Espainiako indar faktikoengatik bereziki

Espainiako indar faktikoengatik bereziki –

Ez da Katalunia independente 2021eko Diada honetan. Hedabideetan entzuten eta irakurtzen ari gara alderdi independentistak zatituta daudela, eta katalan independentistak haserre daudela horregatik –badakigu hala dela–, baina katalanak independenteak ez badira 2021eko Diada honetan da 2012tik 2017ra katalanek autodeterminazio erreferendum demokratiko loteslearen alde osatzen jakin zuten tsunami demokratikoa indar faktiko espainolek suntsitu zutelako. Nola? Errepresio antidemokratikoa baliatuz: herritar xumeen aurkako polizia-bortizkeria fisikoa –mila lesionatu inguru–, agintari politikoen aurkako errepresio juridiko-politiko eskerga, CDR eta beste hainbat militante independentistaren aurkakoa halaber –guztira lau mila inguru, Vincent Partalek oroitarazi bezala, errepresaliatuei katalan parlamentuak eskainitako aitortzan– bi alderdi politiko espainol nagusien babes eta bultzadarekin; enpresari espainol indartsuenen eta haiek diruz kontrolatzen dituzten hedabideen laguntza alimalearekin; eta hierarkia erlijioso katoliko espainolaren bedeinkapenarekin; erregea ororen buru zela.

Espainiako indar faktikoengatik bereziki
Arg: CUP

Gu ere ez gara independenteak Euskal Herri penintsularrean -kontinentalean, frantses jakobinismoagatik, noski-, batez ere espainiar indar faktiko armatuen ukazioagatik. Egia da Espainiako indar armatuen aurkako borroka armatuak ez zuela garaile ateratzeko beharrezkoa zuen herri-indar aski bildu, eta alderdi abertzaleen artean -abertzaleen zakua gurean askotarikoagoa da: independentistak, federalistak, autonomistak-, arrakala ezin gaindituzkoa sortu zuela, denboran aurrera eta are handiagoa, espainiar errepresio itzel-bidegabeaz gainera, baina gurean ere aterabide demokratikoen aurkari handienak -gogora Ibarretxeren plan moderatu eta uste onekoak izan zuen errefusa eta mespretxu negargarria- gorago aipatu ditugun indar faktiko horiexek berak izan dira, eta izaten jarraitzen dute.

Noiz lortuko dute katalanek, 2012tik 2017ra, alderdi independentista eta herritar independentisten artean lortu zuten batasuna berrirotzea? Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaia bertan behera geratzean?, zer paper jokatuko dute ANCk eta Omniumek eta herritar subiranista-independentistek delako bi gobernuen arteko mahai hori amnistia eta autodeterminazio edukiz bete dadin, edo bestela alderdi independentistak hortik alden daitezen, denbora galtzeko baino balioko ez duelako?

Benetako etsai antidemokratikoa zein den beti garbi edukitzea garrantzitsua izan daiteke, haren amarru eta trikimailuetan ez erortzeko. Horrekin batera, katalanek euren balio eta indarretan uste osoa izatea eta Espainia ez bezalako estatu eta gizarte bat sortzeko konbentzimendua sendotzea. Zergatik ez dira gai izanen, gauden hamarkada honetan bertan, atzera berriz indar handiagoz bigarren tsunami demokratiko katalan espainiar errepresioz suntsiezina osatzeko?

Horretan guztian, katalan hizkuntzan eta katalan herriaren historian bermaturik katalan identitatea sendotzea lagungarri handia izan liteke, ikus-entzunezkoak eta batez ere ikus-entzunezko espainiarrak gailentzen diren honetan zaila izanagatik.

Esan beharrik ez dago, guretzat ere balioko lukeela gorago esandakoak, oraingoz heldugabeago eta urrunago hautematen badugu ere. Gogoratzea komeni da 2005era arte edo, Espainiatik askatzeko bidean, euskaldunak aurreratuago sumatzen gintuztela katalanek. Orain, alderantziz da. Bihar edo etzi? Zaila bai. Ezinezkoa ez!

Espainiako indar faktikoengatik bereziki   Espainiako indar faktikoengatik bereziki 

Saiakera-idazlea

2 pentsamendu “Espainiako indar faktikoengatik bereziki”-ri buruz

  • Diada ospatu baino lehen idatzitako artikulua da. Batez ere ETB ikusten duzu, eta ematen du arazo handiena independentisten zatiketa dela. Horixe ez partekatzeak sortutako artikulua da.
    Diadan, katalan independentistek erakutsi dute beren nahi sendoa.
    Alderdi independentistak estrategia ezberdinetan katramilaturik dira, eta Espainiako Gobernua kontent katramilarekin, eta hura gehiago katramilatu nahiz. Kostatuko zaie katalanen nahi sendo eta zabala zapuztea.

  • Semenogorri 2021-09-15 12:29

    Egun on, Patxi edo Pako!
    Kataluniako independentzia prozedurak huts egin du, goitik geldiarazi zutelako. Erreferendum loteslea egin zutenean helburura eraman behar izan zuten, hau da, lurraldearen kontrola bereganatu, hildakoak hildako; Lituanian eta Eslovenian, adibidez. Ezin zen kanpora begira geratu, Europatik bertatik konponbidea etorri balitzaie bezala, politikari batzuen kokolokeria nabarmenean edo nahita, batek daki!
    Europan azkenengo hamarkadetan erreferendum batzuk egon dira esku hartze txiki batekin, gehienak; batzuk lotesleak, besteak, ordea, ez, esaterako: Europako konstituzioa ezartzen zuen itunari buruzko erreferenduma, % 42ra heldu ez zelarik. Baina, indarrean sartu zen.
    Aitzitik, jende katalandarra oso ondo antolatuta zegoen horretarako, tailerrak berariaz horretarako prestaturik zeuzkatelarik. Ikusi baino ez da egin behar urte batzuk beranduago “prozesu independentistaren” aurka buruturiko auziaren epaia gertatu zeneko “Prat” aireportuko erantzuna edo beste batzuena. Izan ere, Aenak ordu gutxitan sekulako galera ekonomikoa izan zuen burtsan. Mantendu leku askotan egoera bera denbora batez, jendetza trinko horrekin.
    ERCko aitzakia izan da % 47tik ezin zela gehiengorik eraiki independentziarako bidean eta egondako jazarpen juridiko-politikoa aitzakia. Debeku, arau eta kalte fisikoak etsaiak ezarri eta sortu dituenean bada, gero! Hautesontziak lapurtuz, errolda eta abar! Mundu guztiak dakien modu berean.
    Tira, hori edonork daki lehen aipatutako estatu berri horien harira, Serbia eta Errusia hankamotz ez ziren geratu eta!
    Baina, han jendearen prestasunak badirau, horrenbeste aspertu eta nekatzen ez badituzte, jakina!
    Hemen, ostera, ezer ez! Lehen folklorea zegoen, orain, ezta hori ere!