Euskal Herri tropikala ez, baina… glaziala?
Euskal Herri tropikala ez –
Euskadi Tropikalaren kontzeptuak aspaldi blaitu zuen eguraldiarekiko demasako interesa omen duen gure gizarte hau. Eguraldiaz gizarte guztiak arduratzen direla pentsatzea litzateke logikoena, baina noski, gurea basamortukoa edo Kanariar Uharteetakoa baino puska bat aldakorragoa da, aidanez; eta beraz, jakintza hori behar dugu ezjakintasunak sortzen duen zuloa estaltzen laguntzeko. Baina, jakintzak jakintza, Euskalmetak Euskalmet, eguraldiak beti ematen ditu sorpresak… eta etorkizunean are handiagoak eman ditzake.
Zirkulazio Atlantiko Meridionalaren Iraultze Zirkulazioak (AMOC, Atlantic Meridional Overturning Circulation) klima aldaketaren ondorioz pairatuko dituen kalteak izan ahal dira horren erantzule. “Ozeano Atlantikoan dauden ur masa batzuek uhal garraiatzaile gisa funtzionatzen dute, eta bero energia banatzen dute, latitude baxuko eremuetatik latitude altuko eremuetara. Golkoko itsaslasterra ur beroa eta ez oso trinkoa daraman azaleko korronte bat da; Florida hegoaldean sortzen da, eta Ozeano Atlantikoaren erdialderantz doa. Hor bi adarretan banatzen da; batetik, Ipar Atlantikoko Korrontea edo Adarra, Europa iparralderantz doana, eta, bestetik, Azoreetako Korrontea edo Kanarietako Korrontea; azken hori ur masa hotzagoa eta trinkoa da eta hegoalderantz egiten du; biratu egiten du, erlojuaren orratzen noranzkoan, Karibe itsasora itzultzeko, eta han berriz ere dena hasten da”. (Blanca Martinez, Zientzia Kaiera, 2022).
Sergio Parrak idatzi du gaiaren inguruan National Geographic-en. AMOC honek munduko tenperaturak erregulatzen laguntzen du, iparraldeko korronte hotzak hegoalderatuz eta hegoaldeko korronte epelak iparraldera eramanez. Horretaz gain itsas-bizitzarentzat funtsezkoak diren nutrienteak sakabanatzen ditu. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek adierazten duenaren arabera, korronteak aldaketa atzeraezinak jasango lituzke 2039-2070 artean. Gakoa gatzean dago. Hau da: urak gazitasun handia badu errazago hondoratzen da, eta hori ezinbeste baldintza da AMOC korrontea berrabiarazi dadin. Baina berotze globalaren ondorioz ur gezaren presentzia (poloen urtzea) geroz eta handiagoa da, eta horrek desorekatu du egoera hain zuzen ere.
Beraz, hegoaldeko korronte epelak ipar-hemisferiora ez iristeak tenperaturen hoztea eragingo luke. Hau da, eta paradoxikoki, berotze efektuaren ondorioz, ipar hemisferioa hoztu egingo litzateteke. Batzuk glaziazio terminoa erabili dute, beste batzuk soilik tenperaturek behera egingo dutela. Ezkorrenen arabera, tenperatura 3º jaitsiko litzateke hamarkadako, eta beraz, 2035ean XIX. mendean zeuden gisako neguak izango genituzke, eta 30 urteren buruan baldintza glazialak. Baikorrenen ustez korrontearen kolapsoa XXII. mendean emango da.
Kontu honekin jada ez dago zereginik, bihar bertan mundu osoan CO2 gramo bat ere isuriko ez balitz egoera atzeraezina da.
Marka da gero, berotze globalaren ondorioz hozte prozesu baten atarian izatea.
Egoerarik okerrenean glaziazioa emango balitz, panoramak izango luke justizia poetiko amiñi bat. Eskuin muturra irabazten ari den iparraldeko herrietako jendeak emigratu egin beharko lukeelako, nora, eta hegoaldera. Melillako hesia, baina kontrako norabidean.