Gaskoia: hain urrun eta hain hurbil
Gaskoia: hain urrun eta hain hurbil –
Amatiñok bere blogean.
Aitortu behar dut aurreko asteburuan entzun nuela, estreinako, Biarnoko gaskoiz luze samar hitz egiten. Ahurti eta Bardoze inguruan-edo, Vielhara autoz nindoala, ezustean sartu zitzaidan dialean frekuentzia ezezaguna (1), euskarazkoren (2) baten bila niharduela. Hasieran, Aran haraneko gaskoiaren itxurarik antzeman ezean, ez nuen zein hizkuntzatan ari ote zen sumatu ere egin.
Katalana bere gisara utziz, sei hizkelgi (3) bereizten ditu okzitanierak. Horietakoa, gaskoia, Akitanian zehar hedatzen dena, Aran haranetik Garona ibaiaren ezker ibarrean barrena Landetako hondartzetaraino, Euskal Herria izan ezik.
Ez naiz hizkuntzalaria, ez dakit tutik gaskoiz eta ez da belarria nire zentzumenik onena baina, hala ere, erdipurdiko kazetaritza-lizentzia kaxkarrez jantzita, ausartuko naiz esatera nik irratiz entzundako biarnesa hurbilago begitandu zitzaidala espainieratik frantsesetik baino. Areago, aranerak (4) katalanek hitz egindako gaskoia ematen duen heinean, biarnesari euskal hiztunen doinua-edo dariola. Horrez gainera, katalanez entzuten (5) aski ohiturik garenez, nago gaskoia ez ote den katalana baino lanbrotsuagoa suertatzen zerbait ulertu nahi izateko orduan.
.
Auzokide hertsiak
Dena den, Hegoaldeko euskaldunoi biarnesa OHE samarra iruditu arren, euskara eta gaskoia lirudikeen baino auzokide hertsiagoak izan dira azken mila urteotan, Iparraldean behintzat, ez baita alferrik gaskoia –nolabait esateko— euskara galdu ahala akitaniarrek bereganatu zuten latinaren egokitzapena.
Ezin gero mila urte hamar lerrotan laburbildu, baina desagun okzitanieraz burutu zela XIV. mendean Leys d`Amors gramatika eta poesia arautegia, hizkuntza erromanikoen artean aurrenik idatzia eta argitara emana. Moldatu ere hizkuntza honetan moldatu ziren okzitaniar botereen legeak eta aginduak, eta baita Aragoiko zein Nafarroako hainbat gortetako agiriak ere.
Aldi berean, okzitaniera izan zen Ingalaterrako Rikardo Lehoibihotza erregearen ama-hizkuntza (Aliénor Akitaniakoa), gaskoiz mintzatu ziren D`Artagnan eta bere hiru mosketariak (6) eta okzitainieraz idatzi zuen Mirèlha/Mirèio (7) Frédéric Mistral Nobel Sariak; gaskoiz mintzatu zitzaion Lurdako Ama Birjina Bernada Sobirós artzainari, eta gaskoia ikasi behar izan zuen Saint Mixel Garikoitz baxenafarrak Biarnoko Bétharramen predikatu ahal izateko. Alderantziz, ostera, Piarres Lafitte apaizak, gaskoiz hazia zelarik, euskaraz ikasi behar izan baitzuen Lapurdin predikuak egiteko lehenik eta, jakina, euskaltzain izatera iristeko gero.
Garai batean anitz jende gaskoi bizi izan zen Baionan (hiru mendez bertako hizkuntza ofiziala izan zen gaskoia, euskara ez bezala)), Angelun eta Biarritzen. Baita Donostian eta Iruñean ere. Gaskoiak dira Miramon, Monpas, Morlans, Urgull eta Polloe izenak Donostian; gaskoiak, Lapurdiko Lafitte, Labaddie, Carrere, Capdeville eta Casenave abizenak. Gaskoiak, Nafarroako Pegenaute, Samper, Claveria edo Maisonnave gisakoak; eta beste horrenbeste Aragoin bertakotzat dituzten Belloc, Mur, Berge, Castán eta gehiago.
Gaur egun, Franck Dolosor euskal kazetari ezaguna da Gaskoi Akademiaren kideetakoa. Eta badu honetaz guztiaz zer kontatu.
.
2) Gure Irratia, Irulegi eta Xiberoko Botza, kasu.
3) Lemosinera, lengadocera, auverniera, vivaroalpinera, provencera eta gaskoia (aranera eta biarnesa barne)
4) %90k Aran haraneko biztanleen artean, %90ek gaskoia ulertzen omen du, %60k hitz egin eta %30k erabili. Beste inon ez bezala, gaskoia hizkuntza ofiziala da Aranen.
5) Aran haranean bertan, katalanezko irratiak erabat gailenak eta nonahikoak dira. Gaskoiz, berriz, ozta-ozta Eth maitin d´Aran, ordubeteko albiste-programa baino ez.
6) Athos, Porthos eta Aramis. Deiturak ere biarnotarrak dira, bete-betean.
7) Nikolas Ormaetxea “Orixe”k euskaratu zuen 1930 urtean.