Garapen jasangarria, alferrikako kontzeptua
Garapen jasangarria, alferrikako kontzeptua –
1. Gaiaren muina aztertuta, esan dezakegu, benetan, garapen jasangarria inplizituki sartuta dagoela garapenaren edo garapen ekonomikoaren kontzeptuaren barruan, eta, ildo horretan, alferrikako kontzeptua izan daitekeela.
2. Hori gertatzen da, jakina, kontuan hartzen badugu garapen jasangarriaren jatorrizko bertsioa, zeinaren oinarria baitzen oraingo hazkundeak etorkizuneko hazkundea konprometitzen duela eragoztea. Baina garapen jasangarriaren oraingo kontzeptuan oinarritzen bagara ere gertatzen da. Izan ere, hazkunde ekonomikoari lotutako helburuez gainera, gizartearekin eta ingurumenarekin lotutako helburuak kontuan hartzeko eskatzen digu.
3. Hala da; ekonomiaren helburua –edo, nahiago bada, garapen ekonomikoaren helburua– ez da inoiz izan hazkunde ekonomikoa lortzea kosta ahala kosta, nahiz eta hala interpretatu «garapen jasangarria» kontzeptuaren sustatzaileek.
4. Ekonomiaren kudeaketak beti izan ditu oinarri biztanleen interesekin lotutako helburuak edo jardun politikoa kontrolatzen duten interes-taldeen interesekin lotutakoak. Hazkundea, berez, ez da inoiz izan politika ekonomikoen azken helburua.
5. Egia da, garapen-bidean dauden ekonomietan, bizi-baldintzak hobetzeko interes orokorrek lotura estua dutela hazkunde ekonomikoarekin. Baina garapenaren eta hazkundearen arteko identifikazio hori ez da inoiz eraman muturrera. Garapen-bidean dauden herrialdeek beti hartzen dituzte kontuan helburu sozialak. Horren adibide argia da laneko denboraren iraupena.
Lanaldia murriztea edo mantentzea beti izan da politika ekonomikoen helburua, nahiz eta argi eta garbi egon hazkunde ekonomikoaren kontra.
6. Horrek esan nahi du orain garapen jasangarriko helburutzat jotzen direnak beti egon direla inplizituki sartuta garapen ekonomikoaren kontzeptuan, zeina beti izan baita hazkunde hutsa baino zabalagoa eta pluralagoa.
7. Jarduera ekonomikoaren eta zientzia ekonomikoaren ikuspegitik, hausnarketa hau oso lotuta dago ekonomiaren eta ondasun eta zerbitzuen produkzioaren artean dagoen nahastearekin. Ondasunak eta zerbitzuak produzitzea ez da ekonomiaren xedea, haren tresna bereizgarria baizik. Jarduera eta zientzia ekonomikoen ezaugarria da ondasunen eta zerbitzuen produkzioa gizarte-ongizatea lortzeko tresna gisa erabiltzen edo aztertzen dutela; ez da xede bat berez. Produkzioa kosta ahala kosta maximizatzea ez da inoiz izan, benetan, ekonomiaren helburua.
8. Hala ere, garapen jasangarria alferrikako kontzeptua bada ere, garrantzitsua da haren ondorio praktikoak kontuan hartzea. Enpresen eta erakunde publikoen politika eta estrategietan kontzeptu hau gehiegi errepikatzeak neurririk gabe erabilitako terminoek izan ohi duten higadura eta ospe-galtzea sortu du, alde batetik. Beste alde batetik, baliteke tresna praktiko eraginkorra izatea garapenaren eta hazkundearen artean dagoen ezberdintasuna nabarmentzeko.
EKAI Center-en GARAPEN EKONOMIKOAri buruzko egitasmo hau, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatzen ari da. Mila esker zure arretagatik. Jarraitu gurekin.
PDF: https://drive.google.com/file/2i9BkwyX/view
Garapen jasangarria, alferrikako kontzeptua