Euskal zinema ohoratuko dute Mexikon

Cine Vasco zinemaldiaren afixa.
Cine Vasco zinemaldiaren afixa.

Euskal Herriko zinemagintza ez da beste arte eta jakintzagai batzuk bezain beste landu eta garatu baina, dirudienaren kontra, baditu zenbait titulu aipagarri. Azken urteetan ekoiztutako filmek euskal zinemagintza bakarrik ez, euskarazko zinemagintza posiblea dela erakutsi digute; horren adibide Aupa Etxebeste!, Kutsidazu bidea Ixabel, Eutsi! eta Sukalde kontuak. Agian errealitate horrek bultzatuta sustatu dute aipatu erakundeek datorren asteko zinemaldia.

Arrazoia edozein dela, heldu den asteko ostegunean izango da inaugurazio ekitaldia eta, bertan, Nömadak TX film-dokumentala proiektatuko dute. Lehenengo egun honetan Mikel Arregi, Euskal Filmategiko zuzendaria, propio bidaiatuko da Euskal Herritik. Raúl del a Fuentek zuzendutako Harkaitz Martínez eta Igor Otxoa txalapartarien inguruko pelikula doan ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek; hurrengo egunetako sarrerak, alabaina, 40 pesotan egongo dira -2 euro inguru-.

Hamar egun iraungo dituen ziklo honetan 80. hamarkadako eta XXI. mendeko euskarazko zein gaztelerazko luzemetraiak aurkeztuko dizkiete mexikarrei: euskal zinemagintzaren lehen urratsetatik hasi eta, urteotan ekoizten ari diren -eta sari asko jasotzen ari diren- askotariko pelikuletara arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua aldatzen ari den garaiotan eta, ondorioz, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia berria den garaiotan -Guillermo Echenique, sozialista-, euskaldunon presentzia mundu osoan azpimarratzea funtsezkoa da. Gauzak honela, ezin garai hobean heldu da Atlantikoaz bestaldeko ohorezko aipamen hau.

Proiekzioak Cineteca Nacional-eko 4. aretoan egingo dira, beherago adierazitako egunetan, 19:00etan eta 21:00etan.

Euskal Zinema Zikloko egitaraua

-Uztailak 16, Nömadak TX. [19:00etan bakarrik]
-Uztailak 17, La fuga de Segovia. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 18, Akelarre. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 19, Todo por la pasta. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 21, El invierno en Lisboa. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 22, Frío sol de invierno. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 23, Zeru horiek. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 24, Mi querida Bamako. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 25, Nömadak TX. [19:00etan eta 21:00etan]
-Uztailak 26, Lucio. [19:00etan eta 21:00etan]

Kazetaria.