Gabatxolandiatik
Gabatxolandiatik –
Duela hogeita hamar urte, Euskal Herriko karriketan mobilizazioak azkarrean zirela, izengoiti gutxiesgarria jartzen genien frantsesei: gabatxoak. Frantzia euskal militanteen etsaia zen eta, gure ustez, euskaldunak herri zahar, bizi eta borrokalaria izanik, estatu inperialista horren biztanleak jende erreakzionario eta lokartuak ziren.
…
Gurean iraultzara daramaten iniziatibetan bare gabiltzan sasoi honetan, joan den urtarriletik, erretreten erreforma dela eta, frantziar herritar ezkertiarrak berriz ari dira protestan, astero, egunero. Herri txiki eta hiri handietan, lantokietan, errepideetan manifestaldiak, grebak, blokatzeak antolatuz. Mugimendu sozial anitza berpiztu da, desobedientzian mota askotako ekin-moldeak erabiliz. Azkena, lapikokadak, gobernuko kide bat nonbaitera bisitara doan bakoitzean herriaren haserrearekin bukatu ez dutela oroitarazteko.
Emmanuel Macronek eta bere ministroek ukondoz ukondo jarri dituzte sindikalistak, ikasleak, jaka-hori izandakoak, ezker muturra, ekologistak, alderdi politiko zenbait eta beste motako jendeak. Indarrez jarri erreforma esanguratsua kentzeko, lehendakariak, bere metodo eta deklarazio autoritarioekin, hasieran lotsati zirudien dinamikari behin eta berriz eman dio hauspoa. Iritzi inkestek Macronen onarpena peko errekan jotzen dutela, bere sistemaren alde zakarrenak daude agerian. Erregea bakarrik dago, zauriturik, parlamentuan ere, oraingoz, oposizio zabala soportatu beharrez. Defendatzeko promesa antzuak, mespretxua eta polizia besterik ez zaizkio geratzen, gauzak lasaituko diren esperantzan. Krisia aipu da eskuinetik ezkerrera, eta ezkorrenen ahotan, eskuin muturrera gero eta gehiago lerratzen ari den exekutiboa.
Erretreten erreformaren kontra kaleratzen direnek, gutxiago eta hobe lan egitearen aldarrikapenak azalarazteaz gain, Frantziar bosgarren errepublikaren ibilmoldeari egin nahi diote aurre, legalki bada ere elite batek inposizioz eta bere pribilegiorako gehiengo zabalari baldintza larriagoak jarri nahi izanari. Erretretaren defizita pagatzeko dirua egon badago, besteak beste hautetsien adiskide diren enpresari erraldoien poltsikoetan. Arlo sozialarekin batera, lurraren aldeko mugimenduak antzeko irakurketa eta bultzada ari ditu hartzen. Apirilean Sainte-Soline herrixkan ur erreserben kontra gertatu asteburu gogorrak, eta ondotik barne ministroak Soulèvements de la terre –Lurraren Altxamenduak– koordinazioa zigortu nahi izanak bazterrak mugitu dituzte, ingurune ekologista inarrosi. Hor ere, sektore desberdinetako militanteek eta biztanleek zubiak eraiki dituzte, boteretsuen asmoen oztopatzeko azken hauek dauden guneetara joan behar dela erabakiz. Praktikan, konfluentziak eta talka.
Erretreten erreformaren kontra kaleratzen direnek, gutxiago eta hobe lan egitearen aldarrikapenak azalarazteaz gain, Frantziar bosgarren errepublikaren ibilmoldeari egin nahi diote aurre, legalki bada ere elite batek inposizioz eta bere pribilegiorako, gehiengo zabalari baldintza larriagoak jarri nahi izanari
Aurkari guziak temati daude eta gaurko egunez, panorama honetatik gaztainak nork aterako dituen iragartzea fikzioa da. Halako lurrikarek eragiten dituzten erreakzioen artean, bortizkeriaren erabilpenaren eztabaidak bestelako tankera hartu du. Ohituraz indar armatu legalei onarpen gehiago eta kale borrokalariei gutxiago ematen bazaie, paradigma aldaketa zerbait ageri da jendartean eta prentsa iritzi batzuetan, bereziki manifestaldietan parte hartzen dutenen artean. Biolentzia lehenik eta behin gobernuari egozten zaio, eta aurkarien erantzuna, lehenaren bizkar. Horrek ez die istiluak bai ala bai bultzatu nahi dituztenei argi berde osorik ematen. Taktika horretan, Sainte-Solinen izandako manifestari zauritu andanak indarra noren esku dagoen argi utzi du, eta irabazteko, dibertsitatea ezinbestekoa dela atzeman dute askok. Toulouse-Castres autobide proiektuaren aurka berrikitan antolatu deialdiak ekarri du adibidea, hitzordu zabala eta irudimentsua, barne ministroak harrikadak espero zituela baratze landaketak izan direlarik erresistentziaren ikur.
Macroni lau urte geratzen zaizkio jauregian eta behingoz, hainbeste egur jaso ondoren, bere politikaren kontra egonkortzen ari diren mugidek esperantza dakarte bihotzean, erreformak erreforma erregea botatzeko edo bederen bere planen zapuzteko gaitasuna dagoela konbentziturik. Ez da 68ko Maiatza, grebalarien kopurua askoz murritzagoa izanik, baina gazteek sekuentzia hau halaxe bizi dute, eta adinekoek udaberri aire gisa. Frantzian liberalismoari traba egiten bazaio, Europan ere aztarnak utziko dituela sinetsita, iraganean gertatu bezala. Beste behin, gabatxoek ematen digute lezioa.
Neronek ez dut sekula ere gabacho hitz itsusia erabili, espainolek bai ordea. Horrek ez Dakar inolako miresmenik frantziar populuari. Irakurri dut testu bat topiko gezurtiz betea, eta ez dut sinesten. Frantzia herrialde txovinista erabatekoa dugu, faxismoarekin jolasean askotan ibili dena, frantsesa ez dena mezpretxatu egiten duena, genozida, hemen, Polinesian eta edozein tokitan, berez inperio mentalitatea dute, eta guri ez dute zer irakatsi, zer ez ahaztu, Frantziako errepublika eder horretan euskaldun zenbait bizi dira, hipernazionalista frantziarren ondoan, eta ezkerrekoak nazionalisten al.