Galdutako ahotsak, ondare materialaren garrantzia
Galdutako ahotsak, ondare materialaren garrantzia –
Duela hilabete bukatu zen Erorien Haranaren zigor destakamentuetan abian jarritako indusketa. CSIC Institutuko Afredo González Ruibal arkeologoaren gidaritzapean bost astez hamahiru estruktura induskatu zituzten, fokoa, Francoren mausoleoa eraikitzeko preso horien bizitzan jarriz. Proiektu honek haranaren totalitarismoaren topografia zabala eskaintzeko balio izan du.
Jarraian, Cuelgamuros-en aurkitutakoaren sintesi labur bat egingo dugu, Afredo González Ruibal arkeologoak berak sareetan publiko egin duenarekin. Dakigunez, historia frankistak mila bider errepikatu duenez, mausoleoa eraikitzeko langile libre eta preso boluntarioak erabili ziren, azken hauek gainera, preso baziren ere, oso bizi-baldintza duinekin lan egin zuten. Hau harrigarria bada ere, nahiko zabaldua dagoen ikuspegia izaten jarraitzen du. Horregatik behar dugu arkeologia. Izan ere, ahaztuetatik ahaztuenak zirenak haranaren eta ur-fekalen azpialdean bizi eta mausoleora iristeko zubibide eta karretera egin zuten horien bizitokiak induskatu dituzte. Banús destakamentua hain zuzen, Cuelgamuroseko gogorrena.
Zonalde honen estatusa zalantzazkoa zela uste dute adituek, existitzen baitziren baina ofizialki existituko ez balira jokatzen zelako: ez dira “etxebizitza” hauen eraikuntza planoak, datu edo bestelakoak aurkitu. Eta ez dira hauek existitzen direnik ere uste. Argazkietan ere ez dira agertzen eta airez ateratakoetan kamuflatu egiten dira, txabola hauen teilatua basoko adarrez eta bestelako materia organikoz estalia zegoelako.
Cuelgamurosen aurkitutakoak zuritu nahi den historiaren errebisionismo horrekin egiten du talka: presoak ez baitziren txaletetan bizi, ez zuten langile libreek bezala kobratzen eta haien boluntariotza ere zalantzagarria da. Irudietan agertzen diren tankera honetako 80 etxebizitza induskatu dituzte.
Horregatik, sistematizazio bati buruz hitz egitera ausartu gaitezke. Txabola guztiak barrutik desberdinak baziren ere, haien txikitasuna eta baldintzak irizpide antzeko batzuen araberakoak zirelako. Harrizko lurrak, paretak eta oheak ere zituzten, XX. mendean Espainian Harriaren Arora itzultzera kondenatutako preso eta haien familiak zeuden.
Adibide esanguratsuenetakoen artean hau dugu: indusketetan aurkitu duten txabola txikiena 2.9m2-koa da, bi arrokaren arteko tarte huts bat.
Horrenbestez, arkeologia funtsezkoa da Erregimenaren diskurtso ofiziala gainditzeko, eta horrekin, iturri idatzietako gabeziak eta hutsuneak ondare materialarekin berreskuratzeko. Bizi baldintza penagarri hauetan aurkitutako objektuetatik pertsonen duintasuna erreskatatu dute, txabola nimiño hauek etxe eta bizitoki bihurtu zituztelako. Isildutako ahotsei garrasi egiteko airea ematea egiari eta justiziari men egitea da, historia memoriaren erreparaziorako erabiltzea, hain zuzen.