Ez da justizia, mendekua baizik

Ez da justizia, mendekua baizik –

Atzo Espainiako Auzitegi Gorenak sedizio eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik zigortu dituen bederatzi preso politiko independentistek sinatutako gutuna.

Kataluniako hedabide nagusietan argitaratua.

Ez da justizia, mendekua baizik

Ez da justiziarik egin. Zigorrak bukaera eman dio zuzenbide Estatu demokratiko batek errespetatu beharko lituzkeen berme prozesalak izan ez dituen epaiketa bati. Justizia bilatzen ez zuen prozesu judizial bati; Estatuak mendekua bilatu baitu, zigorra. Kartzelaldi prebentiboaren neurriz kanpoko erabilerak, fiskaltzaren akusazio-idatziek, Guardia Zibilaren sormen-txostenek, eta gu epaitzen ari ziren auzitegien erabakiak aurreikusten zituzten espainiar politikarien adierazpenek, argi erakutsi dute independentziaren kontrako auzi honek izan dituen gabeziak. Gu zigortuta milioika lagun zigortu nahi dituzte, azken urteotan modu baketsuan erabakitzeko eskubidea defendatu eta independentziaren alde elkarretaratzeetan parte hartu duten herritarrak.

Argi gelditu da, matxinada delitua leporatzea, hautestontzietan herritarrek agertutako erabakia bahitzeko helburu bakarrarekin aurrez pentsatua zegoela. Hautestontzietan aukeratutako ordezkariak zigortuz milioika katalanen ahotsa isilaraztea, demokratikoki larria da.

Autodeterminazio erreferenduma bultzatu eta antolatu izanaren harrotasuna dugu. Eta Kataluniako herritarrak gonbidatzen ditugu Urriaren Batean izandako portaeraz, eta hurrengo egunetan erakutsitako duintasunaz harro daitezen.

Gure etorkizun kolektiboari buruzko erabakiak herritarrei baino ez dagozkienaren sinesmena bizirik dugu; Katalunia aske eta bidezko bat bultzatzeko dugun nahia gure demokrazia eta bake sineste sendoekin batera doa-eta. Horregatik, Lledoners, el Puig de les Basses eta el Mas d´Enric-eko kartzeletatik, publikoki berretsi nahi dugu demokraziarekiko dugun konpromisoa, gure herriaren etorkizuna erabakitasunez defendatzen jarraitzeko. Gure apustua Katalunia errepublika independente bihurtzearen aldekoa da. Baina independentistak baino lehen demokratak gara, eta horregatik ez diegu inoiz herritarrei ukatuko herri honen etorkizun politikoa libreki eta hautestontzien bidez adierazteko eskubidea.

Bizi dugun auzi politikoa ez da berria, aspalditik dator, eta jakin badakigu gure herriaren askatasunerako bide luzean beste harmaila bat baino ez garela. Gu baino askoz egoera okerragoetan guk egun defendatzen dugun kausaren alde beraien onena eman zuten hainbat gizon eta emakume omendu nahi ditugu, Kataluniaren askatasunaren alde. Bereziki gogoan dugu, eta omen egiten diogu Lluís Companys presidenteari, garaiko Auzitegi Gorenak 1934an matxinada leporatuta epaitu eta zigortu zuena, eta 1940ko urriaren 15ean erail zutena, bihar 79 urte [gaur], beste espainiar epaitegi baten aginduz.

Modu baketsuan autodeterminazio eskubidea defendatzeagatik bidegabeki ehun urteko kartzela zigorra ezarri digun epaia ez da oztopo, kontrakoa ez bada, berriro ere elkarrizketaren alde dugun konpromisoa agertzeko, eta bide demokratikoetatik auziari irtenbidea bilatzeko egiten dugun apustua berresteko.

Adoretu nahi ditugu herritarrak, azken urteotan erakutsi duten duintasuna manten dezaten, ez dezaten gal sumintzeko eta erabaki bidegabeen kontra matxinatzeko gaitasuna, eta batez ere, autodeterminazio eskubidea gauzatuta etorkizun aske eta justu bat lortzearen esperantza manten dezaten.

Gure ahotsa ozen entzun dadin kalera atera zaitezten hots egiten dizuegu, daukazuen kuraia guztiarekin eta modu ez biolentoan. Ekidin ditzagun probokazioak, eta gaitzetsi inoiz babestu ez dugun eta babestuko ez dugun biolentziarekin nahastu nahi gaituztenak.

Horrenbeste pertsonengandik jaso dugun babesak eman digun indarrarekin, etorkizun hobea eta gizarte justu eta libreagoa nahi duen jende onari esker onez, eta erakutsi diguten maitasun eta konplizitateagatik familia eta lagunak bereziki oroituz, esaten dizuegu: sortirem!

.

Dolors Bassa, Jordi Cuixart, Carmen Forcadell, Joaquim Forn, Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull, Jordi Sánchez eta Jordi Turull

Ez da justizia, mendekua baizik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ez da justizia, mendekua baizik”-ri buruz

  • Eta iruzurra gainera. Altsasukoekin bezala, inondik inora ez dauden delituak asmatzen dira (terrorismoa batean, matxinada bestean) hasieran, horrela epaiketa gustuko auzitegira eramateko, eta gero gustuko epaitegi horrek ukatu egiten du hasierako delitu horiek izan direnik, baina bere burua ezgaitzat jo eta epaiketa berez zegokion auzitegian egin dadin itzuli beharrean, etsaiaren kode penala aplikatzeko aprobetxatzen du. Eta guztia legala da nonbait Espainian. Nor harrituko da horrekin, iruzurra errege den erresuman?