Errusia, erakargarria munduan

Errusia, erakargarria munduan –

Errusia, erakargarria munduanZUZEU webgune honetan ere, “Mendebalde” deituriko leku guztietan bezala, errusofobia antzematen da. Oso zabalduta dagoen fenomenoa baita. Gaitza dei diezaiokegu. Gaitza, birusak barru-barrutik eragiten digun bezala, errusofobiak erraietatik egiten baitigu kalte. Kasu gehienetan, errusofobia ez da arrazoi eta argudioetan oinarritzen den zerbait, sentsazio eta sentimenduetan baizik. Beste modu batera esanda, irrazionala da.

Sistemak komunikabideen bitartez gure baitan txertatu digun birus honek egiten digun kalteari aurre egiteko, Russia Today telebistaren AHI LES VA! programaren atal bat ekarri nahi izan dugu hona. Programa honetan Iñaki Gil de San Vicente donostiarra eta Atilio Borón argentinarra mintzo dira, munduko ezkertiar askoren artean Errusia zergatik dagoen ongi ikusita azaltzeko asmotan. 17 minutu irauten duen bideo hau botika ona izan daiteke errusofobia gaitzak jota daudenentzat. Ontzi txiki honetan dauden pilula garrantzitsuenak hauek izan daitezke:

* Errusia ongi ikusia izateko lehen argudioa ezaguna bezain argia da: Errusiak egin zuen munduan izan den lehen iraultza sozialista, iraultza sobietarra. Planeta osoan sortu zen atxikimendu erraldoi haren arrasto handia geratzen da oraindik gaur egun. 90 urtez iraun zuen iraultza sobietarra galtzean belaunaldi batzuk ulertu dute zerbait garrantzitsua galdu genuela denok. “Mendebaldeak” ez baitu Errusia bakarrik mendean hartu nahi, subiranotasuna bilatzen duten guztiak baizik, horretarako erresistentzia egiten duten herriak zapalduz.

* Errusiak hartu zuen mendean Europan bortizki hedatu zen faxismoa, askatasunari eta eskubideei ate berriak zabalduz eta II. Mundu Gudari amaiera emanez.

* Egun geoestrategikoki Errusia da AEBen eta Europako haien morroien eraso bortitzaren jomuga nagusia. Hortaz, gaur inperialismoaren aurkako eragile nagusitzat hartua da Errusia eta atxikimendu handia sortzen du planeta osoan.

* Errusia Iñakik estatu burges subirano gisa definitzen du, bere independentzia sutsuki defendatzen duena eta bere barruan eta mundu osoan klaseen arteko indar oreka lortzen saiatzen dena.

* Atiliok dio Errusia kapitalista izan arren, iraultza sozialistaren garaiko konkista asko mantentzen duela: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, garraioa… herritar guztientzako eskubide gisa. AEBetan dirurik ez duen gaixoa hil egiten den bitartean, Errusian behar duen arreta ziurtatua du.

* Errusian garrantzi handia dute tradizioek eta kulturak. Errusiako sistema oso errusiar erakoa da, desberdina. “Mendebaldetik” ulertzen zaila.

* Errusiako Gobernua “Mendebaldeko” eskuinarekin parekatu nahi duena akats izugarria egiten ari da analisian.

* Eta Errusia inperialista izatearen akusazioaren aurrean, zer?:

Atilio Borón: ezezko biribila. Errusiak ez dauka base militarrik munduan barreiatuta. Hortaz gain, Gobernuak herriaren babesa du eta, orobat, BRICS eta multipolaritate osoarena. Errusiak ez zuen inoiz koloniarik izan Afrikan. Errusiak ez zituen errusiarrak bidali afrikarrak ehizatzera. Errusiak ez zuen inoiz lurrik konkistatu, ez zuen inoiz koloniarik antolatu. Beraz, desberdintasuna handia da Europako beste herrialdeek egindakoarekin alderatuta.

Iñaki Gil de San Vicente: Errusia Afrikara hurbiltzen denean herri sinpatiaz hartua da, Sobiet Batasuna, Kubaren antzera, Afrikako deskolonizazio eta eskubideen aurrerapenean erabakigarria izan zelako. Eta laguntza diplomatiko, ekonomiko eta tekniko handia eman zuen kolonialismoaren aurka. Horrek sinpatia izugarria utzi zuen Afrikako herrialde askotan. Afrikaren eta Errusiaren arteko harremanak ezin dira inolaz ere alderatu herrialde inperializatu baten eta herrialde inperialistaren arteko harremanekin. Elkarrekiko harremanak ehundu dituzte, berdinen arteko harremanak. Bi aldeak bizirauteko ari dira, elkarrekin aliatu ezean zapalduak izanen direla ongi dakitelako. Afrikar hauek aurrez erasoak jasan dituzten herrialdeak dira, “Mendebaldearen” inperialismoak gauzatuak.

Bideoa: https://twitter.com/i/status/1783784015700341076

Errusia, erakargarria munduan

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

10 pentsamendu “Errusia, erakargarria munduan”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2024-09-18 13:24

    Fobia diet fobia atzizki darabiltzen hitzei, hitz ustelei. Eguraldi txarrik nahi ez izatea ez da eurifobia; platanoa gustatzen ez zaienek ez dute platanofobia. Errusiarenak gorrotatzen ditugunok ez dugu Errusiafobia; erasoen aurka mintzo garenok ez dugu (bakarrik) erraietatik elekatzen, bakezaleok intelektualki nahi duguna da erasotzaileak geldi daitzen, eta gelditzen ez badira, orduan “gerra nahi duen guztia, berari kendu bizia”, Xenpelarrek bertsoan dioena.
    Bi Errusiazale horiek (Errusiazale ez garenoi fobia ote digute?) diotenak, guztiak ere erantzuna badu, baina gai bat ekar genezake Errusiaren gloriak kantatzekoan: zer egiten ari da une hauetan Errusia Israelekin orpoz-orpo? Zenbat lan egiten ari da Siria aldean hezbolah, Palestinaren aurka, Irani oztopoak jarriz eta sionismoa lagunduz? Zenbat arma karga galarazi du Palestinara bidean, zenbat radar eta begiratze-gune instalatuta dauzka Siria-Libanoetan? Zenbat “Palestinofobo” bidali du Gazara borrokan aritzera eta Israeldarrak trebatzen irakastera?
    Begira bezate bi lagun horiek hildako Israeldar soldadoetan zenbat izen Errusiar dagoen… hau ere ez da ohiko mendebaldar hedabideetan ateratzen…

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-09-18 14:22

    Mikel, Errusiaren aurka dituzun argudio horiek guztiak eztabaidatzeko asmorik gabe, artikuluaren helburua bakarra da: “Mendebalde” honetan jendeak jakin beza bere inguruan agian ez, baina mundu zabalean gehiengo zabala dela Errusiaren kanpo-politikarekin bat egiten duen jendetza. Hego eta Ertain-Amerikan, Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Asian erabat babestuta sentitzen dira bere itzalpean. Errusiarekin egiten dituzten hitzarmenak denen onerako direla ikusten baitute. Hau datu zehatza da, ez iritzia.

  • Mikel Haranburu 2024-09-18 15:08

    Artikuluaren helburua horixe dela dudarik ez dut, baina beste gauza asko isiltzen dituztela ere ez dut zalantzan. Errusiak “lan” egiten du mundu guztian propaganda banatzen (horri ez diogu inperialismo deitzen ezta? katalunian ere eskua sartzen saiatu zen, ikusi dugunez…), eta han uste dute zerbait badirela munduan, BRICS eta antolakuntza militarrak tartean. Alabaina, Txina batetik, India bestetik, eta “garapen” bidean diren beste hainbat (Asiako herrialde aunitz; eta -zergatik ez?- Iran, besteak beste) hor daudela, beren asmo multipolarra gauzatuko da, baina ez beren merituaz, baizik eta besteek aurrea hartu diotelako nabarmenki. Teknologian desberdinetan zer esanik ez, espazioko ibilerak kasu.
    Ez dugu ahaztu behar Errusia 145,5 milioi biztanle dela, baina India lehenengo postura iritsi dela, Txinaren gainetik, eta biak ere 1.000 milioi biztanletik gora direla. Ikusi da, bestalde, nola Errusiak Txinaren gerizpea bilatu duen Ukrainako operazioa dela eta, baina Txinak kasu gutxi egin dion. Txinak egin zuen proposamena ere hor nonbait geratu zen, ezer gutxi onik ekartzen baitzuen.
    Beldur naiz, eta batzutan adierazi izan dut, Errusiak eragiten duen liluramendua ez ote den norberaren ezgaitasunaren adierazpide hutsa; Errusian bertan, Putin aldare batean dute askok, ustez eta Errusian izugarri ongi bizi direla, Mendebaldeko edozein estatutan baino hobeki.
    Baina Errusia oso lurralde handia duen herrialdea da, eta bazterretan komunik gabe eta egoera kaskarrean bizi dira sarri; horri esker errekrutatu du Putinek jende andana bere operaziorako, sos batzuk agindurik, eta orain beste 200.000 batuko omen ditu armadara. Beste gerla-urte baterako. Hori hala bada, ez du ematen aski erakargarria, ez eta bere herkideentzat ere!

  • Mikel Haranburu 2024-09-20 11:05

    BRICS aipamena dela eta, uste dut ohar batzu egin daitezkeela horren inguruan:
    B. Brasil ez da Errusiaren alde kokatu, antza denez, baina negoziazioz bakera iristeko asmoaz bat dator.
    R. Errusiak bere horretan jarraitzen du, gero eta kiribilduagoa bere “errabietan”, lurrak galtzen.
    I. Indiak Ukrainari armak saltzeari ekingo omen dio; Narendra Modik ez du Errusia babesten, antza, nahiz eta Putinekin bildu den.
    C. Txina berdintsu, diplomazia mintzatu izan da, baina urrats handirik ez du egin.
    S. Hego Afrika da munduan Putin eta bere lagunak nazioarteko auzitegira eramateko ekimena gidatu duena.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-09-22 23:53

    Mikel, BRICSen motorra Errusia eta Txinak osatzen dute. Eta Brasil, India eta Hegoafrika beren aliatu estuak dira. Horietan bakar batek ere ez du Errusiaren aurka joko.

  • Mikel Haranburu 2024-09-23 01:28

    Aliatu estuak? Iran da orain artekoan Shahed droneak eta misilak helarazi dizkiona, ez Brasilek, ez Indiak, eta ez Hegoafrikak. Aliatuak direla esateak ez du funtsik; nik esandakoak ez dituzu ukatu eta ez baliogabetu. Hegoafrika da juridikoki Putinen aurka egin duena, eta Txinak eta Indiak ez dute astirik Errusiaren aferez arduratzeko…

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-09-23 09:57

    Mikel, BRICSeko kidea izateko ezinbesteko baldintzetako bat kideren baten aurka erasorik egin ez izana da (zigorrik jarri ez izana, adibidez). Are gutxiago Nazioarteko Zigor Gortean salaketa jarri izana.

  • Mikel Haranburu 2024-09-23 11:23

    Hortaz, Hegoafrika “BRIC” taldetik kanpo dago?

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-09-23 15:36

    Mikel, behean jartzen dizudan BBCren artikuluaren arabera, NZGko fiskalak aurkeztu zuen salaketa Vladimir Putinen aurka. Zuk Hegoafrika izan zela diozu. Mesedez, jar ezazu artikuluren baten erreferentzia ulertzeko zergatik zauden hain tematuta Hegoafrikarekin.

    https://www.bbc.com/mundo/noticias-internacional-64994207

  • Mikel Haranburu 2024-09-23 21:23

    Bai, arrazoia duzu. Ez du Hegoafrikak Putinen aurkako salaketa jarri.
    Israelen aurka bai, ordea, eta Errusia da une honetan Israel jo eta su laguntzen ari dena, soldaduak Palestinara eramaten, armada trebatzen laguntzen eta borroketan parte hartzen. Esan behar da Ukrainarrak ere ari omen direla Palestinan Erresistentziaren aurka, harrigarriki Errusiarren parean.
    Triangelu ezinezko bat.
    Errusia-Iran-Palestina, beste bat. Eslabiarrak omen dira sionista asko, Errusiar, Ukrainar, Poloniar eta… Dena dela, horri buruz ez da ezer esaten, baina Israel mamuaren atzean ez omen dago bakarrik “Mendebaldea”…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude