Etorkinei ateak ixteko lehen pausua
Ez dirudi PSOEk aurkeztutako Atzerritarren Legearen proposamenak inor gustura utzi duenik. PPrentzat bigunegia, “erregulazio masiboen” beldur dira. Ez dute etorkinekiko duten ezinikusia gehiegi ezkutatzen…
Etorkinak ere ez daude pozik, politikariek dioten bezala elkarbizitza bultzatzeko proiektua izan beharrean, hainbat alorretan euren eskubideak murriztuko dituen neurria izango baita. Honako eraginak izango ditu, besteak beste, lege honek, onartzen badute:
Batetik, barneratze epea deiturikoa 40 egunetik 60ra pasako da. Hau da kartzela izenez deitu nahi ez dieten kartzeletan 60 egun pasa ahalko dituzte agiririk gabeko etorkinak. Deliturik egin ez dutenei bi hilabeteko itxialdia pairatzeko atea irekiko dio lege honek. Hau izan da lege proiektuaren zatirik eztabaidatuena.
Familiak elkartzeko neurriak ere gogortu egingo dituzte, gurasoak jatorrizko herrialdetik ekartzea zailduko da. Oinarrizko hezkuntza egiteko aukera ere, 18 urtetik beherako etorkinei soilik bermatuko zaie. Urte gehiago dituztenek, hor kon pon.
Proiektu honen beste alderdi iluna, etorkinekiko elkartasuna zigortzen duela. Gizartearen elkartasun keinuak mugatu nahi dituztela dirudi, legez kanpoko etorkinei laguntza eskaintzen dieten norbanako zein elkarteak zigortzeko bidea irekitzen baitu.
8 urtetan 4 aldaketa jasan ditu Atzerritarren legeak. Lehena onartu eta hilabetera heldu zen: agiririk gabeko etorkinen eskubideak murrizteko. Horiek kanporatzeko aukera onartu zen eta baita horiei biltzeko eta manifestatzeko eskubideak ukatu ere. 2003an Aznarrek delituak egiten zituzten legez kanpoko etorkinei zigorrak gogortzeko aldatu zuen legea. Zapaterok, presidente hautatu berritan etorkinak erregulatzeko bidea erraztu zuen. Orain bidea atzekoz aurrera egiteko prest dagoela dirudi.
Etorkinen elkarteak eta ezkerreko alderdiek gogor salatu dituzte proiektu honen hainbat neurri atzerakoi. Baina lege proiektuak onartua izateko lehen urratsa eman berri du. Gizartean ere krisaren eraginez, kanpokoekiko ezinikusiak azaleratzen ari dira. Berekoiago bilakatzen ari omen gara. “Gurearen” defentsan, hori “lapurtzera” datozenen aurka egiten dugu.
Agian, zoritxarrez, testuinguru honetan errazagoa suertatuko zaio PSOEri bere proiektua aurrera ateratzea.