Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu eta krisi instituzionala piztu du

Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu –

Errumaniako presidentetzarako kandidatu ohia Calin Georgescu, aurten berriro iragan behar diren hauteskundeetara erregistratzera zihoalarik, Poliziak atxilotu zuen otsailaren 26an. Egozten dizkioten krimenetarik bat “ordenu konstituzionalaren aurkako ekimenen sustatzea” da. Sinesgaitza bada ere, duela hamar urte nazioarteko jasangarritasun kontuetan ziharduen agronomoa bihurtu da neonazi, eta meatzarien eta sikarioen laguntzaz boterea hartzen saiatu da.

Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu
CETATE lur gaineko urre meategia, bertan behera utzitakoa eta gaur egun Ro?ia Montan? proiektuaren parte dena. Frank Timis enpresariak ustiatu nahi luke, C?lin Georgescu Errumaniako presidentetzan ezarrita.

Calin Georgescu (Bukarest, 1962) ofizioz agronomoa da. Lurzoruen berrosaketan eta ingurune ingeniaritzan espezializatua, lurzoru zientzian doktoretza egin zuen. Laborantzarako interesa familiatik datorkio: aita ingeniari agronomoa zuen eta amak Errumaniako Laborantzako Ministerioan lan egiten zuen. 2000tik 2013ra, Errumaniako Garapen Jasangarrirako Zentroaren zuzendari exekutiboa izan zen Calin Georgescu. Bertan koordinatu zuen Errumaniako Garapen Jasangarri Estrategia eta Europako araudien arabera zehaztu zuen. Nazioarte mailan, 2015-2016 urteetan NBEn Jasangarritasun Globaleko Indizearen Institutua (United Nations Global Sustainability Index Institute, UNGSII) fundazioko zuzendaria izan zen. Horrez gain, desazkundearen oinarri zientifikoak zabaldu zituen Erromako Klubak Europan duen ikerketa zentroko presidentea izan zen 2013tik 2015era.

1990eko hamarkadan, MER alderdi ekologistan aritu zen. Baina gaur egun, agroekologia eta jasangarritasun globala ardatz dituela dirudien aditu horren iritzi politikoak ez dira hain internazionalista eta aurrerakoiak, urteetan zehar urrun xamar lerratu baitzen eskuinera. 2020an AUR alderdi ultrakontserbadoreak bere izena proposatu zuen ahalezko lehen ministro gisan, baita alderdi horren ohorezko presidente izatea ere, azkenean iritziz aldatu arte, Georgescuk Ion Antonescu eta Corneliu Codreanu goraipatu zituela ohartuz gero. Antonescu 1940tik 1944ra Errumania zuzendu zuen eskuin muturreko diktadorea izan zen, Hitlerrekiko erabateko kolaborazioa bultzatu zuena eta Errumaniako armada ekialdeko frontean Odesaraino basakeriak egitera igorri zuena. Codreanuk LANC alderdi ultranazionalista, antisemita, antikomunista eta homofoboa sortu zuen.

Halako erreferentziak izanik, ez da hain harritzekoa otsailaren 26an, prokuradorearen aurrean deklaratu ondoren, kameren aurrean Georgescuk agur nazia botatzea, AEBetako buruzagitzan berriki bultzaturiko moda jarraiturik.

Eraginpeko hauteskunde kanpaina

Sei krimen egozten dizkio Errumaniako Justiziak Georgescuri: 1) ordenu konstituzionalaren aurkako ekimenen sustatzea; 2) desinformazioen zabaltzea; 3) hauteskundeetarako bere kanpainaren finantzamenduei buruzko deklarazio faltsuak egitea; 4) izaera faxista eta arrazista duen antolakunde baten bultzatzea; 5) gerra krimenen eta genozidioaren goraipamena; eta 6) izaera antisemita duen antolakunde baten bultzatzea.

Auzi hori oso egoera estuan iragaten ari da Errumanian: azaroaren 24an izan zen hauteskunde presidentzialaren lehen itzulia, eta lehen tokian Georgescu agertu zen, harridura sorturik. Bigarren itzulia abenduaren 8an igaro behar zen, baina bi egun lehenago Konstituzio Auzitegiak lehen itzuliko emaitzak baliogabetu zituen eta bigarren itzulia bertan behera utzi. Arrazoia: inteligentzia zerbitzuen desklasifikatutako hainbat dokumenturen arabera, sare sozialen bidez –nagusiki TikTok– EBtik kanpoko estatu baten esku-hartze masiboa izan zela, lehen itzuliko emaitzen balioa zalantzazkoegia bihurtu zuena, hauteskunde prozesu osoan eragin baitzuen.

Digihumanism elkarteak analizatu duenez, sare sozial horretako kontu susmagarri askok, modu koordinatuan, Georgescuren aldeko edukiak masiboki publikatzen zituzten haren aurkarien kanaletan, TikToken algoritmoak horiek bultzatzen zituen, eta eduki asko –antisemita, misogino edota homofoboa izanik ere– astebete gelditzen zen moderatu gabe; hori dena EBko zerbitzu digitalen legea (EU-DSA) urratuta.

Errumaniako Justiziak Turkiaren laguntza eskatu du, Turkian IP helbideak eta Errusian email zerbitzuak dituen “troltegi” (troll farm) bat ikertzeko, La Croix aldizkariko Marine Leduc kazetariak jakinarazi duenez. TikToken Georgescuren promozioa egin duten 20.000 kontu baino gehiago kudeatzen omen dituzte “trol” horiek. Bestalde, Snoop Errumaniako hedabide independentearen ikerketa batek erakutsi duenez, Errusiari loturiko komunikazio agentzia batek, AdNow izenekoa, esku-sartze nahiko sakona izan zuen, eta aspaldidanik aktiboa izan da Errumaniako hedabideetan eta sare sozialetan.

Nork ordaindu?

Komunikazio estrategia ez zen Georgescuren kanpainaren alde uher bakarra, bertze bat diruztatzea zen. Georgescuk dio ez zuela gasturik izan, baina haren kanpainak gutienez 50 milioi euroko kostua izan zuela ziurtatu du Concordia konfederazio patronalak. Defentsa Nazionaleko Kontseilu gorenari TikTok enpresak aitortu dio Bogdan Pe?chir izeneko laguntzaile batek milioi bat euro eman zuela, plataforman Georgescuren promoziorako.

Bertze laguntzaile bat Hora?iu Potra da. Marine Leducek azaldu duenez, Potrak sikarioak kontratatzen zituen Afrikako hainbat herrialdetan, Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hiria erori arte. Sikario horiek meategiak zaintzeko kontratatzen zituen, meategi horietarik bat Frank Timis enpresari errumaniar-australiarrarena zela. Timisek interes berezia du Errumaniako Ro?ia Montan? udalerriko urrearentzat. Proiektu hura nazio mailako mobilizazioen ondorioz bertan behera gelditu zen 2014an. Errumanian azken bi hamarkadotako mobilizazio handienetakoa izan zen. Errumaniako aztertzaileek aurkitu dute 2022an Potrak eskatu ziola Timisi Georgescuren kanpaina finantzatzea 20 eta 35 milioi dolar artean emanda, horren truke Georgescuk urre meategien ustiatzeko baimena berriz emanen zuelakoan, Leducek azaldu duenez.

Potra 20 urteko kartzela zigor mehatxupean da, eta Errumaniatik ihes egin du Poliziak atxilotu baino lehen. Bere etxean hainbat arma, granada, urre lingote eta 3,3 milioi dolar aurkitu dituzte. Prokuradoreak jakinarazi duenez, Georgescuk eta Potrak Errumania ezegonkortzeko plan bat zuten, hauteskundeen bertan behera uztearen ondotik. Hori dena aski korapilatsua ez balitz, AEBetako administrazio berriak presio egiten du maiatzean berrantolatuko diren hauteskundeetan Georgescu berriz aurkeztu dadin, nahiz eta oraingoz ez dirudien hala gertatuko denik.

Duela hamabi urte meatzaritza proiektua geldiarazteko herri mobilizazioetan, ezinbertzekoak izan ziren hedabide eta kazetari independenteak proiektuari buruzko informazio faltsuak aztertu eta salatzeko. Gaur egun, berdin, ezinbertzekoak izaten ari dira hautagai “antisistema” horren atzeko diruztatze eta eragite sistema ilunak ezagutarazteko.

ARGIAn argitaratua

Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu  Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu  Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu  Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu  Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu  Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Zer duzu buruan “Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu eta krisi instituzionala piztu du”-ri buruz

  • Errumania adibide argia da eta aldi berean, Europako diktadura pixkana ezartzeko laborategia. “Europako Ezkutu Demokratikoaren” izenean, “behar bezala politikoa” bozkatzen ez duen herri oro, hau da, herriak aukeratu gabe EBa zuzentzen duten kriminalen komenentziara, herri hori ezerezera baztertuta izango da, eta behar beste aldiz bozkatu beharko du, emaitzak Europako agintari ustelak asebete arte.
    Injerentziez hitz egiten dute non mendebaldeko munduak desinformazio masiboko bitartekoen bidez bere populazioak anestesiatuta dituenean.
    Hori guztia Europa osora zabalduko da, EBtik, NATOtik, OMEtik atera eta Errusiara hurbiltzearen alde egiten duten korrente politikoak debekatuta egongo dira eta aldi berean, orwelliar sistema honen aurka doan edozein bitarteko independente itxia eta jazarria izango da.
    Agian hori da modurik onena jendea ohartzeko demokrazia ordezkatzaileak dakarren zikinkeriaz. Ez dute ordezkatzen beren burua ez den inor, beren familiak eta hurbilen dituzten zirkuluak, herriei harrapakin arpilatua banatzen dietenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude