Esplotazioaren jaialdiak
Esplotazioaren jaialdiak –
Gutxitan egon naiz ni musika makro jaialdiren batean, hainbat egun irauten duten horietakoren batean. Berez, Euskal Herritik kanpo, erranen nuke bakarrean egon naizela, Viña Rock izenekoan, Albaceteko (Espainia) Villarobledo herrian.
Uste dut 2008 urtea zela. Garai hartan Berria egunkarian egiten nuen lan, eta lagun taldearekin egitekoa nuen bidaia aprobetxatu nuen zentsurari buruzko erreportaje bat egiteko. Izan ere, urte haietan, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika eta Berri Txarrak taldeek zailtasun handiak zituzten Espainian jotzeko, PP eta terrorismoaren aurkako elkarteek eskura zituzten baliabide guztiak erabiltzen baitzituzten hiru talde horien kontzertuak debekatzeko edo bertan behera uzteko.
Bada, urte hartako Viña Rock jaialdiaren edizioan, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika eta Berri Txarrak taldeek jo zuten, eta niri iruditu zitzaidan horren berri eman behar nuela. Eta egin nuen. Oso lan baldintza txarretan, baina egin nuen. Ortziraleko bestondoarekin, Su Ta Garren kontzertua ikusi eta argazkiak egin, korrika eta presaka nire autora joan, Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholikakoak telefonoz elkarrizketatu -nire inkonpetentzian, ez bainuen akreditaziorik eskatu-, internet mantso baino mantsoagoa baliatu, bero zapa izugarri pean erreportajea idatzi eta, hala eta guztiz ere, lortu nuen igandeko egunkarian zentsuraren aurkako garaipentxo horren berri ematea azalean eta barneko bi orrialdetan.
Balentria haren oso oroitzapen ona dut. Lagunekin, gainera, ikarragarrizko parranda egin nuen.
Baina atzo oroitzapen horiek lausotu zitzaizkidan. Viña Rocken lan egin izan duen langile batek langileen lan baldintza kaskarrak salatu baititu: 12-14 orduko lanaldiak egiten dituzte, ia gelditu gabe, aparteko orduak edo gaueko plusa kobratu gabe, kirol pabiloi batean halako moduan lo eginda, gaizki elikatuta, kaleratzeko etengabeko mehatxuak jasoz, Lan Ikuskaritza etorriz gero gezurra erran behar dutela abisatuta… Eta abar, eta abar.
Ni ez nintzen horretaz guztiaz jabetu, hara eraman nituen betaurrekoak bertze zerbait ikustekoak baitziren. Baina bistan da herri guztietan dabiltzala zakurrak oinutsik eta halakoei edonon erreparatu behar diegula, baita musika jaialdi ustez alternatiboetan ere.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 7koa]