Fikziozko berdintasuna

Fikziozko berdintasuna

Pertsonaia femeninoek telebistan bizi duten gorakada azpimarratzen du argitaratu duten artikulu batek. Izan ere, berdintasun eta feminismo kutsuarekin, artikuluak transmititzen du paradigma berri batera iristen ari garela, eboluzionatzen ari garela sexu gaietan eta emakumea merezi duen papera eskuratzen ari dela telebistan.

Egia esan, ezin izan dut artikulua irakurtzeaz amaitu. Ez dakit zergatik izan den, sortu didan barre, lotsa edo haserreagatik akaso. Telesailzalea naiz eta zorionez (edo zoritxarrez) artikuluak aipatzen dituen serie ugari ditut gustuko. Feministatzat dut nire burua (beno, eta nork ez?) eta gauza ez da itsua nagoenik, baizik eta gizaki orok dituela bere kontraesanak. Nire ustez, bizitza guztia kontraesan horiek desagerrarazten saiatzen pasatzeak ez du merezi.

Telesailak gustuko ditut, feminista naiz eta matxismoa sumatzen dut han eta hemen, ikusten dituan serie gehienetan (eta hala eta guztiz ere pantaila parean jarraitu ohi dut, bai). “Big Bang Theory”-ko neska sexy baina ergela, Hawking-en antzeko adimen-kontzientea duen testosteronaz inguratua. “How I Met Your Mother”-eko neska alaia, margolaria izateko ametsa eta bere irakasle-ogibidea alde batera uzten dituena etxeaz arduratzeko. “Brothers & Sisters”-eko emakumea, bizitza osoa pasatzen duena bere senarraren engainuak sufritzen azkenean seme-alaba eta ilobentzako lan egiteko etengabe.

Euren bizitzetako gizonen itzalpean aurrera egiten duten neska, emakume edo emakumezkoak dira. Fikzioaz ari naiz, jakina, baina fikzioak benetako izan daitezkeen eszenak erakusten dituenean, eredugarri bilaka daitezkeen jokamoldeak islatzen dituenean edo sexu-berdintasunerako borrokan eman diren pausuak bertan behera uzten dituenean, arazo baten aurrean aurkitzen dugu gure burua. Une horretan, fikzioari buruzko gogoeta egin beharra dago, aldatu beharreko gauzak azaleratuz emakumeak behingoz merezi duen papera izan dezan (gizonaren paper berbera).

Arestian aipatutako artikuluak bigarren mailan geratzen ez diren emakumeez hitz egiten du. “Arrow”-ko Felicity-z esaterako, “chica de…” irudiaz urruntzen den pertsonaiatzat joz, neska azkarra eta informatikan aditua delako, nahiz eta Felicity-k bere burua protagonistaren, heroiaren, neskatzat jotzen duen (“soy tu chica” esanez). Daenerys Targaryen agertzen da ere, “Game of Thrones”-ekoa, borrokalaria, indartsua eta ausarta, seguruenik Westeros-eko erregina izango dena, beti bere inguruko gizonen aholkuak jarraitzen dituena, telesaileko aktoresek hala uste ez badute ere.

gaztezulo_game_of_thrones

Daenerys Targaryen (“Game of Thrones”)

Pertsonaia protagonista gehiagoz hitz egin dezakegu, hala nola “Castle”-eko Beckett detektibeaz, oso emakume azkarra eta indartsua dena, baina kasuak argitzeko idazle xarmangarria ondoan behar duena; edo Jeanni, “House of Lies”-ekoa, korporazio handi bateko kide nagusia izanda ere gizonezko kidearen arauak jarraitu behar dituena; edo Mrs. Pope, “Scandal”-eko protagonista, bere lanbidean onena den arren AEB-etako presidenteaz itsuki maitemindurik dagoena; edo Emily, “Revenge”-eko pertsonaia nagusia, neska mendekati, irrazional eta ahularen irudia hartzen duena, emakumeak oldarkorrak direla hedatzen duen topikoarekin jarraitzeko.

Egia da gaur egun iraganean baino emakumezko pertsonaia gehiago direla protagonistak, eta egia da oraingo pertsonaiek ez dituztela beti bularrak kanpoan eta makillajeak ez diela aurpegia estaltzen (“Charmed” telesail kutunean gertatzen zen moduan). Borrokatu eta defendatzen diren emakumeak dira nagusi, indar izugarria transmititzen dutenak. Tamalez, gizonezkoen munduetan bizi diren emakumeak dira: abokatutza, aberatsentzako negozioak, krimenak, ostikoak eta pistolak.

Bai, emakumeak euren tokia eskuratzen ari dira telebistan, baina benetan esan daiteke boterea dutela? Eszeptikoa naiz gai honetan. Telesailak oso gustuko ditudala eta feminista naizela onartzen dut, baina neure buruari sarritan galdetu izan diot zenbat denbora beharko nukeen “Suits”, “True Detective” edo “White Collar” serieetako protagonistei txolin, ergel edo emagaldu deitzeko gizonezkoak izan beharrean, gizonezkoek esaten diotenari jaramonik egin ez eta euren patua eraikitzen duten emakumeak izango balira.

Fikziozko berdintasuna

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...