Garagardo baten bueltan
Garagardoaren goi bilera” izendatu dute hainbatek atzo Etxe Zurian jazotako topaketa. Henri Gates, Hardvardeko irakaslea eta hura atxilotu zuen James Crowley izan ziren ekitaldiko protagonistak. Iragan uztailaren 16an bigarrenak irakaslea atxilotu zuen bere etxera sartzen saiatzen ari zela. Txinan dokumental bat grabatzen aritu ostean etxera itzuli eta atea ireki ezin zuenez indarrez saiatu zen Gates. Bizilagun batek susmo txarra hartu eta poliziari deitu zion. Crowleyk identifikatzeko eskatu zion eta laster bien arteko liskarra hasi zen. Arrazista izatea egotzi zion irakasleak poliziari eta honek atxilotu egin zuen, ordena publikoa nahasteagatik.
Besterik gabe igaro zitekeen ahanzturara gertaera arrunt hori. Obama tartean sartu izan ez balitz, noski. EEBBtako presidenteak sarjentuari “ergelki” jokatu izana leporatu zion. Eta minutu gutxitan arrazakeriaren eztabaida EEBB osoan ez ezik mundu osoan zabaldu zen. Bere hitzen eragina ikusita bi egun beranduago egoera baretzen saiatu zen eta liskarrean parte hartu zuten biak garagardo bat hartzera gonbidatu zituen. Esan eta egin.
Zerbezaren magiaz jabetuta nintzen aspalditik, baina ez nuen uste Estatu arazoak konpondu zitezkeenik era horretan. Hanka sartzen duenero, arazoa garagardoz mozkortzea ote da Obamaren estrategia? Diplomaziaren bide berriak ote?
Kubako herritar guztiak, edo Irangoak gonbidatu ditzake “arazoak” konpontzeko. Ez, zerbezak ez du miraririk egiten. Atzokoa anekdota hutsa da, arrazakeriaren afera konpontzen lagundu ez duen anekdota. Bai ordea titularrak betetzeko balio duena eta garrantzitsuena dena, “inkestetan” presidentearen ospea ez jaisteko balio duena.