Euriborra

Euriborra –

Iñaki Murua ARGIAn.


Dagoen lehortearekin euri hotsa/hitza entzuterik ez bat, edozein baserritarri irribarre goxoa piztuko zaio eta hiritarrak berriz, patxadaz arnasberrituko ditu birikak, ez duelako suteen arriskua luzatzeko girorik egingo eta ez da sugarrek hegan bidalitako kedar eta  gilbak noiz hurbilduko kezkaz lotaratuko.

Euriborra

Baina hitzaren bigarren osagaiak borra du berekin eta hori ez da euriarekin ondo lotzen, agian kazkabarra, harria, txingorra… danborra jotzen… baratzeak, teilatuak, zuhaixkak eta gainerakoak xehatuz… inor ez du horrek lasaituko; arnas berritzea kostako zaio izakiari, izadiari!

Hala ere, gora doa Euriborra. Mende laurden barru itzuliko duela sinatuta  dirua banketxetik atera duen gazteak, hilean berrehun euro gehiago ordaindu behar omen ditu, sinatu zuena baino, nola eta ez duen sinatu ordainketa finkoa hogeita bost urte horietarako. Esan liteke Euriborraren kapritxozko aldaketak hipoteka hartzaile mota bakarra izorratu duela, baina besteak ere ateratakoa ordaintzeko komeriak izango ditu, orokorrean bizitzak gora egingo baitu bientzat. Bankuak ez du zer galdurik; bazkideen artean banatzeko irabazi gutxiago, baina etxe gabetuen zerrendan azaltzeko arriskua bezero biek dute; bankuek lehengoan segi eta listo! Aurreko aldiko porrotak, itzuli beharreko milioiak eta abarrak ahaztu eta kito. Zer axola zaio hori dena bere esku ahurrean jarri zaion/duen hari?!

Etxegabetzeak noiznahi gerta dakizkiguke gutxien uste dugunean eta uste dugunari. Gainera, klima aldaketak-edo itsasoko uren maila dezente igo omen duenez, itsas ertzetako etxebizitzak arriskuan dauzkagu eta bizitokia hondartzatik hurbil izatea lehenetsi zuen gizarteak, gizarte turistifikatuak, asteburuetako parranda, botiloi, zarata, borroka, atariko pixak… deskantsua eragozten dionak, badu arrazoirik erne egoteko.

Landa guneko herrixketan bizi garenontzat berriz, hirira joateko tentazioa  zailtzeko gomendioak irakurri ditut egunotan, izan ere autoak aparkatzeko erraztasun gehitxo ematen omen dizkigute eta horrela jende oldeak pilatzen, hirietako erdiguneak, oinezkoentzat soilik direnak, lepo beteaz hirirako ura biltzen duten ur-putzuak ez bezala!

“Nolanahi ondo dagoena edozein moduz gaizki zagok!”, zioen gure auzoko aitona batek, ez zuen arrazoirik falta! Egun, erdi gunea edo “hiri erdia” deituak duela gutxi alde zaharra zuen izena eta aurki gazteak ere alde egin beharko du…

Horra, hiri gorra, ezaba/borra dezakeen Euriborra!

Euriborra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.