Eskuineko alderdiak eta bankuak, besarkada estuan
Eskuineko alderdiak eta bankuak, besarkada estuan
Badira hutsune esanguratsuak. Espainiako Tribunal de Cuentas delakoan, esaterako, atentzioa ematen du Alderdi politikoei, beraien egunerokorako eta hauteskunde kanpainetarako, kredituak eman dizkieten bankuen zerrendarik ez agertzea.
Zergatik ez dira agertzen?
Alderdi politikoen eta beraien fundazioen kontuei buruzko eztabaida dute orain Espainiako Kongresuko komisio batean. 2012-2013 urteei dagokionean, aztergai direnak, PSOE, Ciudadanos eta Podemosek eskatua zuten informazio hori, non agertu beharko ziren kredituak eskatu zituzten alderdi politikoak, eskatutako diru kopurua eta eskaria jaso zuten bankuen zerrenda -esaten da alderdi asko zirela zenbaki gorrietan-.
Alderdi Popularrak baina, atzera bota du eskaria, azken komisioan bi kide falta izan zirenari esker. EAJko Maria Dolores Etxano eta PdeCat-eko Joan Bagué ez ziren agertu batzar erabakigarrira. hara!
Eduardo Bayonak, CTXT hedabidean “Eskuinaren eta bankuen arteko betiereko besarkada” deitu duen analisian, horrela kontatzen du auzia. Kazetariaren aburuz, egintzaz ala omisioz, gardentasuna berriro izan da galtzaile. Honakoan, diruari buruz hitz egitean, eskuinak historikoki erakutsi duen lankidegoari esker; bankuek prestatutakoaz bada ere.
.
Zorpetuak
Egun, `sistemaren´ arazo nagusietako bat ei da alderdi politikoen finantziazioarena, Bayonak dioenez; gogoratu PSOEren Filesa, PPren Naseiro, “tres per cent” delakoaren susmoak edo EAJri “kasik doan” atera zitzaion makina txanponjaleen auzia; ahaztu gabe zenbait kutxek, La Caixak esaterako, alderdi batzuei barkatutako zorrak.
Alderdi politikoak jendartearekin bat egin ezinik badabiltza, egun militante baino kargudun gehiago dago-eta, beste arazo bat dute mendekotasunarekin, garbian mugitzen duten diru kopuruaren %80a diru-laguntzak baitira. Gainontzeko gehiena afiliatu eta aldekoek emandako sosak dira, baina hemen ere bada zer argitua. Alderdiei ordaindutako kuotak desgrabatzeko aukera dagoen arren, militanteek Ogasunaren aurrean onartutako ordainketak baino hiru aldiz diru gehiago jaso zutela diote alderdiek egindako aitorpenek -2013az ari gara orain ere-. Bitxia, ezta?
Diru emate hauek alderdiengan konfiantza adierazten dute? Auskalo. Ukaezina zera da, bankuek badutela alderdiengan konfiantza, 2013an 205 milioi baino gehiago baitzituzten emanak kredituen bidez.
Alderdi politikoen finantziazioari buruzko arauek, bankuek zorrak barkatzea zigortzen du egun, zentzuzkoa ematen duen neurria, diru publikoarekin bankuak erreskatatu ostean; izan ere, zorrak barkatzearena ez da batere ohikoa beste zordun mota batzuentzat. Alta, badago kontraesan bat eredugarria izan nahi duen arautegian, Tribunal de Cuentas y de las Cortes delakoaren funtzionamenduari begiratzen badiogu. Arau urratzeak zigortzeko epea lau urtekoa da, eta egunotan 2012-2013 urteak dira fiskalizatzen dabiltzanak. Geldotasun honen aurrean, fiskaltzak arautegia fintzea eskatu du, baina eskariak Kongresuan izan duen oihartzuna ikusita, ez bide du ematen aldaketak gauzatuko direnik.
2013an alderdi politikoek zituzten zorren erdiak Espainiako bi alderdi nagusienek zituzten, kasik 64 milioiko zorra PSOEk eta kasik 40 milioi eurokoa PPk; hauen ondoren, 21 milioi eurotik gorakoa EAJk. Gainera, 2014tik aurrera bizi izan dugun hauteskunde giroak ugaritu egin ditu eskatutako kredituak, edo beste aldetik begiratuta, bankuek alderdi politikoei emandako laguntzak.