Frantzia: uste baino krisi larriagoa

Frantzia: uste baino krisi larriagoa –

Frantziako V. errepublika 1958an sortu zen. Erregimen parlamentariotik presidentzialistara iraganaz, IV. errepublika (1945-1958) erregimeneko egonkortasun ezarekin amaitu nahi zuen De Gaulle presidenteak. Aljeriako gerlako denborak ziren, torturak, gerla zikina, deskolonizazio dramatikoa, ejerzitoaren parte batek putsch bat egiteko gogoa izango zuelarik handik laster. Eskuin muturrak atentatuak burutzen zituen.

Orduko kritikei eta kazetarien galderei horrela erantzun zien De Gaulle jeneralak, Frantziako Liberazioaren heroiak: «Nola nahi duzue 67 urteekin diktadore baten karrera has dezadan?».

Konstituzio berriari Presidentea hautatzeko zuzeneko sufragioa 1962an gehitu zitzaion, parlamentua bigarren planora pasaraziz, geroak frogatu beharko zuen ez zela diktadore bat. 1968ko maiatzari ihardesteko neurri sozialak eta gizartezkoak hartuko zituenaren gobernuak eta gehiago: 1969an boterea utziko zuen deszentralizazioari buruzko erreferenduma galdu ostean. Zer ikustekorik egungo egoerarekin?

12 urte geroago François Mitterrand, de Gaulleren arerio sozialista zorrotzak V. errepublikako «Estatu kolpe permanentea» deitzen zuenarekin ederki konformatu zen 1981ko hauteskundeak irabaziz gero. Alternantziez gain gertatu zen ere presidentea sozialista izanik eskuineko gobernua izatea 1986an eta 1993an. Eta presidentea eskuindarrarekin ezkerreko gobernua 1997an. «Kohabitazioa» zeritzana. Eskuin errepublikarraren denborak. Bozketen emaitzak errespetatzen ziren denborak. Gaur egun? Eskuin, ezker, eskuin, ezker… hori zen Frantziako bals politikoa. Bipolarizazioa alegia.

Sistema elektoral berezia

Bipolarizazioa, 577 hautes barrutitan bi itzuliko bozketa maioritarioak eragin zuen. Lehen bueltan irabazteko gehiengo absolutua erdietsi behar da, zaila. Bigarrenean presente izateko hauteslegoaren %12,5 behar da ala lehengo bi hautagai izan. Sistema ezabatzailea proportzionala ez bezala.

Sistema ibilki zen 1958tik 2022 arte. Urte hartan Macronek gehiengo erlatibo oso eskasa izan zuen. Eskuinarekin konpromiso batzuk eginik eta batez ere Konstituzioko 49.3 artikulua erabiliz presidenteak nahi politika aurrera eraman zuen gobernuak (aipatu artikuluak parlamentuan bozkatzerik gabe erreforma pasaraztea permititzen du. Finantzazioa edo Gizarte Segurantza lege proiektu bat ezik, sesio parlamentario batean aldi batez bazik ezin da erabili. Zentsura mozioa aurkeztu dezake oposizioak. Onartua bada, gobernua erauzten da. Baina ezkerrak, eskuinak eta eskuin muturrekoak ez dira sekulan adostu). Kudeaketa horrek Frantziar askoren haserrea eta egonezina areagotu zituen, izan eskuin, eskuin-eskuin ala ezkerreko. Macronekilako arbuioa erabatekoa bilakatu zen. Non eta hauteskunde europarrak krisiaren adierazle izan ziren.

2024eko hauteskundeak, zer nolako belarrondokoak!

Hauteskunde europarreko kanpainan Europa bera apenas aipatu zen. Bazirudien hauteskunde presidentzialaren errepikapena zela. Macron presidentearen aurka bozkatzeko aukera. Eta hala izan zen. Boto-emaileen erdia baino pixkat gehiagok parte hartu zuen eta Macronen zerrendak % 14,60 erdietsi zuen. Bigarrena baina, RN, Rassemblement national delakoak botuen %31,37 lorturik… Lehen belarrondokoa.

Gau elektoralean emaitzak jakin eta ordu baten buruan Emmanuel Macron presidenteak biltzar nazionala desegiten zuela adierazi zuen. Jordan Bardella RNeko zerrenda buruak eskatzen zuenari «men eginez»! Alderdi guziak bulkatu zituen. Ulergaitza, «midterms» antzeko bozak bait dira Europarrak, poderean dagoen alderdiak galtzen ohi dituenak, zainen libre aldia izanik. Beraz zergatik arrisku hau hartu? Frantziarrak zigortu nahi izan zituela aipatu da ez uste galanta izan bide zitzaionez. Macron Frantziarrek azken ez egon kortasunaren hautua eginen zutelakoan zegoen, RN eta ezkerra baztertuz, hauteskunde orokorrak «asunto serioa» zelako. Baina «Erlojuen maisutzat» bere burua jotzen duen presidenteak mekanismoaren jabetasuna galdu zuen berriro.

Joko olinpikoak baino lehen egin behar ziren hauteskundeak. Inoiz izan zen kanpaina laburrena. Egoera larriari aurre egiteko ezkerra antolatu zen azkar. Hauteskunde europarren denborako irainak, zatiketak, desadostasun sakonak alboratu zituzten, guztieneko programa idatzi, Frente Popular Berria (FPB) sortu, hautagai bateratuak eskainiz.

Iparraldean LFI (Frantzia intsumitua), PS, PC eta Berdeez gain EH Bai FPBen sartu zen. Lehen aldiz. Pirinio atlantiarren IV. hautesbarrutian (Biarno garaia, Zuberoa, Baxenafarroa eta Lapurdiko Hazparneko herria) Iñaki Echaniz kargutan zen diputatu sozialista berriz aurkeztu zen, ordezkoa. Garaziko sindikalista euskaltzale den Cécile Senderainekin. V. Haustes barrutian (Baiona-Angelu-Aturri aldea), Colette Capdevielle sozialista, Alain Iriart Hiriburuko auzapez EH-Baiko ordezkoarekin. VI. hautesbarrutian (Miarritze-Hendaia-Urdazuri aldea), Peio Dufau EH-Baikoa, Mugaz gaindiko egitasmoen kudeatzaile den Marie Héguy ordezkoarekin.

Iparraldean zein Frantzian, dinamika bat sortuko ote zen? RNeko garapen aurreikusia gelditzeko gai izango ote zen?

Hauteskunde orokorreko lehen itzulian berriz ere RN lehena: %33,35. «Etxeko lehian» lehen aldikotz, Europar bozketen emaitzari eutsiz! Bigarrena FPB, %28,28 eta hirugarrena, Ensemble (Elkarrekin, Macronisten koalizioa), %21,79. Bigarren belarrondokoa. Eskuina kasik jokotik kanpo (%7,25).

Frantzia: uste baino krisi larriagoaHau ikusita, eskuin muturrekoen programaz, adierazpenez eta arriskuez ohartuta kontzientzia hartzea izan zen: manifestaldiak, mitinak… Hesi baten eraikitzeko esperantza. Bigarren itzulirako hirugarren sailkatu zen ezker zein eskuineko hautagai andana bat erretiratu zen RNek irabazteko aukera gutxiago izan zezan. Hala izan zen Pirinio atlantiarretako V. Hautesbarrutian. Karguan zen diputatu zentrista hirugarrena izan da, amore eman zuen RNeko hautagaia bigarrena izanik, PS-EH Bai txartelak gal ez zezan. «Frente errepublikarra» deitzen zaiona batzuetan kostata baina berriz ibili zen. Horrela nahiz Frantzia mailan boto gehien lortu, hautesbarrutika FPBek (182) eta Macronistek (168) baino diputatu gutxiago lortu zuen RNek (143).

Eta orain zer?

Uztailaren 7an zerbait salbatu zen. Inork aurreikusi ez zuen oldartzeari esker (Iparraldeko hiru diputatuak FPBkoak, hauen artean EH-Baiko bat lehen aldikotz, batasunari esker). Baina Lege biltzarrean hiru bloke badaude. Elkarrekin lanean ezin ari. Gehiengorik ez.

Abuztuaren bukaera honetan oraindik ere gobernu berririk ez. Normalki ezkerreko lehen ministroa izendatu behar zuen Macronek, lehen indar politikoa izanik. Baina jardueran dagoen aurreko gobernua mantentzen du, bi hilabete iraganik! Krisia sakontzen da. Sartzean grebak eta manifestazioak iragartzen dira. Macronek egoeraren okertzearen aldeko apustua egin du, ezer gertatu ez balitz bezala. Alta Frantziarren mezua entzun zuela erran zuen ekainaren 9an. Gauza bera adierazi zuelarik 2017ko bere lehen hauteskundea irabazirik, ezkertiarren laguntzaz jadanik Marine Le Pen – RNen kontra. 2022an, berriro. Txaleko horien denboran bezala ere. Zinismoa eta mespretxua salatzen dizkiote sekulan baino gehiago Frantziar gehienek (%74). Eta hori guztiak RNeko alde jotzen du. Urte bat gelditzen da beste diszoluzio bat egiteko aukera izateko irauten badu impasseak. Ala dimisioa aurkeztuko al du Macronek? Marine Le Pen zelatan dago.

V. errepublikako logikak ez du gehiago funtzionatzen. Beste bat inposatu da, RN panorama politikoan errotuta. «Eskuina eta ezkerra izan ditugu. Zer egin dute urte luze hauetan? RN entsea dezagun» entzuten da. «RN bai, populuaren alde, establishment-aren aurka, Frantzia lehenesten duen indar bakarra.» 60-70ko hamarkadetako Frantziako handitasunaren nostalgia, 3. edo 4. potentzia ekonomikoa zenekoa, arma nuklearra duen herri bakanetakoa, enplegu betetasunaren denborakoa. Gaur egun Europak eta mundializazioak jan eta asimilatua.

Eta etorkinak! «Ordezkatze handiaren egileak», «Gure ogia jaten dutenak», «Sekuritate-ezaren eragileak». Arrazismo konplexuetatik erabat libratua. Azken bi hamarkadetan eskuinak eta neurri batean ere PSeko eskuineko adarrak eraman politikek eta izaniko diskurtsoek lagundurik. Eskuin muturrekoen atzetikako korrika hutsala.

Sarkozyk (eskuina) eta Hollandek (PS) egindako politika liberalek RNeko ohea egin dute. Macronenek are gehiago. 1945eko sekulako erreformak arlo sozialean, ekonomikoan, nazionalizazioak, emakumeen bozkatzeko ezkubidea, Erresistentziaren batzorde nazionalak gauzatu zituen. Gaullistek, sozialistek, komunistek, demokristauek bat eginda. Itun politiko-sozial horri bizkar emanaz, horren izpiritua zapuztuz zer utzi dute? Gizartearen anitz sektoretan desesperazioa, eta RN salbazioa izan daitekeela lilura.

Iparraldea ez dago hartarik libre. Hainbat herritan lehen indarra izan zen RN eta Orokorreko bigarren itzulian sailkatu lehen aldiz. Argien mende eta Giza eskubideen aberria omen den Frantzia, galbidearen atarian dago. Eta RN atean joka…

Allande Boutin

Galde 46 udazkena/2024

galdeFrantzia: uste baino krisi larriagoa

Frantzia: uste baino krisi larriagoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude