Europa berrirantz
Europa berrirantz –
2024ko ekainean Europako Batasunak hauteskundeak izanen ditu. Bertan soilik kontinentearen mendebaldeko herrialdeek hartuko dute parte, eta ez denek. Britainia Handia, Islandia, Norvegia, Suitza eta ekialdeko asko –Errusia barne- ez baitira EBko kideak. Hauteskunde hauetara europarren %60 inguru izanen dira deituak.
Europak politika berria behar du, besteak beste, Europa osoa elkartuko duena. Helburu horrek egungo EBren oinarriak aldatzea eskatzen du eta hori ezin daiteke hauteskundeen bitartez bakarrik gauzatu. Egungo EBren sustraiak aldatzeak sakoneko mugimenduak eskatzen ditu, herritarrak bozka ematera deitzetik aparte. Baina hauteskunde hauek hausnartzeko aukera ematen digute eta hemen errotik egin beharko liratekeen aldaketa batzuk azaldu nahi ditugu.
Herritarrak estu
Europako Batasunaz hitz egiterakoan, Europaren mendebaldeko elite ekonomikoek abiarazi zutela gogoratu beharko dugu lehenik, gobernu guztien babesarekin eta herritarrok sorreran parte hartu ahal izateko aukera txikiena ere izan ez genuela. Aberatsek beren diru poltsa erraldoiak areago handitzeko Europaren mendebalde osoa merkatu bakarra bihurtu nahi zuten. Negozioa beren nahierara kudeatzeko, estatuen subiranotasuna haientzat arazoa zen eta traba hori gainditzeko “Europako Batasuna” izen ponposoa duen egitasmoa ezarri ziguten. Proiektua Estatuen subiranotasunaren gainetik eraikita egotea azpimarratzeko zerbait da, garbi azaltzen baitigu Europako Batasunak multinazionalen interes korporatiboak estatuen interesen gainetik jartzen dituela. Eta harrigarria bada ere, estatuen ordezkari politikoak multinazional horien interesei makurtzen zaizkie, botoa eman dieten herritarrenak albo batera utzita. Ondorioak? Lehengo aberatsak aberatsago eta larri zebiltzan herritarrak orain estuago geratu direla. Nekazari eta abeltzainen otsaileko manifestazio indartsuak horren lekuko dira.
Herritarron bizi-kalitatea hobetu
Europa bidezkoagoa nahi dugunok lehen arretagunea puntu horretan kokatuko dugu. Neurri ausartak mahai gainean jartzen hasi beharko da multinazionalen eta bankuen irabazi erraldoiei stop egiteko. Irabazi horien portzentaje handiagoak zerbitzu publikoetara bideratzea, sektore estrategiko batzuk publifikatzea –energia arlokoak, bereziki–, elikagaiak bertan ekoitzi eta kontsumitzeko politikak sustatzea, pentsio duinak bermatzea…, hau da, herritarron bizi-kalitatea handitzeko neurri ausartak hartzen hastea behar luke izan gure politikarien iparra. Herritarrok mobilizazioekin bermatu beharko genuke politikariek bide hori jorra dezaten.
Autonomia estrategikoa
Aurreko guztia gauzatu ahal izateko gaur horma handi bat daukagu parean: AEBekiko morrontza gupidagabea. Estatubatuarren interesei makurtzeagatik EB ekonomikoki oso kaltetuta geratu da. Halaber, milaka europar hilik geratzen ari dira ekialdeko zelaietan sekula gertatu behar ez zen guda baten ondorioz. Europarrok arras politika desberdina behar dugu, gure interesei erreparatuko diena, herritar xumeoi, langileoi, multinazionalen interes korporatiboetatik urruti. Horrek eskatzen du, lehenik, autonomia estrategikoaren aldeko apustu tinkoa egitea, non instituzioek europarron interesak –eta ez beste inorenak– lehenetsiko dituzten. Europarrok ez dugu eskutik eramanen gaituen inor behar. Are gutxiago estortsioa eginez Nord Stream gas hodiak lehertzera iritsi den gorilarik. Europa europarrontzat.
Mundu osoarekin harremanak
Aurreko guztia gauzatu ahal izateko Europako Batasun berria beharko da ezinbestean, herritarrei erreparatuko diena, ez aberatsei. Eta Euskal Herria bezalako nazio txikiei ere, erabakiak etxetik ahalik eta gertuen hartze aldera. Kanpo-harremanei dagokienez, Europako Batasun berriak ateak zabalik edukiko ditu mundu osoko herrialde guztiekin harremanak jorratzeko eta negoziatzeko. AEBekin bai, baina Errusia, Txina, India eta munduko beste herrialde guztiekin ere sinatuko ditu hitzarmenak. Harreman ekonomikoei dagokienez, sinatzaileen adostasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarrituko dira hitzarmenak. Injerentziarik gabe, jarrera kolonialistarik gabe, partaide guztien onura ekonomikoak lehenetsita. BRICS izeneko komunitatean sarrera eskatzea aukera bat da.
Europa herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki
Ehunka mila hildako eragin duen NATOri bizkar emanez, Ukrainako guda lehenbailehen buka dadin negoziazio prozesua sustatuko dugu. NATOren desagerpena gure erronka estrategikoa da
Kanpo-harremanak mundu osoarekin landu nahi baditugu, are garrantzitsuagoa izanen da harreman horiek aurrez europar guztiekin gauzatzea. Lisboatik Moskuraino. Kontinenteko nazio, nazionalitate, estatu eta herrialde guztiei aitortuko zaie EB berriko kide izateko eskubidea. Garrantzitsua izanen da ere jorratu nahi den aliantza politika ongi zehaztea. Ultraeskuina indartzen ari den garai hauetan, ezkerreko erreferentzia politiko bizkorrak falta zaizkie herritarrei. Horregatik, hain zuzen, ari da suspertzen eskuin-muturra. Arlo horretan abertzaleok motor lana egin dezakegu, Irlanda, Gales, Eskozia, Galizia, Bretainia, Korsika, Katalunia, Flandria… eta antzeko egoera pairatzen duten estaturik gabeko nazioetako ezkertiarrekin elkartuta. Amesten dugun “Herrien Europa” azkartzeko bidean, herrialde ezberdinetan diren mugimendu eraldatzaileekin elkarlana sustatuko dugu. Europa berria herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki behar da.
NATOren desagerpena
Bigarren aldaketa garrantzitsua –autonomia estrategikoarekin lotuta hori ere– europarrok elkar hiltzera garamatzan politikari bizkar ematea izanen da. Tinko salatuko ditugu Ukrainako guda indartzeko eta armak erosteko dirutza handiagoak xahutzeko aldarria egiten duten politikoen adierazpenak. Europako ekialdeko eta mendebaldeko herrialdeek elkar hartuta ekin nahi diegu datozen urteetako erronkei. Ehunka mila hildako eragin duen NATOri bizkar emanez, Ukrainako guda lehenbailehen buka dadin negoziazio prozesua sustatuko dugu. NATOren desagerpena gure erronka estrategikoa da. Desagerpena gauzatzen den bitartean, NATOtik atera gaitezen aldarrikatuko dugu.
Armatan inbertsioa handitzeari ez
Otsailean hasita, ugaritu egin dira guda-hotsak Europako Batasuneko presidente askoren ahotan. Ukrainari irabazi eta gero Errusiak beste herrialdeak okupatzeari ekinen diola esaten digute behin eta berriz. Arrisku hori erreala dela sinestarazi nahi digute, benetan Errusiaren gogoa hori balitz bezala. Errusiako presidenteak argi eta garbi esan du, hamaika aldiz eta ozenki, Errusiak bakar-bakarrik erasotzen badute erasoko duela beste herrialderen bat. Susmagarria da EBtik aldarrikatzen den erasoa jasateko arriskua, jarraian estatu guztiek armak erosteko dirutzak handitu egin beharko direla eransten baitute. Nork irabazten du neurri horrekin? Herritarrok ez, horra bideratuko den dirutza gizarte-zerbitzuetatik kendua izanen delako. Hau da, osasun-etxe gutxiago, mediku gutxiago, irakasle gutxiago, diru-laguntza murritzagoak… izanen ditugu hiltzeko bakarrik balio duten arma horien truke. Bide horretatik, herritarron bizimodua hobetzeko diru gutxiago izanen da eta jendea hiltzeko armak fabrikatzen dutenentzat gehiago. Gure apustua diplomazian gehiago inbertitzea da, eragile guztiekin hitz egiten, tratuak egiten, ongi konpontzen. Bakea ereiten, alegia. Hortaz, arma gehiagorik ez. Bakea errazteko, lehendik daudenak murriztu.
Guda nuklearraren arriskua
Presidente batzuk hainbeste aldiz gudarako presta gaitezen errepikatzen ari zaizkigun leloaren atzetik armak salduta negozioa egiteko asmo bakarra zutela zirudien. Baina aspaldi honetan guda maila gorenera eramateko gogoz ari direla dirudi, horretarako NATOren tropak ofizialki Ukrainan sartzeko deia indartu baitute, lehendik lan kualifikatuak egitera bidalitako guztiak –mertzenarioz mozorrotuta– gutxi balira bezala. Errusiatik behin eta berriz errepikatu dute Errusiaren gainetik pasatzeko asmoa burutik kentzeko, hori baino lehenago arma nuklearrak erabiliko dituztelako. Puntu horretara iritsiz gero inork ez du irabaziko, planetatik bizi guztia desagertuko delako. Gure politikoak ez al dira ohartzen sortzen ari diren arriskuaz? Hain eskasa al da ditugun politikoen maila, inork ez duela ahotsa tinkotasunez altxatzen garamatzaten bide ero hau geldiarazteko? Erromako Aita Santuak izan duen adorea falta dute hemengo politiko guztiek.
Kolonialismoa amaitu
Euskal Herriarentzat eskatzen dugun begirune bera izan beharko dugu munduko herrialde guztiekin, Europan oraindik ematen diren kolonialismo mota guztiak errefusatuz. Beren lurretatik Frantziaren ordezkaritzak berriki bidali dituzten Burkina Faso, Mali eta Nigerko gobernuei -eta atzetik etorriko direnei- babes osoa eskainiko diegu. Bide beretik, Palestina eta Sahararekiko elkartasuna estutzen jarraituko dugu.
Genozidioei aurre egin
AEBen morroi izateak ekonomikoki makal uzteaz gain arlo geopolitikoan genozidei lotuta utzi gaitu. Errusia kaltetzeko asmoz Ukrainan guda antolatu zuten eta gu bertan halabeharrez parte hartzera behartu gintuzten gu bezain europarrak diren errusiarrak hiltzeko. Ukrainako Gobernua Donbass egunero ari da bonbardatzen -zibilak hiltzeko asmo bakarrarekin- eta genozidio hau isilean gordea dute gure agintariek. Israelek beste genozidio bat abiarazi zuen Palestinan eta gu aurkako neurririk -Israelekin harreman diplomatiko eta ekonomikoak etetea, adibidez- hartu ezinik geratu gara, geure burua haiei lotu diegulako. Fentaniloaren herrialdearekiko menpekotasuna gainditzen ez badugu, hondamendira goaz. Betidanik gizartean gatazka nagusia izan den herritarren klaseen artekoa (aberatsa-pobrea) gaur egun itxura berria hartzen ari da eta herrialdeen arteko gatazkarena (hegemonikoa-menpekoa) hartu du.
Errusiarekiko harremanak berreskuratu
Europako -eta munduko- herrialde zabalena den Errusiarekiko harremanak berreskuratzeko ahaleginak egin behar dira. Zer dela eta Errusia etsaitzat hartu? 1945ean armada sobietarrak Berlin setiatu zuen, eta horrela Hitlerren eta II. Mundu Gerraren bukaera eragin zuen. Geroztik, Errusiak petrolioa eta gasak merke saldu dizkigu eta horretan oinarritu da Europako mendebaldeak egin duen gorakada ekonomikoa. Azken mendean egin dizkigun mesede guztiak ahaztuta zigor ekonomiko larriak jarri dizkiogu, bidenabar geure buruari kalte ekonomiko handiak eraginez. Enpresa indartsu batzuk ixten hasi dira eta beste hainbat Europatik alde egiten. Europarroi bizia garestitu egin zaigu. Nork azal diezaguke halako kirtenkeriaren komenigarritasuna? Kalte besterik ez dakarkigun jarduera sadomasokista honekin agudo amaitu beharra da. Errusiarekin harreman normalizatuak garatu beharko genituzke, egungo zigorrak betiko baztertuta. Herritarron mesederako.
Ukraina Europako Batasunatik kanpo
Azken guda honekin NATO Putin gobernutik kentzea bilatzen ari da. Ondoren Errusiako Federazioa zatitzea eta gobernu adiskideak ezartzea etorriko litzateke. Boris Yeltsinen garaiak amesten dituzte AEBek. Bitartean, horiek denak lortzeko bidean, energia iturriak garestitu dizkigute, europarrok zatitu egin gaituzte, hamar urtetako Donbassko genozidioa babesten ari dira…
Aipatutakoak kalte handiak badira, txikiak gera daitezke EBn bizi garen europarroi etorriko zaigunarekin alderatuta, guztiz xehatuta geratzen ari den Ukraina EBn sartzen badute. Adituen arabera, oraintxe gutxienez 450.000 milioi euro beharko lirateke herrialde hori berreraikitzeko. Guda luzatuko den neurrian zenbakia handituz joanen da eta zuloa estaltzeko gutako bakoitzari bizi garen artean kenduko dizkiguten milaka euroren kopurua ere bai. Von der Leyenek zuzentzen duen Borrellen lorategiaren zaintzak gure etxeko ekonomia hankaz gora jar lezake EBn Ukraina sartzea den astakeria lortzen badute.
Nolako Ukraina geratzen den ikusita aztertu beharko da nola lagundu, baina EBtik kanpo dagoela eta bere gaurko politikari 180 graduko biraketa eraginen dion gobernu berria hautatu ondoren.