Fracking-aren gatazka amaigabea
Fracking aren gatazka amaigabea
Ez da egunkarietako azaletan agertzen. Hedabideek oihartzun gutxi eman arren, fracking-a mundu osoko auzi bilakatu da azken urteotan. Italia, Estatu Batuak, Espainia, Euskal Herria… amaierarik gabeko auzia dirudi.
Italian hurrengo igandean erabakiko dute haustura hidraulikoaren inguruan erreferendum baten bidez. Galdera honakoa da: Italiako kostaldean dauden petrolio eta gas plataformak erauzteko kontsezioak geldiarazi nahi dituzu? Hots, galdeketak kostatik 12 miletara dauden plataformak soilik hartzen ditu barne, lurrean eta itsaso zabalean daudenak kanpoan utziz. Hauek lanean jarraituko dute, 106 plataforma guztira. Italiako gobernuak, hala ere, ez du interes handirik erakutsi eta PD alderdiaren barruan –Renzi eta bere gobernuarena- abstentzioaren aldeko jarrera zabaldu da. Eta hemen dago galdeketaren koska: baliozkoa izateko gutxienez herritarren erdia parte hartu beharko du.
Lurra, gure planeta da antzerki guzti honen biktima nagusia. Los Angeles Times-eko editorialak, adibidez, tarte handia eskaini zion gai honi aurreko astean. “Fracking-a, zentzu gabeko arriskua” izenburuarekin, Estatu Batuetako gobernuak Alaskan petrolioa bilatzeko hiru kontsezio berri emandakoa aipatzen du, haietako bi pixkanaka urtzen doan Ozeano Artikoan. Bereziki puntu hau kritikatzen du egunkari estatubatuarrak, Artikoan istripu ekologikoak izateko probabilitatea %77 dela argudiatuz. Testua energia berriztagarriei bidea eman beharra eskatzen amaitzen du, aldi berean erregai fosilekiko dependentzia murriztuz.
Obamaren gobernua, aldiz, ez dirudi jarrera honen aldeko. Duela egun gutxi atera zen berria: Texas-eko petrolioaren prezioa %5 igo da azken hilabetean, honen kopurua murriztu delako. Honek agerian uzten du herrialdearen petrolio erreserba eskasa, gero eta azkarrago agortzen ari dena.
Aurrea pausoak
Etxeko egoera badirudi bide onean dabilela. Ekainean gas erauzketak debekatzeko legea onartu zen Gasteizko parlamentuan, nahiz eta hura 100.000 sinadurez babestutako herri-ekimen batez bultzatuta egon. Legea EH Bldu, PSE eta PPren bozei esker atera zen aurrera. UPyD eta EAJ aldiz abstenitu egin ziren eta azken honen proposamena, fracking-a bost urtez debekatzea, ez zuen arrakastarik izan.
Hala ere, bart jakin zen Madrilek helegitea jarri diola neurri honi, Espainiako legedia errespetatzen ez duelakoan. Alderdi popularraren jarrera kontraesanean gelditzen da honenbestez, aurretik babestu zuen legea salatuz.
Gobernu berria eratzen ari diren bitartean, Espainiako Kongresuak iada fracking-a debekatzeko aurrera pausoak eman ditu. PSOE, PODEMOS, ERC, IU eta Democracia y Libertad taldeek bultzatu dute ekimena, prospekzioak gelditzea eskatzen duena nagusiki. EAJ-k ere aldeko botoa eman du, nahiz eta euskal parlamentuan abstenitu. Espainian, guztira, 120 baimen daude indarrean haustura hidraulikoa praktikatzeko. Garrantzitsuena Burgose-ko plataforma da, BNK enpresa kanadarraren parte eta urte amaieran abiatzekoa dena.
Fracking aren gatazka amaigabea