Garapen jasangarria ebidentzia gisa
Garapen jasangarria ebidentzia gisa –
GARAPEN JASANGARRIA EBIDENTZIA GISA
- Gaiaren muina aztertuta, esan dezakegu, benetan, «garapen jasangarria» kontzeptua inplizituki sartua dagoela «garapen ekonomikoa» kontzeptuaren beraren barruan.
- Hori argia dirudi kontuan hartzen badugu garapen jasangarriaren jatorrizko bertsioa, zeinaren oinarria baitzen oraingo hazkundeak etorkizuneko hazkundea konprometitzen duela eragoztea. Baina garapen jasangarriaren oraingo kontzeptuan oinarritzen bagara ere gertatzen da. Izan ere, hazkunde ekonomikoari lotutako helburuez gainera, gizartearekin eta ingurumenarekin lotutako helburuak kontuan hartzeko eskatzen digu.
- Hala da; ekonomiaren helburua –edo, nahiago bada, garapen ekonomikoaren helburua– ez da inoiz izan hazkunde ekonomikoa lortzea kosta ahala kosta, nahiz eta hala interpretatu garapen jasangarriaren teoriek.
- Ekonomiaren kudeaketak beti izan ditu oinarri biztanleen interesekin lotutako helburuak edo jardun politikoan eragina duten interes-taldeen interesekin lotutakoak. Hazkundea, berez, ez da inoiz izan politika ekonomikoen azken helburua.
- Egia da, garapen-bidean dauden ekonomietan, bizi-baldintzak hobetzeko interes orokorrek lotura estua dutela hazkunde ekonomikoarekin. Baina helburu horren interpretazioa ez da inoiz eraman muturrera. Garapen-bidean dauden herrialdeek beti hartzen dituzte kontuan beste helburu sozial batzuk. Horren adibide argia da laneko denboraren iraupena. Lanaldia murriztea edo mantentzea beti izan da politika ekonomikoen helburu bat industria-iraultza hasi zenetik aurrera.
- Horrek esan nahi du orain garapen jasangarriko helburutzat jotzen direnak beti egon direla inplizituki sartuta garapen ekonomikoaren kontzeptuan. Kontzeptu hori beti izan da hazkunde hutsa baino zabalagoa eta pluralagoa.
- Jarduera ekonomikoaren eta zientzia ekonomikoaren ikuspegitik, hausnarketa hau oso lotuta dago ekonomiaren eta ondasun eta zerbitzuen produkzioaren artean dagoen nahastearekin. Ondasunak eta zerbitzuak produzitzea ez da ekonomiaren xedea, haren berezko tresna baizik. Jarduera eta zientzia ekonomikoaren ezaugarria da ondasunen eta zerbitzuen produkzioa gizarte-ongizatea lortzeko tresna gisa erabiltzen edo aztertzen dutela. Produkzioa kosta ahala kosta maximizatzea ez da inoiz izan, benetan, ekonomiaren helburua, ezta, jakina, garapen ekonomikoaren helburua ere.
EKAI Center-en GARAPEN EKONOMIKOAri buruzko egitasmo hau, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatzen ari da. Mila esker zure arretagatik. Jarraitu gurekin.
PDF: drive.google.com/file/0f400Ddy/view
Batzuen ikuspegitik hazkundea ez dela ekonomiaren xedea????
Orduan zergatik da hain ohikoa ekonomiaren “osasuna” BPGaren bidez neurtzea? Zergatik ematen dira banketxeen, energia enpresen, saltoki handien… emaitzen berri hazkundean oinarrituta?
Zergatik “erosi arazten” dizkigute BEHAR EZ ditugun produktuak, denbora gutxira hoiek bota eta behar ez ditugun beste batzuk erosiarazteko?
e.a…