Etorkizuneko Kolonbia
Etorkizuneko Kolonbia –
Joan den ekainaren 17an, historikotzat hartutako hauteskundeetan, presidente berria aukeratu zuten kolonbiarrek: Ivan Duque eskumako hautagaia. Mende erditik gora igaro da presidentziarako hauteskundeak bakean egin gabe. Indarkeriarik gabe, giro lasaia izan zen nagusi, eta herritar ugari gerturatu ziren hautestontzietara.
Bogotako eskualdeko Hauteskunde Ikuskaritzarako Misioak Eusko Legebiltzarra gonbidatu zuen. Horrek beta eman dit jarraipena bertatik bertara egiteko. Bigarren itzulia baino bi egun lehenago iritsi ginen. Beraz, aukera izan genuen zer nolako giroa zegoen ikusteko. Gizarte zibilarekin hizketan, konturatu ginen herria zatituta dagoela. Zatiketa hori agerian geratu zen 2016an, Santosen Gobernuak eta disolbatutako FARC gerrillak sinatutako bake-akordioaren inguruko plebiszituan. Eta halaxe izan da orain, Ivan Duqueren (eskumako hautagaia) eta Gustavo Petroren (ezkerreko hautagaia) arteko hauteskunde-lehian. Álvaro Uribe presidente ohiak lehena babesten du. Bigarrenari, berriz, chavismoaren gertutasuna leporatu diote, eta baita Kolonbian Venezuelako eredu politikoaren antzeko bat ezarri nahi duela ere. Duquek 10 milioi bozkatik gora lortu zituen, eta bere arerioak 8 milioi. Kontuan hartzeko boto-kopurua, ezkerreko aukeren aurreko emaitzak ikusita.
Goiz jeiki ginen igandean, Bogotako hainbat hauteskunde eskola bisitatzeko. Ez zen izan ez gorabeherarik, ez presiorik. Segurtasun operatiboak 157.000 polizia baino gehiago atera zituen kalera, eta ondo hartu zuen jendeak, boto eskubidea gauzatzeko orduan segurtasun handiagoa zuelakoan. Are gehiago: hauteskunde guneetara autoz iristea ez zen posible, hainbat kale moztuta baitzeuden. Sartu ahal izateko, Nazioarteko Begiraleak ginela egiaztatu behar izan genuen. Harrigarria egin zitzaigun, batetik, pasillo bereiztuak zeudela gizon eta emakumeentzat; eta bestetik, hautestontzian botoa sartzen zutenek ziurtagiri bat jasotzen zutela trukean, abantaila fiskalak lortzeko (garraiorako tasak, unibertsitatekoak…).
Bogotako eskualdeko hainbat eskola bisitatu genituen, eta kontrako sentimenduak ikusi genituen. Boto-emaile batzuk beldurtuta, itxaropentsu besteak. Erabat logikoa da, hauteskundeotan asko baitzuen jokoan herrialdeak: bake prozesuaren jarraipena, egoera ekonomiko konplikatua, ustelkeria edo narkotrafikoa.
Datorren abuztuaren 7an hartuko du kargua Iván Duquek. Lau urte baino ez ditu izango bere hauteskundeetako aginduak ezartzeko eta betetzen saiatzeko. 2015ean presidente zen Santosek bi agintaldiz jarraian gobernatzeko aukerari atea itxi zion. Duquek aurrez aurre dauzkan erronkak handiak dira Kolonbiaren etorkizunerako. Kanpainan agindu zuen hainbat kontu berrikusiko zituela FARCekin sinatutako bake akordioan. “Bakea bai, baina ez horrela”, esan zuen. Esaldi hori norarte iristen den definitu beharko du orain, esandakoa bertan behera utziko duen edo horri eutsiko dion. Baina kolonbiarrek argi dute FARC iragana dela, eta ez lukete ulertuko berriro ere borroka armatuari ekingo balio.
Beno, Kolonbiako hauteskundeen irakurketa sakonago bat espero nuen, eta topatu dudana axal-axalekoa iruditu zait, eta askotan faltsua…
Hasteko, etorkizuneko Kolonbia, argi dago, iraganeko Kolonbia izango dela. Ivan Duque presidentea Uriberen txotxongilo bat besterik ez da, eta Uribek irabazi badu, narkotrafikoak irabazi du, lider indigenak eta lurraren aldeko aktibistak hiltzeak irabazi du, falso positivoen erregimenak irabazi du, beste behin ere eskubiak irabazi du, herria txirotzeak, nekazarien baldintzak okertzeak, multinazionalak Kolonbia bezalako lurralde aberats batean sartzeak irabazi du, mehatxuak, desplazatuak eta hauteskundeetako iruzurrak. Gogoratu behar da-eta Duquek Kolonbiako 80 udalerritan biztanleak baino bozka gehiago lortu zituela, botoak erosten dituela etab.
Etorkizuneko Kolonbia bezala saltzen baduzu irakurketa, aipamen txiki bat egingo nioke iraganeko Kolonbiari.
Eta bake prozesua bukatu ez bada ere, bisita guztiz gomendagarria da Medellineko museo de la memoria delakoari, biolentzia eskala guztiaren nondik norakoak, alde bateko zein besteko biktimak onartuz eta historia azaltzen duen museoa da, ez dena batere astuna egiten. Bisita hori ahaztu zitzaizun agian Jaurlaritzako legebiltzarkide anderea Euskal Herrian ere aplikatu dezakegun zerbait ikaste aldera, probetxuzko zerbait, ez zuen probetxu politikorako zerbait…