Estatu Batuak: Trans eztabaidan ez dago erdibideko konponbiderik

 

Artikulu hau Spiked aldizkari britainiarrean argitaratu zen abenduaren 2an. Meghan Murphy Mexikon bizi den kanadar-estatubatuar feminista erradikal eta idazlea da. The Same Drugs podcasta aurkezten du.

Orain, Demokratak Trumpen garaipen borobilari aurre egin beharrean aurkitzen direla, progresistak ahaleginak egiten ari dira jadanik identitate-politiken jolasarekin segitu nahi ez duen mundu batera moldatu nahian. Beti-betidaniko ezkertzaleak, woke ortodoxiaren aurrean zalantzaren bat agertu duen nornahi iraintzen aberastu diren horiek, orain ur-lasterraren norantz berrira egokitzen doaz, dotorezia handiz.

The Young Turks-eko  Ana Kasparian eta Cenk Uygur iritzilari hiperbolikoek, kolpetik, 180 graduko jira egin dute. Demokratak kritikatzen hasi dira elitista intoleranteak direla-eta, nahiz eta haiek berak urteetan aritu diren trans aktibismotik aldendu den edonoren izen ona laidotzen, “intolerante beldurgarri” deituz. Bat-batean, Uygur eta Kasparianen jomuga izan diren pertsonek egiten zituzten galdera berberak errepikatzen dituzte progresista izutu batzuek, eta orain “moderatu” definitzen dira.

Briana Wu trans eta Alderdi Demokratako aktibista (askok gogoratuko dute Gamergate Mugimendua hasi zuen “emakumea” izan zelako, bideojokoen munduan “emakumea” izateagatik “jazarri” zutela esan zuena) duela gutxi hasi zen bere burua “trans” gisa identifikatzen. Orain, trans aktibista “zentzudun” moduan lerratu da, trans pertsonen eskubideetan amore emateko prest.

Wuren iritziz, “trans aktibistek iparra galdu dute, estatubatuar arruntak aldendu dituzte eta, ondorioz, trans pertsonen eskubideen aldeko mugimendua ahuldu egin da”. Hori egia da, jakina. Estatu Batuetako azken hauteskundeetatik ikasi dugun gauza bat izan da estatubatuarrak nazkatuta daudela emakumeen kirol txapelketetan gizonak urrezko dominak irabazten ikusteaz. Ez dira besoak gurutzaturik geratuko, beren alaben aldageletan gizonak bals dantzari sartzen diren bitartean. Genero-identitatearen ideologia, azken hamarkadan guztioi ezarri zaiguna, oso bizkor ari da iraganeko kontua bihurtzen. Eta Demokratak horretaz ohartzen hasiak dira.

New York Times-en arabera, Seth Moulton kongresukide demokratak iradoki du alderdiak “gai transgeneroetan bere ikuspuntua aldatu beharko lukeela”. “Demokratak gehiegi saiatzen dira inoren sentiberatasuna ez mintzen, estatubatuar askok dauzkaten erronkei buruz brutalki egia esan beharrean” esan du Moulton-ek. “Bi alaba txiki ditut, ez nuke nahi kirolari gizonezko edo gizon izandako batek partida bate erdian haiek aurrean eramaterik; baina, demokrata naizenez, beldurra eman beharko lidake hau esateak”.

Iruzkin epel xamarra da Moultonena, kontuan harturik Moultonek trans pertsonen eskubideen aldeko hainbat lege-proiektu babestu izan dituela. Iaz, Joe Bideni eta Kongresuko buru demokratei zuzendutako karta bat izenpetu zuen, aurrekontuetan “anti-LGTBQI+ xedapenei” betoa jartzeko eskatuz, horien artean emakumeen kirola eskola eta unibertsitateetan babestearen aldeko bat zegoelarik. Orain, aldiz, dio “iritzi ñabartuak” dituela gai horien inguruan. “Badakit emakumeen eskubideek garrantzia dutela eta trans emakumeen eskubideek ere garrantzia dutela; hortaz, oreka zentzudun bat aurkitu behar dugu”, esan du.

Planteamendu zentzuduna dirudien arren, benetan ez da. Ez dago orekarik sexu biologikoaren auzian: edo gizona zara edo emakumea zara. Ez dago hori aldatzeko modurik. Frogatua geratu da jendeari besterik esanaraztea estrategia galtzailea izan dela.

Hertsaduraren aurrean, jendeak beldurra galdu dio trans pertsonei buruz egia esateari. Elon Muskek Twitter erosteak ere ondorio jakin batzuk ekarri ditu, orain ez baitago zentsuratua lehen hala zegoena. Duela bi urte, bat-batean, esan ahal izan genuen orain X izena duen plataforman, ez dagoela “okerreko gorputzean jaiotako” haurrik. Gizonen sexu konkretua identifika dezakegu, haien gustuko izenordainak gorabehera. Esan dezakegu gizonak emakumeen kirolean lehiatzea onartezina dela. Egia esan dezakegu. Baneatu egin ninduten, 2018an “Gizonak ez dira emakumeak” esateagatik.

Neuk banekien, eta baita sare sozialetako enperadoreek ere ondo baino hobeto bazekiten, zenbat eta jende gehiagok esan horrelako gauzak ahoz gora, gero eta jende gehiago ausartuko zela gauza berak esaten. Ausardia kutsakorra da, egia bezala.

Egoera berehala aldatu zen, Trumpek 2024ko hauteskundeak irabazi eta aste gutxira: Nancy Mace kongresukide errepublikanoak ebazpen bat aurkeztu zuen, non Kapitolioko eremuan gizon biologikoei debekatzen zitzaien emakumeen komunetan sartzea. “Full TERF” idatzi zuen Mace-ek Xen, bere ebazpenari buruzko albiste bati erantzunez. Bi egunera, Ordezkarien Ganberako lehendakari Mike Johnsonek agindua iragarri zuen: “Kapitolioko eta Ordezkarien Ganberako bulego-eraikinetako sexu bakarreko instalazio guztiak, hala nola komunak eta aldagelak, sexu biologiko horretako pertsonentzat bereizita daude”.

Wu, ustez moderatua, haserretu egin zen horregatik. Berak emakumeen komuna erabiltzeko eskubidea izan beharko luke, esan zuen, bera trans pertsona baita. “Alua daukat. Nire dokumentu guztiek diote emakumea naizela. 16 urte daramat gizon batekin ezkonduta”, argudiatu zuen X-en. Wuren argudioak, ordea, ez dira zentzuzkoagoak, edonork bere buruarekin erosoen sentitzen duen jantzi, aldagela edo komuna erabil dezakeela esaten dutenen argudioak baino. Zer alde ote dago “trantsizionatu” duen gizon baten eta trantsizionatu ez duen gizon baten artean? Batere ez. Kirurgia estetikoak eta paper zati batek ez dute gizon bat emakume bihurtzen, ez emakume izateko desio sakon batek baino gehiago. Gainera, genero-identitatea beti izan da sentimendu eta adierazte kontu bat. Ez da kontzeptu zehatza, egiaztagarria edo koherentea.

Wuk eta trans gaiak jorratzeko ikuspegi “moderatuak” hartzen saiatzen direnek ez dute ulertzen genero-identitatearen kontzeptua erabat baztertu behar dela. Ez dago kirurgiarik gizon bat emakume bihur dezakeenik. Ez da haur bakar bat ere mutilatu eta esterilizatu beharrik, “benetan bera izan dadin”. Ez da existitzen egoerarik non zentzuduna izango litzatekeen gizon bati kirolean emakume moduan lehiatzen uztea. Genero-identitatea legean kontzeptu gisa dagoen bitartean (hau da, norbait beste sexuarekin “identifika” daitekeela dioen ideia), gizonek emakumeak direla esan ahalko dute eta gizonak emakumeen espazioetara sartu ahalko dira.

Ideologia transgeneristak ez du zentzurik inongo testuingurutan, eta berdin dio horren kariaz Wu bezalako pertsonak deseroso sentitzen badira. Ez ditugu legeak egiten norbanako bakoitzaren nahikeria berezietara egokitzeko. Mugak zentzuz marraztu behar ditugu. Eta ez du zentzurik esateak gizon batzuk zinez emakumeak direla zergatik eta beste gizon batzuek baino indar handiagoz sentitzen dutelako, edo esfortzu handiagoa egin dutelako beren feminitatea erakusteko beste gizon batzuek baino, edo merezi dutelako, edo beren nortasun-agiriak hala adierazten duelako, edo beste gizon batzuekin ezkonduta daudelako. Muga beti egian marraztu behar da. Hasieratik, sentimenduetan oinarritutako salbuespenak egiten hasi ginenean sartu ginen nahaspila honetan.

Historiaren berridazte bat ikusten ari gara edo, gutxienez, haren estaltze saio bat. Aktibismo transgeneristaren aurka agertu ginenoi “intolerante nazkagarriak” deitu gintuzten aurrerakoi eta demokrata berberek orain diskurtso zentzudun bat eduki nahi dute, iraganean egoera hainbeste gaiztotu izan ez balitz bezala.

Aste honetako New York Times-eko artikulu batek “kritika gupidagabe” terminoaz deskribatu ditu disidenteek jasan dituzten mehatxuak, zentsura eta jazarpena. Badirudi hala deitu nahi diozuela, nik neuk, emakumeen eskubideez jendaurrean hitz egin ahal izateko, bizkartzain pribatuak kontratatu behar izateari; edo “TERF guztiak hil” nahi dituzten ekintzaile trans mozorrotuen talde batetik ihes egin behar izateari, edo gizon bat “He” izenordainaz aipatzeagatik lau urtez sare sozialetatik kanporatua izateari… Zeuen prerrogatiba da. Baina gezurra da.

Genero-identitatearen ideologiaren aurka agertu garenoi emandako erantzuna ez da kritika soila izan. Mehatxu bortitzak, zerrenda beltzak, diru-sarrera eta enpleguak galtzea, jazarpena, zentsura, plataformak erabiltzeko debekua, ostrazismoa, lagunak galtzea eta difamazio publiko amaigabeen urteak izan dira. Erresuma Batuan, poliziak txio batengatik emakumeak bisitatu izan ditu. Maya Forstater bezalako emakumeek lana galdu dute, gizonek ezin dutela sexua aldatu esateagatik. Emakume presoei eraso egin diete gizonezko harrapari biolentoek, politika Demokraten ondorioz. Adingabeen gorputzak betiko itxuragabetu eta antzutu dira, “genero-medikuntzari” esker. Emakumeek beren burua eta seme-alabak babesteko edo beren burua defendatzeko gaitasuna galdu dute.

Orain, arestiko guztia sartu ziguten aktibista berberak, dirudienez, “beren konfrontazio moduak birpentsatzen eta neurtzen ari dira, eta koalizioaren barnean ‘Dena ala Ezer Ez’ dioten ahotsei aurre egiten”. Hori txorakeria galanta iruditzen zait.

Amaitu da trans izu-erregealdia Estatu Batuetan. Irabazi dugu. Horrekin lotutako edozein “barne-azterketa” errealitate horri ematen ari zaion erantzuna baino ez da. Garaipen handi honi uko egin diezaiogun konbentzitzeko saio ustela da. Ezin diogu utzi planteamendu bigunago bati geurok emakumeekin, haurrekin eta errealitatearekin dugun konpromisoa lausotzen.

Moulton demokratak adierazi du “trans pertsonen eskubideen” eta emakumeen eskubideen artean “oreka bat aurkitu” nahi dutela, eta gaineratu du lortuz gero, “uste dut egoerari buelta eman eta benetan irabaz dezakegula”. Wu-k, antza, Demokratak “zentzunera, eguneroko gaietara itzultzea” nahi du.

Nire erdibideko kontzesioa honako hauxe da: baldin denok ados bagaude gizonak ez direla inoiz emakumeak, orduan aurrera egin ahal izango dugu, azkenean.

Estatu Batuak: Trans eztabaidan ez dago erdibideko konponbiderik

2 pentsamendu “Estatu Batuak: Trans eztabaidan ez dago erdibideko konponbiderik”-ri buruz

  • tran-tran Atzo

    Amonamantangorri, zeure Trans-en kontrako jarrera eta ardura temati etengabe hau sikologoan komentatzekoa duzula uste dut neuk… (aukeratu duzun ezizenetik hasita…)

  • Amonamantangorri Atzo

    Eskerrik asko erantzuteagatik, “tran-tran”.
    Nik behintzat ezizen bakarra erabiltzen dut gune honetan, besteek ez bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude