Eta hala ere, hemen gaude
Eta hala ere, hemen gaude –
Gaur irailak 11, katalanek Diada ospatzen dute, Kataluniako Egun Nazionala. Herrialdeko pultsu politikoa ezagutzeko egun adierazgarria izan ohi da, eta halaxe izango da aurten ere, elkarretaratze jendetsua espero baita.
Gauzak horrela, Diadaren karira ARA egunkariak atzo argitaratutako editoriala itzuli dugu:
.
Hauxe da preso eta erbesteratuekin egiten dugun lehen Diada, eta horretxegatik da partaidetza hain garrantzitsua.
Astearte honetako [gaurko] Diada, azken urteetakoen aldean, ezberdina da. Preso politikoak eta erbesteratuak izateak, oraindik ikaragarriak zaizkigun urriaren 1eko poliziaren oldarraldiko irudiek, 155. artikulua ezartzearen eragin oraindik aztertu gabeak, autogobernua bertan behera utzi izanak edo independentismoan ahotsa dutenen arteko zalantza edo desadostasun estrategikoek panorama ezezagun, zalantzazko bat marrazten digute. 2012ko Diadarekin Procés delakoa abiatu genuenetik, lehen aldia da ez dugula zeruertz garbi bat, ezta egutegian iltzatutako zedarririk. Eta horretxegatik, Katalunia salbuespen egoeran dagoelako eta proiektu propio bat eraikitzeko indarge eta zatiturik nahi dutenen mehatxuari aurre egin beharrean delako, gaurko manifestaldiak izan dezakeen parte-hartzeak berebiziko garrantzia izango du.
Gaur da, eta hala ere hemen gaudela esateko eguna. Hantuste eta probokaziorik gabe, baina temati, urrutitik gatozela eta askatasunaren aldeko borrokan sarritan bidea lasterbiderik bakoa eta aldapatsua dela dakienaren ausardiarekin. Munduak eta Espainiak jakin behar dute proiektu soberanistak kataluniar herriaren zati esanguratsu baten nahiari erantzuten diola, gogor hartua eta ez onartua sentitzen denari. Aurre egiten diona funtsezko eskubideak mehatxatzen dituen sistema politiko bati, adierazpen askatasuna eta politikoki parte hartzeko eskubidea, esaterako; protestetan parte hartu edo iraintzat hartutako hitzak kantatzen dituen jendea jazartzen duen sistema politikoari, kalean banaketa sortu nahian dabilenari. Hemen, duintasun nazionala eta demokraziaren kalitatea dago jokoan.
Manifestazio jendetsu batek ez du milagrorik egiten, are gutxiago errepresioaren aldeko hautua egin duen Estatu baten aurrean, elkarrizketa politikoaren esanahia ezagutzen ez duenaren aurrean; baina mezu argi bat adierazten du: oso zaila izango da Kataluniako afera zigorren bidetik apaltzea, herritar askok egingo dielako aurre. Eta kataluniar herriaren eusteko gaitasuna, zapalduak ez izateko gogoa, bere kultura eta hizkuntza mantentzekoa, ikaragarri handia da, historikoki frogatu ahal izan denez. Kartzelatu ditzakete agintari politiko eta sozial batzuk eta erbestera bultzatu beste batzuk, baina ezingo dute eragotzi errepresaliatuekiko eta beraien familiekiko elkartasun mugimendu erraldoi bat eratzea. Ezingo dute eragotzi Katalunia gizarte aurrerakoi, abegikor, tolerante eta parte hartzailea izatea, eta ez bere iraganari aurre egiteko gai ez den Estatu ez eraginkor bateko probintzia multzoa izatera etsia.
Esentzialismorik gabeko iraunkortasuna, demokrazia eta gizalegea dira tresnarik onenak, Estatua behartuko dutenak gatazka hau mahai baten bueltan egindako negoziazioaren bidez askatu beharrekoa dela onartzera. Indarrarekin, une batez irabazi, irabaz dezaketela, baina ez gaituztela konbentzituko ulertarazi behar diegu. Eta katalanok etsiko ez dugunez, hobe dutela errealitate honetaz ahalik eta lasterren jabetzea. Mundu guztiari, Diada on.
Eta zein da gure egun nazionala?
Berpizkunde Igandea.
Tamalez Euskal Herrian ez dugu sekulan horrelakorik izango, euskaldunok ez dugu Katalunian duten egoera. Han katalana, ama-hizkuntza bezala, edonon entzun daiteke, hemen ordea soilik Gipuzkoan, Bizkaiko ekialdean, Nafarroako ipar mendebaldean, Arabako Aramaion eta Iparraldeko zenbait txokotan da nagusi, hau da, euskara ama-hizkuntza dutenen ehunekoa (ez da ahaztu behar ama-hizkuntza nortasunarekin lotuta dagoela) ez da %20ra iristen eta ez dago zazpi probintzietako eremu guztietan zabalduta. EHko zonalde askotan euskal munduarekin baino gertutasun kultural handiagoa dago Gaztela, Errioxa, Kantabria edo Aragoirekin. Hortaz, nekez aldarrikatu daiteke zazpi probintzietako independentzia nazioa eraiki gabe badaukagu.
Zapla. Eta batzuek oraindik kataluniakoa bezalako abenturetan sartu nahi gaituzte, ez dakit nik non bizi diren. Estatua eraikitzeko lehenik nazioa indartu behar da, eta nazioa hilzorian daukagu. Bada garaia espabilatzeko
Agian guk ez daukagu Diadarik, baina gutxienez “la vuelta” daukagu…