Etxeko hautsak kanpoko hautsez…
Etxeko hautsak kanpoko hautsez… –
Zaila da egungo Israel-Palestina gerrari hitzik jartzea, hain da izugarria eta neurrigabea. Zaila ere adjektibo emotiborik ez jartzea, hain da hunkigarri eta lazgarria. 2023ko Israel-Palestina gerra zena 2024koa da jada, eta urte berriak zaharrak berri ekarri ditu. Genozidioa aurrera doa, Benjamin Netanyahuk gutxienez beste sei hilabete jarri dizkio bere buruari euliak kainoi tiroka hiltzen jarraitzeko. Mandoa hil eta errabia joan. Helburuak bitartekoak justifikatzen.
Duela bi mila urte baino gehiago, Sun Tzu jeneral txinatarrak (K.a. 544–496) Gerraren artea gerrako gidaliburua idatzi zuen. Frantziako Iraultzaren atarian, 1782an itzuli zen frantsesera (Napoleonek ba ote zuen haren berri?), eta 1905ean ingelesera. Idazlanean, Tzuk hertsiki loturik erakusten ditu gerra eta estatua. Beste hainbat kontsiderazioren artean, tartean dela etsaia engainatu eta etsaiari amuak jarri beharra, Tzuk adierazten du arerioen herrialdea osorik eta kalterik gabe atzematea dela onena. «Herrialdea birrindu eta suntsitzea ez da hain ona».
Netanyahu ez zaie osoki lotu gerra maisu txinatarraren jarraibideei. «Ez dago gerra luze batetik onuraz atera den herrialderen adibiderik», Tzuk. Aldiz, gerraren maisu horrek dioenaz bestela, egungo Palestinakoa ez da blietzkrieg edo gerra lasterra (eta bai suntsipena eta sarraski ankerra). Etxean bere burua inguraturik ikusten duen eskorpioiak, kanpoan aurkitu ote du salbabidea? Andrew Jackson AEBetako presidentea (1767-1845) jo eta ke borrokatu zen Bigarren Bankuaren diru monopolioaren kontra, egungo Erreserba Federalaren aurrekaria. Jackson militarra zen eta, kinka larrienean, «bestean» bilatu zuen barneko tentsioen ihesbidea. Iparramerika ekialdeko herritar natiboak mendebalderantz kanporatzeari ekin zion, «Malkoen Bidea» deitu izan dena: seminolak, muscogee eta txerokiak (salbaiak edo zibilizaziorik gabeak). Genozidio peto-petoa.
Gogoratu ere gure hauts harrotuak 1893-1894an: Gamazada. Euskal Herriko udako aztoramenaren ondoren, udazkena bero etorri zen, espainiar interbentzio militar batez, Afrikan: «Rifeko Lehendabiziko Gerra», «Margalloren Gerra»… deitu zioten. Formula ez zaigu arrotza: «batasun nazionalera» deitu arerio komunari aurre egiteko, eta barrukoak betebehar aberkoiaren aitzakian lotu. Sabin Aranak halaxe ikusi zuen, eta berbereen askatasun ahalegina goretsi, erretolika erlijiosoari huts egin gabe bada ere. Pedro Mari Otaño bertsolariak, berriz, koska egin zion espainiar patrioterismoaren am(arr)uari. Gerra horrek ondorio larriak ekarri zizkion hurrengo hamarkadetan Euskal Herriari eta, oro har, Espainiari: 1936ko uztaileko estatu kolpea bera. Netanyahuk ere badaki zerbait. Euskal esaera alderantzikatuz, «etxeko hautsak kanpoko hautsez estal».