Galduta edo norabiderik gabe?
Galduta edo norabiderik gabe? –
Mario Draghiren Lehiakortasunaren etorkizuna Europan txostena ez da irakurketa arina, inondik ere, baina merezi du ahaleginak. Irakurri ditudan analisi gehienak txosten hori kontinente zaharreko enpresentzako bide-orri dela esanez hasten dira eta hortik, bertan jasota dauden gomendioak xehetu egiten dituzte, egoki eta bideragarri ote diren aztertuta.
Argitaratu eta berehala zabaldu da han-hemenka aldeko eta kontrakoen arrabotsa, eta ulergarria da: zintzoa izate aldera, askori kosta egiten zaigu proposatutako neurrien zuzentasunaz iritzi izate hutsa.
Nik ez dakit erabat asmatu ote duen Draghik inbertsio publiko eta pribatua urtean 800.000 milioi eurotan handitu behar dela esan duenean. Ez dakit hori asko, gutxi edo nahikoa den, eta ez dakit nola banatzen den inbertsioa emendatzeko ahalegina, herrialdez herrialde, edo eskualdez eskualde. Edonola ere, eskertzekoa iruditu zait kopuru batekin busti izana, eta bereziki poztu nau ikusteak Europan gerraostetik inoiz ikusi ez den zifrarik altuena proposatzen ausartu izanak.
Bide beretik, ez dakit zein diren Europak lehenetsi beharko lituzkeen berrikuntza-espezializazioak, baina Draghik proposatu duen bezala, Europa lehiakorra izango bada, berrikuntzaren aldeko apustu irmoagoa ezinbestekoa dela uste dut. Are gehiago, hil ala bizikoa iruditzen zait lehiakortasun globalaren joko-zelaian lekutxo bat behintzat irabazi ahal izateko. Bioteknologia, adimen artifiziala eta teknologia berdeak proposatu ditu Draghik, eta besteren batzuk izan daitezkeela esanda ere, ikerketa eta garapena sustatzeko arlo estrategikoak definitzen busti egin beharko dugula argi dago.
Jarraibide argiak behar ditugu lehiakortasunaren bidean aurrera egiteko. Baina ez litzateke bidezkoa izango jarraibide horien egokitasuna bere horretan epaitzea kontuan hartu gabe pilota erabaki estrategikoen arloan jokatu behar dela aurretik. Ibilbidearen nondik norakoa finkatu baino lehen, erdietsi nahi dugun helmuga adostu behar du Europak. Berriro galdetu behar diogu gure buruari zer izan nahi dugun, Historian lehen aldiz hazkunde, berrikuntza eta ongizatearen munduko mapan Europa ez baitago erdigunean.
Historian lehen aldiz etorkizunean Europako hazkunde ekonomikoa ezin izango da populazioaren beraren hazkundearen menpe utzi: hurrengo hamarkadan, Europak lehen aldiz populazioa galduko du —2 milioi langile inguru, aurreikuspenen arabera— eta beraz, gutxiagorekin gehiago egiten asmatu beharko dugu. Europak produktiboagoa izatea lortzen ez badu, aukeratu egin beharko dugu: ezin izango gara, aldi berean, teknologia berrietan liderra, klima-erantzukizuneko itsasargia eta munduko eszenako aktore independentea izan. Aukera egin beharko dugu, bereizgarritzat dugun gizarte-eredua finantzatzeko, eta gure anbizioei eutsi ahal izateko.
Ñabardura kontua izan daiteke, baina esango nuke ez dela gauza bera galduta egotea eta norabiderik gabe ibiltzea, eta ez zait batere argi garatzen zein egoeratan dagoen Europa (ez zein egoeratan gauden gu). Alizia Lurralde Miresgarrian ezagutu zuen Cheshireko Katuak zioen bezala, “Nora iritsi nahi duzun ez badakizu, edozein bidek bali izango dizu”.