600 milioi izan beharko lirateke.
Gobernu subiranoen erabakia baino, badirudi autogintzako multinazionalak hasi direla petrolio gabeko etorkizunera bidean pausoak ematen, hautu propioz. Ez ekologistak direlako, noski, besterik ez genuen behar, komeni zaielako baizik. Ez besterik.
Hobe genuke ibilgailu elektrikoen inguruan ikertu eta ikerketa sustatu (Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritza…) bestela betikoa betikolez segiko dugu.
Ikusi Tesla bezalako enpresek lortu dutena. Atzetik goaz…
J.
Eta noiz egingo dituzte ibilgailu lasterketak gasolina gabe? 1 formula, rallyak, moto lasterketak…?? Horiek denak ez dira ezinbestekoak gasolina bidez egitea, ezta?
Txirrindulari probetan txirrindulariekin doazen auto eta motorrak noiz izango dira elektrikoak?
Petrolioa razionalizatu behar badugu, hortik behintzat hasi beharko lirateke, hau da, lasterketetan petrolioa erabiltzea debekatu. Beste gauza askotarakoa (hegazkinak, itsasontziak, plastikoak, fertilizanteak, herbizidak…) petrolioak ez du alternatibarik, ezta?
Lasterketetako petrolio kontsumoa handia da, baina kontsumo totalaren zati txiki bat da. Baina inpaktu sozial handikoa litzateke hor debekatzea.