Europan ez da gerrarik izanen

Europan ez da gerrarik izanen –

Europan ez da gerrarik izanen

Benetan itzelak dira Europako elite ekonomikoak eta beren morroi diren arduradun politikoak egiten ari diren ahaleginak herritar guztiak izutzeko. Iluntasunetik agintzen duten aurpegirik gabeko aberats horiek guztiz kezkatuta daude beren egitasmo guztiak hankaz gora jartzen ari zaizkielako eta kolpe handia prestatzen ari dira Europako Batasuna izena duen itsasontzia hondora ez dadin eta beren hegemoniak lehengoan jarrai dezan.

Azken 35 urteetan Errusia mendean hartzeko planak egiten aritu dira eta horien azken atala Ukrainako Guda izan da. Errusiari aise gailenduko zitzaizkiela uste zuten. Aste gutxi batzuk nahiko izatea espero zuten soldadu errusiarrek palaz borrokatzen buka zezaten eta Errusiako labadora guztietako txipak agor zitezen. Hortaz gain, jarritako milaka zigor ekonomikoen bitartez Errusiako ekonomiak lur joko zuen. Bide horretatik, Putin Gobernutik kentzea eta Errusiako Federazioa hamaika estatu txikitan deseginda geratzea denbora kontua izanen zen. Ondorioz, Errusia Boris Yeltsinen garaietara itzuliko zen eta “Mendebaldeko” oligarkek beren aberastasunak areago gizentzeko ateak zabaldu eginen zitzaizkien parez-pare.

Baina gauzak alderantziz gertatu dira. Ukrainako Guda galdua dute, NATO osatzen duten 32 herrialdeek guda horren sustapenean buru-belarri jardun badute ere. Guda galduta, beren amets guztiak zapuztuta gelditu zaizkie. Beren hegemoniaren geroa ilundu egin zaie, beren etorkizun ekonomikoak ez du itxura hobeagorik eta herritarrak nahi baino gehiago haserretzen bazaizkie agian beren biziak ere kolokan egon daitezke.

Izutu egin dira eta orain, egoera iraultzeko asmotan, gu izutu gaitezen nahi dute. Egoera eskutatik osotara joan aurretik kolpe handi bat prestatzen hasi dira. Egoera kontrolatzeko, herritarrak ikaratuta eduki behar dituzte. Europako mendebaldeko arduradun politiko guztiak horretarako prest dauzkate eta lan hori dagoeneko egiten hasiak dira. Ursula Von der Leyen, Kaja Kallas eta estatuetako presidente gehien-gehienak dagoeneko beren esanetara ongi makurtuta dauzkate.

Lehenik, herritar guztiok ongi bilduta egon gaitezen, etsai maltzur bat jarri digute parean. Vladimir Putin, noski, nola ez. Duela gutxi bere armadak palaz egiten zuen borroka, baina orain Europa osoa konkistatzeko gai da. Nola liteke aldaketa hori? Lehen edo orain gezurretan aritu zaizkigu. Nola sinetsi jende hauei?

Lehendik nahiko zabalduta dagoen errusofobian oinarrituta, Europako alde honetako guztiok aurrean dugu etsaia gorrotagarria. Hari aurre egiteko orain 800 mila milioi euro inbertitu beharko dugu armatan. Dirua nondik aterako da? Osasungintzatik, hezkuntzatik eta gizarte zerbitzuetatik, horixe. Eta inork txintik esan ez dezan, gerra arriskua benetakoa dela errepikatuko digute egunero komunikabide eta instituzio guztietan, beldurra hezur-muinetaraino sartzeko. Beldurra areagotzeko, hiru egunetako premiazko kit bat eros dezagun mezua begien aurretik beste mila aldiz pasako digute, lehen bonbak erortzen hasten direnerako. Nonbait, gerra horrek hiru egun besterik ez du iraunen (!).

Hori bai, guda batean murgiltzeko 2030 arte itxaron beharko dugula esaten digute geure agintariek, une honetan ez dugulako ez armarik eta ez soldadu nahikorik. Vladimir Putinek badaki bost urte hauetan ezin digula eraso egin, gainerakoan tranposo bezala geratuko delako. Gure arduradun politikoen maila benetan ezin liteke eskasagoa izan. Nork hartuko ditu serio pertsonaje hauek?

Europan ez dugu gerrarik izanen. Lehenik, Errusiak nahi ez duelako. Errusiak 17 milioi km2 ditu. Europak halako bi ia. Bere lurretan denetatik dauka: petrolioa, gasa, urrea, diamanteak, lur arraroak… Europako mendebaldeak, berriz, Errusiak ez duenik deus ez. Gainera, gerra egiteko mobilizazio orokorra deitu beharko luke eta hori ez du egin nahi, Ukrainako Gudan erakutsi duen bezala. Bigarrenik, bere armadak ez duelako Europa konkistatzeko indarrik. Hitlerrek 18 milioi soldadu mobilizatu bazituen, zenbat gehiago beharko lirateke Europa osoa mendean hartzeko? Errusiak mobiliza litzakeenak baino askoz ere gehiago. Astakeria hori inork ezin du egin.

Europako elite ekonomikoek izutu gaitezen bakarrik astintzen digute gerraren mamua. Herritarron zerbitzuan inbertitu beharko litzatekeen dirua armatan gastatzeko. Gerra hori ez da inoiz gertatuko. Behintzat, Errusiak ez duela hasiko garbi dago. Besterik da britainiarrek edota frantsesek egunen batean erokeriaren bat egitea eta horrek atzetik soka luzea ekartzea.

youtu.be/58HqHdnX

youtu.be/RyStO5DlQ

Europan ez da gerrarik izanen  Europan ez da gerrarik izanen  Europan ez da gerrarik izanen
Nola zaude?

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude