Etxepare Euskal Institutua EUNIC New York klusterreko kide izendatu dute
Etxepare Euskal Institutua EUNIC New York klusterreko kide izendatu dute –
Europar Batasuneko Kultura Institutu Nazionalen Batasuna mundu osoko 90 herrialdetan 125 klusterreko sarea da.
Etxepare Euskal Institutua EUNIC New York klusterreko kide elkartu berria da. Hala izendatu dute apirilaren 4ean egindako New York (AEB) hiriko bileran, bertan bildu ziren kide guztien babesa jaso zuelarik ahobatez. Hitzarmen berri honen bitartez, euskal kulturak New Yorken duen presentzia egonkortu nahi da.
EUNIC Europar Batasuneko Kultura Institutu Nazionalen Batasuna (European Union National Institutes for Culture) mundu osoko 90 herrialdetan 125 klusterreko sarea da, eta balio europarrak sustatzeko, ezagutza partekatzeko, tokiko bazkideen arteko elkarrizketak sustatu eta kultura-proiektu komunetan inplikatzeko plataforma gisa jarduten du.
Etxepare Euskal Institutua EUNIC Brussels Europar Batasuneko Kultura Institutu Nazionalen Europako klusterreko kide bilakatu zen 2015ean, erakundeak Letoniako Bruselako Enbaxadan burutu zuen batzordearen bileran. Waloniar eta flandriar institutuez gain, Europako estatu bat ordezkatzen ez duen lehen kultura institutua bilakatu zen horrela Etxepare Euskal Institutua, British Council, Goethe Institut, Alliance Française, Instituto Cervantes eta beste hainbatekin batera.
Lankidetza horren baitan, Etxepare Euskal Institutuak lagunduta, euskal sortzaileek parte hartzen dute urtero Transpoesie, Foire du Livre, Fête de la BD bezalako jardueratan.
Europako herrialdeen arteko kultur esparruko lankidetza sustatzea eta aldeaniztun kultur-egitasmo eta ekimenak eragitea du helburu EUNIC sareak. Etxepare Euskal Institutua sareko kide bilakatzeak Europar Batasuneko gainontzeko estatuekin zuzenean aritzeko aukera emango dio Euskadiri, eta euskal eragile eta sortzaileentzat elkarlanerako aukera berriak lortzeko bideak zabaldu.
Hitzarmen berri honi eta Euskal Herriko Estatu Batuetako Ordezkaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, euskal kulturak New Yorken duen presentzia egonkortu egingo da datorren urtetik aurrera. Lankidetzaren jatorria joan den urtean kokatzen da, orduan hasi baitziren akordio berri honetarako bilerak egiten, Broadway-ko The Theatre at Saint Clement´s antzokian leihoa ireki ziotenean euskal kulturari liburu aurkezpen, kontzertu eta antzezlan emanaldien bidez, eta EUNICeko parte hartzea aztertzeko baliatuz abagunea.
Etxepare Euskal Institutua EUNIC New York klusterreko kide izendatu dute