Garapenaren helburuak eta inbertitzaileen helburuak
Garapenaren helburuak eta inbertitzaileen helburuak –
- Argi dirudi, garapen ekonomikoaren helburuak aztertzen ditugunean, kasu bakoitzean aztertzen ari garen lurraldeko herritarren interes orokorren ikuspegitik definitu beharko genituzkeela.
- Baina politika ekonomikoen benetako helburuek, interes orokorrak kontuan hartzeaz gainera, kontuan hartu ohi dituzte, bereziki, inbertitzaileen interesak ere. Are gehiago; kasu batzuetan, badirudi inbertitzaileen interes horiek direla benetan ekonomiaren xede nagusia.
- Inbertitzaileen interesen aldeko desitxuratze hori oinarrizko adierazle makroekonomikoen definizioan ere islatzen da. Horri dagokionez, BPGdaren igoerak ekonomiaren oinarrizko helburu gisa duen berezko lekua aztertu ahal dugu.
- Badakigu, herritarren ikuspegitik, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitateak abantaila garrantzitsuak dituela BPGda ekonomiaren oinarrizko helburutzat jotzearekin alderatuta. Erraz plantea daiteke BPGda igotzeko oinarrizko helburuaren ordez orduko produktibitatea jartzea. Anbizio inperialak edo geopolitikoak dituzten herrialdeetan izan ezik, jakina.
- Hala ere, orduko produktibitatea, helburu gisa, oso gutxitan erabiltzen da adierazle gisa, arlo akademikoan ez bada. Eta hala da, produktibitatea areagotzea herritarren oinarrizko helburua bada ere, areagotze horrek balio eskasa duelako inbertitzaileentzat, aldi berean ekonomiaren eskaera bateratuaren igoera ez badakar.
Inbertitzaileek ekonomiaren barruan ondasun eta zerbitzu gehiago erostea nahi dute, hala gora egiten baitute haien salmentak eta haien emaitzek.
- Horrek azaltzen du, halaber, zergatik egiten dituen ekonomiak hain ahalegin gutxi produkzio errealaren edo materialaren neurketan aurrera egiteko, diruzko edo merkatuko produkzioarekin alderatuta.
- Zientzia ekonomikoaren funtsezko erronka bat da jarduera ekonomikoa benetan neurtzeko duen ezintasuna. Zehazkiago: merkataritzakoa ez den jarduera ekonomikoa neurtzeko ezintasuna. Hau da merkatuan saltzen edo erosten ez diren ondasunak eta zerbitzuak produzitzeko jarduera neurtzeko, nahiz eta gizarterako oso garrantzitsuak izan (autokontsumoa, ordainik gabeko etxeko lana…). Aldi berean, saltzen eta erosten diren ondasun eta zerbitzuen kasuan, ekonomiak merkatuan duten prezioagatik baino ez ditu baloratzen, eta inguruabar horrek etengabeko desitxuratzeak eragiten ditu produkzio materialaren eta diruzko edo merkatuko produkzioaren artean.
- Harrigarria da funtsezko adierazle makroekonomikoen desitxuratze larri horiek gainditzeko ia ahaleginik ez egitea. Kasu honetan ere, erosten eta saltzen ez diren produktuek eta zerbitzuek ez dute baliorik inbertitzaileentzat. Eta erosten eta saltzen direnek ez dute balioa beren eginkizun sozialagatik, erosteko eta saltzeko prezioek inbertsioetarako dakarten errentagarritasunagatik baizik. Hortaz, ez da arraroa zientzia ekonomikoak ia erreakziorik ez izatea adierazle makroekonomikoen hain funtsezkoak diren egiturazko arazoen aurrean.
PDF: drive.google.com/file/betPGJ9R/view
Garapenaren helburuak eta inbertitzaileen helburuak