Eskoziaren unea iritsi da
Hiru urte daramatza Idiazabalgo herri ekimenak harremanak lantzen Eskoziarekin, Highlands eskualdearekin bereziki, autodeterminazioaren aldeko bidean pausoak ematen. Baina zergatik Eskoziarekin? Bada 2011n egingo duelako Eskoziak independentziaren inguruko erreferenduma. Maiatzean dituzten hauteskundeen aurretik zen egitekoa berez galdeketa, Saint Andrew jai nazionalaren egunean, azaroaren 30ean, baina alderdi nazionalak parlamentuan nahikoa sostengu eskuratu ez duenez, atzeratu egingo dute galdeketa.
Alex Salmondek, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarekin eta berdeen laguntzarekin Eskoziako lehen ministro izatera iritsi zenetik egin du erreferendumaren aldeko apustua: «Gure helburuak indarrak metatuz lortuko ditugu, eta hori demokratikoki egingo dugu; beste indarrei eskatuz». Erreferenduma egiteko aski babes ez izateagatik atzeratu beharrak “mindu” duen arren, itxaropentsu dago: «Galdeketa ez egiteak plataforma indartsua ematen digu jendearen laguntza eskatzeko hurrengo hauteskundeetan». Gaur egun autonomia fiskala berebizikoa du Eskoziak: «Ezin diogu ogi zatitxoaren aukera izateari uko egin. Hobe ogi zatia eskutan izatea, ogi osoa galtzea baino».
Baina zer dakigu komuneko bonba, anestesia, penizilina, faxa, hozkailua, telegrafoa, telebista, telefonoa edota gurpil pneumatikoak asmatu zituen nazioari buruz?
- Eskoziak, gaur gaurkoz, Ingalaterra eta Galesekin batera, Britainia Handiko Uhartea osatzen du, eta hiruok eta Ipar Irlandarekin batera, administratiboki Erresuma Batua dira, nahiz eta autonomia maila handia duten.
- 78.772 km2 –ko hedadura hartzen du Eskoziak, eta 790 uharte baino gehiago ditu. km2-ko 65 biztanleko dentsitatea du, gutxi gora-behera 5.120.000 biztanle baititu. Hiriburua Edinburgh da eta hiri handiena Glasgow. Bi eskualdetan banatua dago Eskozia, Highlands-ak eta Lowlands-ak.
- Ingelesa da Eskoziako hizkuntza nagusia, eta honen antzeko den eskoziera ere erabiltzen da, maila apal batean. Gaeleraz 60.000 lagun inguru mintzatzen dira, eskoziarren %2a. 60ko hamarkadan hasi zen gaelera berrindartzeko mugimendua, eta egun hezkuntzan lekua egiten ari da. Historian zehar, gaelera –Eskoziako musika tresna eta jantziekin batera- heriotza zigorrarekin debekatua egon da behin birritan.
- William Wallace da eskoziarren heroi nazionala. Wallacen kondaria 1296tik dator, Lanark herrixkako sheriffa hil eta ingelesen okupazioaren kontrako erresistentzia antolatu zuen herririk herri. 1305ean herrikideek traizionatu eta Edward I.aren aginduz urkatu egin zuten, baina ez zen hala hil; kondairak dioenez , gorputza zatikatu eta hiri desberdinetan erakutsi zituzten Wallacen atalak. Munduarentzat Mel Gibsonek haragitu zuen Eskoziako heroia, Braveheart filmean.
- Musikari edota musika talde garaikideen artean, Franz Ferdinand, The Jesus and Mary Chain rock taldea, Oil Polloi punk taldea, Amy Macdonald, The Twilight Sad indie rock taldea, Belle & Sebastian pop taldea, Primal Scream, Travis edota Snow Patrol aipa litezke.
- Idazle klasikoen artean, eskoziarrak dira, Robert Louis Stevenson, Walter Scott edota Arthur Conan Doyle.
- Futbola eta errugbia dira Eskoziako kirol nazionalak, baina herri kiroletarako afizio handia dute. Eskoziatik kanpo sekula egin den eskoziar herri kirolen erakustaldi handiena bihar Ordizian egingo dute.
Hizkuntzaren inguruko datuak ez dira, oker ez banago, oso zuzenak. Eskozian, gaelera eta ingelesaz gain, eskoziera ere egiten da, hau da, ingelesaren aldaera berezia(hala esaterik badago, noski).
Guk saioa berezia egin dugu gaur, eta oso skotix_zalea geratu zaigu, laister partekatuko dugu zuok guztiokin.
http://albisteak.euskalherrian.info
Scotsera hizkuntza bat den ala ez den ez dago oso argi, askok diote ingelesaren adaera bat dela. Ez du ofizialtasun-mailarik, eta ez da hezkuntzan erabiltzen, baina Unescok aintzat hartzen du.