Erresuma Batuak copyright legea eraberrituko du ekonomia suspertzeko
Erresuma Batuak duela 300 urteko copyright legea modernizatzea erabaki du egungo egoerari egokitzeko asmoz. Horretarako, egile eskubide lizentziak saldu eta erosteko negozioa erraztuko duen copyrightaren trukatze digitalerako zentrala sortuko du. Gainera, gobernuak aditzera eman duenez, ez du kontuan izango copyright legea urratzen dituzten webguneak blokeatzeko proposamena, “bideraezina baita”. Sindek badu jarraitzeko eredua.
Jabetza intelektualaren legea eraberritzearekin, Erresuma Batuko ekonomiak 9.152 milioi euroko etekina lor lezake. Ondorio horretara iritsi da Ian Hargreaves Cardiffeko Kazetaritza Eskolako irakaslearen analisi independentea; eta koalizio gobernuak analisiko “ondorio guztiak” onartu ditu.
Erresuma Batuak industria sortzaileengan ikusi du bere ekonomia berrorekatzeko aukera. Finantza zerbitzuetatik ihes egin eta sormenaren alde egin du apustu.
“Jabetza intelektualaren copyright sistema askatzean, kontsumitzaileak, negozioak eta jakintza- lortzea laguntzen ditugu. Baina, gainera, orekaz eta proportzioz egiten dugu, artistaren benetako sormena babestuz”, adierazi du Vince Cable Industria idazkariak.
Aldaketaren garaia
Argi dago gaurko egoera oso bestelakoa dela duela 50 urtekoarekin konparatuz gero. Unibertso digitalaren zabaltzeak, negozio eta kontsumo ereduak aldatu ditu, baina pirateriari ere zabalik utzi dizkio ateak, eta guztia nolabait arautu behar da berriz.
Toki batzuetan neurri gogor, murriztaile eta, kasu askotan, bidegabeak hartu dituzten bitartean, beste batzuetan orain artekoarekin errotik apurtzea eta berriro hastea erabaki dute.
Internet erabiltzaileek, argi utzi dute Sinde legeak ez duela ez hanka eta ez bururik. SGAEren amiltzeak begi-bistan utzi du Espainian gauzak beste modu batera egin behar direla.
Aldaketaren garaia iritsi da, eta britainiarrek 300 urteko legea eraberritzeko erabakia hartu badute, Espainiak ez luke gutxiago behar.