Errusia Europa da

Errusia Europa da – 

Errusia Europa da

Mapan ikus daitekeen bezala, Errusiaren zati handi bat Europan dago. Europako zatiaren azalera 4 milioi km2takoa da eta Europa osoarena 10 milioikoa. Beraz, Errusiaren lurra Europaren %40 da, erditsua. Hain handia izanik -eta boteretsua bestalde-, nola liteke hain ezezaguna izatea?

Egin dezagun memoria ariketatxo bat eta saia gaitezen gogoratzen aspaldiko urteetan zenbat aldiz ikusi ditugun Moskuko kaleak telebistan eta egunkarietan, zenbat film errusiar zine aretoetan, zenbat aldiz Errusiako hauteskundeen inguruko hausnarketak, zenbat talde folkloriko gure antzokietan beren edertasunaz gozatzeko, zenbat erreportaje idazle, margolari, eskultore eta gainerako artista errusiarren lanak erakutsiz, zenbat dokumental hango monumentu izugarriak ezagutaraziz… Herritar gehienok ez dakigu deus errusiarren bizimoduaz, kulturaz edota ohiturez. Hainbeste aldiz ikusi dugun ilargia hobeki ezagutzen dugula esanen nuke. Mapan ikusita dakigu Errusia Europan dagoela. Hortik aurrera, deus gutxi. Eta ezagutzen ez dugunarekin ezin dugu enpatizatu, ezezaguna ezin dugu maitatu.

Errusiak ekarpen handiak egin dizkio Europari

Baina gauza batzuk oso ongi dakizkigu. Adibidez, II. Mundu Gerra Errusiari -“armada gorriari” zehazki esanda- esker irabazi zela. Errusiarrak -sobietarrak nahi bada- iritsi ziren lehenik Berlinera eta beraiek izan ziren Hitlerren azken defentsak hautsi zituztenak. 26 milioi eta erdi errusiarrek galdu zuten bizia garaipena lortu aurretik. Bere populazioaren %14 ia; ariora, 340.000 euskal herritar. Eta II. Mundu Gerra amaitzeko ez zuten bonba atomikorik bota, errusiarrek beren odola eskaini ziguten. Ez al gaude zorretan beraiekin?

Bada ongi dakigun beste gauza bat ere. Duela bi urte arte, Europak petrolioa eta gasa Errusiari erosten zion, prezio onean gainera. Honek ahalbidetu zuen Europako mendebaldearen ekonomia oso lehiakorra izatea eta europar gehienok, oro har, bizi maila txukuna izatea. Zigorrak ezarri eta gero, zer dugu orain? Bizi-maila jaitsi egin zaigu eta lehen lagundu egiten zigun Errusia orain inoiz baino urrunago. Azken bi hamarkadetan Errusiak interes handia izan du Europako gainerako Estatuekin harreman onak izateko. Edozein eratako guda arriskua saihesteko NATOn sarrera eskatzera iritsi zen. Baina behin eta berriz ukatu diogu lankidetzarako aukera. Zergatik? Hori da egunen batean Europako Batasunako agintariek argitu beharko digutena, errusiarrak gu bezain europarrak baitira.

blogak.eus/euskal-herritik

Errusia Europa da

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

21 pentsamendu “Errusia Europa da”-ri buruz

  • Mongoliarra 2024-02-26 21:12

    Errusiak bere patua Txinari gehienbat baina baita Ipar-Korea eta Irani lotu die. Onerako edo txarrerako den denborak esango du. Baina luzaroan ezingo da herrialde europearra kontsideratu, geografia gora-behera.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-26 23:40

    Europan dagoen zatiko errusiarrak kulturalki eta historikoki lotuago daude gurekin txinatarrekin baino. Eta politikoki azken hamarkadetako beren apustua gurekin harremanak estutzea izan da. Orain galdera zera da: haiekin harreman politiko-ekonomikoak estutu nahi ditugu ala Asiarrekin lotu daitezen sustatuko dugu? Une honetan garrantzitsuena guk zer nahi dugun argitzea da. Eta europar bezala, europar guztiok harremanak estutzearen alde egin beharko genukeela uste dut. Europako Batasun honek herritarroi ez digu laguntzen -ikus nekazari eta abeltzainak-. Eta ikus NATOren eskutik nora eraman gaituen. Beste antolaketa bat behar dugu Europan, EBik eta NATOrik gabe. Herrien eta herritarren Europa behar dugu.

  • Mongoliarra 2024-02-27 09:32

    Bai Joan Mari, gertu gertu dugu “herrien eta herritarren Europa. Han denok zoriontsu biziko gara ortzadarren azpian gure unikornioetera igota.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-27 09:55

    Politikariek erabakiak hartu behar dituzte. Eta herritarroi haiei presio egitea dagokigu. Presioa bide egokitik egiteko, guk ideiak garbi izan ditzagun komeni zaigu. Adarbakarrak eta halakoak film merkeetarako bakarrik.

  • Azken mendean Errusia gulag-aren sinonimoa izan da eta da. Zenbat eta urrutiago orduan eta hobeto.

  • Mikel Haranburu 2024-02-27 14:32

    “Europan dagoen zatiko errusiarrak kulturalki eta historikoki lotuago daude gurekin txinatarrekin baino”.
    Bai, gu ere kulturalki eta historikoki askoz lotuago gaude Espainiarekin eta Frantziarekin, eta hala ere politikoki haiekiko loturak hautsi nahi ditugu. Katalanek ere berdin, arestian ikusi dugunez, eta Europan beste asko daude gure egoeran.
    Bitxia, bestalde, Errusiarrek (Europan dagoen zatikoek bakarrik ala?) gurekin (Euskaldunokin?) harremanak estutu nahi izatea, eta auzo duten Ukrainarekin berriz suntsiketa, mesprezua eta gerra nahi izatea… ea desagerraraztea, edo gutxienez beren Federazioan disipatuta egotea…
    Nik neronek, eta erabaki behar bagenu (nondik ateratzen duk “Orain galdera zera da” delako hori?), ikusitakoak ikusita, askoz hobe deritzot Asiarekin eta ez gurekin harremanik izatea. Ez dut inolako beharriik ikusten Errusia bezalako batekin lerratzeko, ez eta Txinarekin… uste dut herrien eta herritarren Europa izatekotan, herriak bereiz eta herritarrak libre behar luketela… zenbat eta antolaketa gutxiago, hobe.
    Izan ere, estatua ez den, baizik eta aliantza militar den NATO eta Europar Batasuna estatuen antolakuntza ez baitira parekagarriak; Errusiak ere badu bere inguruan SKIE delako antolaketa militarra, baina ez Ukraina eta ez “gu”, ez gaitu bertara gonbidatu…

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-27 15:31

    Harritu egiten nau zenbateko gorroto diozuen Errusiari eta nola sekula ez duzuen aipatzen nazien politika genozida egiten ari den Ukrainako Gobernua. Ez dut orekarik ikusten.

  • Mikel Haranburu 2024-02-27 21:01

    Azkeneko argumentua izaten da psikoanalisiarena.
    Ukrainak ez du Errusia inbaditu, oso nazia izanagatik. Ukrainak Europan sartzeko ahaleginak egin ditu, eta Europako beste herrialde batzuren laguntza izaten ari da: Polonia, Txekia, Lituania, Estonia, Finlandia… SESB eta ondorengo Errusia (inperioa) ongi asko ezagutzen dutenak, guk baino askoz hobe eta zuzenkiago.
    Ukrainak ez du politika genozidadrik egiten; Donbasen urtetan egon den gatazka, Errusiak sustatu du, horretarako armak eta hizkuntza hedatuz. SESBek erabilitako teknika zaharra da. Populazioa hara eraman, eta gero esan hangoak Errusiarrak direla. Georgian bezala. Baltikoetan bezala. Hori erakusten du kanpotik antolaturiko erreferendumetan aukerarik ez egoteak Donbas Herri Errepublika izateko (edo Krimea, edo Kherson, edo Zaporizhiako Errepublika izateko), baizik eta Errusia, Errusia ala ezer ez.
    Handik heldu informazioa, asko Errusiaren eskutik zabaldu da; Ekai Zenter bezalako Errusiar propaganda guneetatik, negazionismo guztien gordelekua, terraplanismoarena izan ezik, eta Yandex.ru gunean kokatua (lehen behintzat). Hamarkadak dira Errusiak propaganda zoko-moko guztietara zabaltzen duela. Guztietara, Errusian bertan izan ezik. Oleg Orlov atxilotu dute gaur, artikulu baten kariaz, non armada kritikatzen omen zuen. Bi urte eta erdi kartzelan. Orain haren biografia ezagutzen duzuenok, azal iezaguzue hau ere oso nazia dela, Navalni bezain.
    Psikoanalisia nioen… gezurra dirudiena, nola mendebaldeko jendek Putin horren aldare altuan jarria duten, KGB kume, orain intelektualki eta politikoki sei hamarkadako atzerapena duena,

  • Erraten duzunaren erdia, hizkuntza eta beste, gezur erabatekoa da. Zerorren ezjakintasuna baino ez duzu adierazten. Ez duzu ideia zipitzik ere Errusiaren historiaz, eta Ukrainiakoaz, boa txabal.

  • Mikel Haranburu 2024-02-28 10:36

    Nik hemen iritziak besterik ez dut ematen, ez leziorik. Zuk bi lerro horietan ere ezer gutxi erakutsi duzu Errusiaren zein Ukrainaren historiaz, kizi bat gehiago niri buruz, baina ni ez naiz hemengo gaia.
    Hala ere, erraten dudanaren erdia gezurra izaki, beste erdia erabateko egia dateke noski…

  • Sobiet Batasunaren ikuspegi fantasiatsu bat daukazu benetan, azken textuetan aipatu duzun bezala. Ukrainarrek Poloniarrei eginiko basakeriek unkitzen zaiztuzte (zure diskurtsoarekin bat egiten duelako) baina Holodomorra(bai Ukrainia, Transkaukasie eta Kazahstanen), herri osoen lekualdatze masiboak milaka eta milaka hildako eraginez (Txetxen, ingush, balkar, kalmukiar, tatar, kurdu, estoniar, alemaniar, Korear,,,), 1936-1937 SESBen fusilaturiko 724.000 herritarrak eta gulagetara bidaliriko 1.300.000 herritarrak, ejerzito gorriak egindako basakeriak (miloika bortxaketa, sarraski, atzera egiten zutenen metrailetaz akatu, beraien presoak gulagetara bidaltzea, badaezpada ere), Segi nezake, baina uste nahikoa dela zure itsutasuna (eta beste askorena bide batez) agerian jartzeko. Errusiarekiko miresmena bide beretik dioakizue.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-29 09:35

    iker2, oker ez banago, Sobiet Batasuna bakar-bakarrik Hitlerrekin eta II. Mundu Gerra amaitu zutela esateko izan da. Beraz, hau ukatzeko ez bada, ez dakit zertarako aipatzen dizkidazun horiek denak.

  • Joan Mari, beste textuetan ere aipatu dituzu gerrate mundialean egindako sarraskiak. Baita ere eskertuta egon behar genukeela gerrate mundialean Europa salbatzeagatik, galdeiezu beraien zangopean beste 45 urte pasa zituztenei.
    Gainera nazienganako duzun obsesio hori gerrate mundialean sobitarrek sorturiko mitologiatik datorrela deritzot. Horregatik zen neure erantzuna.

  • Arrazoi duzu, Errusia europa da. Nolatan zabaltzen da ba orduan ozeano bareraino? Errusiak, hainbat eta hainbat herrialde zapalduz, inperio bat eraiki duelako. Doazela ba errusiarrak bere jatorrizko lurraldera eta aska ditzatela bai Europan bai Asian menpean dituzten nazioak behingoz.

  • Beñat Castorene 2024-03-04 17:59

    Nik ez dut sekula konprenitu zergatik ez den Errusia sailkatzen gelditzen diren azken inperio kolonialistetan!
    Norbaitek balaki esplika beza mesedez.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-03-04 19:49

    Beñat, ezagutzen al dituk Errusiaren historia, kultura, tradizioak, barne politika, herritarren iritzi eta sentimenduak eta abar? Seguru aski, nik bezala, deus gutxi edo bat ere ez. Ni horregatik ez nauk ausartzen Errusiaren barneko gauzez hitz egitera. Munduan egiten dituenez bakarrik ausartzen nauk iritzia plazaratzera, kanpoan egiten duenaz nola edo hala kalitatezko informazioa jasotzen dudala iruditzen zaidalako. Kolonialistak, Espainiatik hasita, Europako mendebaldeko denak izan dituk. Bestalde, esaidak Errusiak daukan edo eduki duen koloniaren baten izena.

  • Beñat Castorene 2024-03-04 21:35

    Joan Mari,
    Ez bazira ” …ausartzen Errusiaren barneko gauzez hitz egitera…” ezin duzu beraz ene galderari erantzun.
    Kolonia baten izena?
    Aliritzira horra bi: Daghestana eta Bouriatia
    Adeitasunez

  • Zalantzarik ez Errusia Europa dela, Europar guztion interesa dela harreman onak izatea Errusiaren eta EBko herrialdeen artean, eta norbaiten interesa dela harreman hori eragoztea, EBko herrialdeak ahultzeko eta, ahal den neurrian, Errusia menderatzeko.

  • Mikel Haranburu 2024-03-19 10:36

    Tamalez, badirudi Errusian zera pentsatzen dutela, Europa Errusia dela… Hango telebistakumeek hala diote sarritan, Lisboaraino iritsiko direla beren “Mundu Errusiarrarekin”…
    Eta modurik egokiena bilatu du Errusiak harreman onak izateko gero!

  • Momentuz NATO izan da ekialderantz zabaldu dena, Sovietar Batasun ohiko herrialdeak ere bereganatuz, eta Errusia egoera jasanezin baterantz bultzatuz, era guztietako eraso eta probokazioekin. Orain Macronek soldadu frantsesak (atzerriko legioa, kanoi bazka atzerritarra, noski, ez herritar frantsesik, momentuz) bidaltzeko prest dagoela dio, Frantziarekin inolako zerikusirik edo loturarik ez duen herrialde batera…. Zein izango litzateke USAren erreakzioa antzeko zerbait egingo baliote Mexikon edo Kanadan? Badirudi Europako agintari eroek eskalada baterantz eraman nahi gaituztela, eta herritarron erreakzio bakarra zera izan daiteke: GERRARIK EZ!!

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-03-20 23:52

    Mikel, Errusiak ez du Europan inolako konkistarik egiteko asmorik. Ez ahaztu munduko herrialde zabalena dela, km2 milioi ugari eta jende gutxi daukana. Nahiz eta askotan esaten diguten hori, guk ez dugu sinetsi behar. Propaganda hutsa da. Gure arazorik handiena oraintxe dugun klase politikoa da, yankien zerbitzura jarrita daudela, Europako herritarron interesak bazterrean utzita. Konkistatu nahi gaituztela bakarrik diru gehiago armak erostera bideratu ahal izateko esaten digute. Aurrena jendea ikaratu eta gero nahi dutena lasai egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude