Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatua, Israelen lagunak salatzeko
Eusko Jaurlaritzaren Gran Viako egoitza okupatu genuen atzo herritar talde batek, gobernu honek Palestinaren okupazioan eta Gazako sarraskian duen konplizitatea salatzeko. Gure asmoa hauxe da: kolonizazioan eta genozidioan Israelen laguntzaile diren herri-erakunde eta enpresak salatzea, eta konplizitate horien amaiera exigitzea.
Gazako genozidioaren izugarrikeria larriagotzen ari da, eta puntu imajinaezinetara iristen ari da. Gizatasuna eta elkartasuna eskatzen ari zaigu Palestinako herria, gure gizartearen konplizitatea amaitzea eskatzen digu eta estatu genozidarekiko harremanak etetea, boikota, desinbertsioa eta zigorrak erabiliz. Israelgo estatuaren zigorgabetasun kriminala amaitu egin behar da.
Aldiz, Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresa batzuek ibilbide luzea daramate Israelgo enpresa eta erakundeekin lankidetzan, hamaika esparrutan, elikagai eta nekazaritzan, gizarte kontrolean, armagintza eta abar.
Eusko Jaurlaritzaren 2020ko Nazioartekotze Estrategiak zehazten du Israel lehentasunezko bazkidea dela Ekialde Hurbilarekiko merkataritza-harremanetan. Estrategia horren parte da CAFek apartheid-trena eraikitzeko hitzarmena, hau da, Jerusalem eta Zisjordaniako lurralde okupatuetan kolonia israeldarrak lotuko dituen trena. Eusko Jaurlaritza CAFen bazkide akzioduna da, eta, beraz, eskuak zikinduak ditu, alegia, lapurtutako lurrez, kanporatutako eta pobretutako familiez, atxiloketa arbitrarioez eta torturez, zigorrik gabeko hilketez eta giza eskubideen beste hainbat urraketaz zikinduak.
Era berean, erakunde publikoen (UPV-EHU) eta Eusko Jaurlaritza zein Foru Aldundiak parte diren TECNALIA eta TEKNIKER elkarlanerako sare zabal batean parte hartzen ari dira I+G+B proiektuetan elkarlanean aritzeko eta elkarrekin parte hartzeko sare zabal bat sortzen Israelgo unibertsitate eta enpresekin (SYSTEMS, TECHNION, Hydrolite, Brightsource Industries Israel LTD…), gehienbat Europa-Israel Aliantza Estrategikoaren esparruan. Aliantza hori hausteari uko egiten diote gobernu-kideek, EAJ-PNVk eta PSE-EEk.
Herrizaingo Saila da akordio horietako beste eragile nagusietako bat. Palestinako biztanleriaren okupazioarekin, suntsiketarekin eta kontrolarekin zuzeneko lotura duten Israelgo enpresak izan dira Ertzaintzarako prestakuntza eta materiala saldu dutenak: ECI Telecom, Micro-Link, Guardian Defense 6 Homeland Security, Ceragom Networks, Neptune Intelligence Computer Engineering, CTERA, Rabintex, ICTS, eta zerrenda luze bat, guztiak okupazioaren, biztanleriaren kontrolaren eta garbiketa etnikoaren negozioari eskainiak. Formakuntza eta material hori “borrokan probatua” labelpean erosten da, hau da, biztanleria palestinarraren gorputzetan kriminalki testatuta.
Beste lankidetza-sare bat armagintza sektorearena da, gerretatik, gatazka armatuetatik eta genozidioetatik etekina ateratzen duena. Horien artean, SENER, ITP Aero, Aernnova eta SAPA nabarmendu behar dira, SPRIren eta Next Generation funts europarren bidez laguntza publikoak jaso baitituzte. ITP Aero eta SENER Israelgo armamentu-enpresekin elkarlanean aritu dira.
Lankidetza hori etikoki onartezina izan da beti, proiektu kolonizatzaile sionistari babesa eta zurikeria eman izan baitio. Baina, egungo genozidioaren testuinguruan, oso mingarria eta amorragarria da. Gizarte gisa islatzen gaituen ispilua da Gaza. Europako erakundeak bezala, Eusko Jaurlaritza genozidioaren konplize izateaz gain, proiektu sionistak garbiketa etnikoaren planarekin jarraitu ahal izateko beharrezko laguntzaile ere izaten ari da.
Kolonizatutako, kanporatutako eta sarraskitutako herri palestinarrari elkartasuna adierazteko, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Israelekin harremanak erabat eten ditzala. Zehazki:
- CAFek apartheid-trenari uko egitea. Bestela, Eusko Jaurlaritzak CAF uztea.
- Hezkuntza Sailak (UPV-EHU eta LH) Israelekin lankidetzan ari diren euskal enpresekiko lotura oro etetea, eta enpresa horietako praktikei, bekei eta ikerketa-proiektuei uko egitea. Eta, jakina, gauza bera Israelgo erakunde eta enpresa guztiekin.
- Erakunde publikoek parte hartzen duten garapen teknologikoko erakundeek (TECNALIA eta TEKNIKER) uko egin diezaietela Israelekin lotura duten proiektuei.
- Europa-Israel Akordio Estrategikotik irtetea.
- Hewlett Packard eta AXA Seguros enpresei produktuak eta zerbitzuak erosteari uztea, bai eta Israelekin lankidetzan aritzen den beste edozein enpresari ere.
- Euskal armamentu-enpresek inolako laguntzarik edo aintzatespen publikorik ez jasotzea.
Eusko Jaurlaritzak, eta, zehazki, gobernuko kide diren alderdiek, giza eskubideak errespetatu eta zaindu behar dituzte. Aukeratu egin behar dute bata ala bestea, hau da, kolonialismo genozida ala giza eskubide indibidual eta kolektiboak. Dagoeneko ez du balio karitatezko laguntza humanitarioaren politika tradizionalak edota errekonozimendu faltsuak ematea esku batekin eta, bestearekin, Israelekin merkataritza akordio handi eta onuragarriak burutzen aritzeak. Aski da! Khalas!
Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatua, Israelen lagunak salatzeko
Gatazka honetan hil den euskaldun bakarra Hamasen biktima izan da. Noizko horien kontrako protesta?
Neuk behintzat ez daukat batere ziurtasunik euskaldun biktima eta bere emaztea Hamasek hil zituenik, jakinda ETXEA GUZTIZ ERRETA aurkitu zutela eta egun hartan Hanibal protokolo deritzona aplikatu zela. Euskal agintariek, eskuin zein ezker, ez dute horri buruz ezer ere galdetu, kobarde hutsak direlako.
Dena dela, kolonoei gerta dakizkiekeen gauzak dira. Normalean dena da bukolikoa eta barkaboak piszina ondoan, baina egun batean larrugorriak ez dira beren patuan erresignatzen, errebelatu egiten dira eta txaleteko atarian agertzen zaizkizu ilajea ebakitzeko asmoz.
Aurrera, ez etsi. Gora euskal infantifada!
Euskalduna zen, Euskaraz bazekien, ala tituluren baten jabe zen?
Zer egiten zuen Palestinan?
Ez ote zuten giza-ezkutu gisa erabiliko israeldarrek?
Hamasek agian Apache helikopteroak ditu. Segur baietz.
Israel genozidioa egiten ari da Palestinarren kontra. Hau bost axola zaionak, kontuan eduki beharko luke Azerbaijan laguntzen ari dela Europari lurrak kentzeko. Enpatia ala egoismoa bada zure xedea, Israel arerio duzu.