Europar Batasuna norabiderik gabe
Europar Batasuna norabiderik gabe –
Amaitu berriak ditugu Europar Batasuneko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta ezer gutxi jakin dugu hautagaiek datozen bost urteetarako dituzten asmoei buruz, gauza orokorrak ez badira. Izan ere, esan digute eskuin muturra datorrela, eta egia da, baina horrezaz gain, oso gutxi, kasu batzuetan Hola bezalako astekariak irakurtzen ari ginela baitzirudien: presidentearen emazteak ez dakit nor entxufatu zuen, hurbileko enpresari esleitu ziola obra publiko bat…
Hauteskunde emaitzak ikusi ondoren, badirudi Ursula Von der Leyen, Alemaniako Defentsa ministro ohia, batzordeburu izango dela. Bere alderdiari botoa emandakoek badakite andere horrek EBko kideen defentsa gastuak bikoiztuko dituela eta, ondorioz, gastu sozialak murriztu; zergak, batik bat zerga zuzenak, ez dituzte igoko, jaisten ez badituzte. Halere, zaila izango du europar eliteak gure gazteria soldaduskara eramatea, populazioa zaharkituta egoteaz gain, heroia izateko gogo eskasa baitago geure gizartean. Frantziako Estatuan, lehendakariaren porrotak zerikusirik izan du, akaso, Macronek derrigorrezko soldaduska ezartzearen alde hitz egitearekin.
Garbi dago EBk eskumara egingo duela eta enpresariek, batik bat oligopolio handiek (Iberdrola), lasai egoteko arrazoiak badituztela. Izan ere, sozialdemokrazia ahula, ohiko eskuina eta eskuin muturra inoiz ez dira joango enpresa erraldoien interesen aurka. Beraz, ez dituzte gehiago zergapetuko, alderantziz ez bada. Gainera, barne paradisu fiskalak, Luxenburgo, Irlanda, Herbehereak… ez dira auzitan jarriko.
EBk estatu federala izatetik urrun jarraituko du eta elkar kanbiorako eremu gisa garatzen joango da, baina barne merkatua babestuta, batik bat Txinako ondasunek ez dezaten lehiatu gure ondasunen prezioekin
Euroaren etorkizuna ziurtatuta dagoela esango nuke, eta 2008an hasitako finantza krisitik bizirik irten ostean, zaila ikusten dut berriro errepikatzea. Bestalde, aipatu behar da euroa indarrean sartu aurretik, Maastrichteko Itunak ezarritako baldintza gogorrek eta aipatu krisiari aurre egiteko aparteko neurriek, Europako ongizate soziala asko endekatu zutela. Hots, euroaren jaiotza eta ondorengo krisia gizarte xumeak ordaindu ditu, eta egoera hori pobreziaren datuek egiaztatzen digute, txiro eta aberatsenen arteko arrakala ekonomikoa erabat zabaldu baita eta jarraitzen du hedatzen. Esango nuke europar gizarteak barneratu duela euroa, eta eskuin muturra ere eroso sentitzen dela moneta horrekin.
Hauteskunde kanpaina honetan ere ez dugu jakin zer gertatuko den EBren aurrekontuarekin. Izan ere, EB estatu federal gisa ulertzen dute norbaitzuek, baina nahiko urruti dagoela esango nuke alderatzen badugu geure erreferentziarekin, AEBekin. EBren aurrekontua bere BPGren %1,24 da, AEBena, berriz, %20 ingurukoa. Gainera, finantza iturri autonomoak urriak dira eta konpentsatzeko estatu kideen ekarpenak nabariak; beraz, finantza autonomia eskasa.
Etorkinen arazoan ere EBn zer gertatuko den ez da argi geratu. Dakiguna da “gaztelu” itxi baten moduan funtzionatzen jarraituko dugula, estatu kide bakoitzak berea eginez. Halaber, europarroi ahoa betetzen zaigu giza eskubideak betetzen ez direlako Txinan, Errusian edo Iranen, baina guk edo gure aldekoek hankapetik pasatzen ditugunean eskubide horiek, bestaldera begiratzen dugu. Eta hori egiten ari gara etorkinekin. Etorkin horien jaioterriak esplotatu ditugu, txirotu, eta guregana datozenean, itsaso zabalean abandonatzen ditugu.
Azken finean, EBk estatu federala izatetik urrun jarraituko du eta elkar kanbiorako eremu gisa garatzen joango da, baina barne merkatua babestuta, batik bat Txinako ondasunek ez dezaten lehiatu gure ondasunen prezioekin. Hara zertarako balio duen Mundu Merkataritzarako Erakundeak!