Erresuma Batua: Genero ideologia erabat garaitua izan da. Hiru hurra TERFen alde
Erresuma Batua: Genero ideologia erabat garaitua –
Josephine Bartosch freelance idazlea da eta emakume eta nesken eskubideen aldeko ekintzailea. Jatorrizko testua The Telegraph-en argitaratu zen abenduaren 13an.
Wes Streeting Erresuma Batuko Osasun eta Gizarte Arretako Estatu Idazkariak behin behineko blokeoa luzatu die haurrentzako pubertaro-blokeatzaileei; erabakia ongi etorria izan da.
Lorden Ganberako areto bero, itogarri batean eman zidan atentzioa lehen aldiz, 2019an, lobby transaren botereak. Kellie-Jay eta Venice Allan aktibistek abokatuak, kazetariak, politikariak eta Osasun Sistemaren kontrako salatzaileak bildu zituzten, atzo Wes Streeting Osasun idazkariak “eskandalu medikotzat” aitortu zuenari buruz hitz egiteko: Britainia Handiko haur zaurgarrienetako batzuei pubertaro-blokeatzaileak ematen dizkietela, off-label edo fitxa teknikotik kanpo. Funtsezko batzar hartan posibilitateak zeudela sumatzen zen, baita beldurra ere.
Parlamentari eta lord guztiak gonbidatuta zeuden arren, soilik Lord Moonie, Tanni Grey-Thompson eta David TC Davies joan ziren. Jennie Formby Alderdi Laboristako idazkari nagusiak Moonieri ohartarazi zion, bileraren buru jartzen bazen alderdiko bere afiliazioa arriskuan egongo zela. Garai hartan, legeak ez zituen babesten generoari buruzko iritzi kritikoak eta, giza eskubideen babesari buruzko kezkak planteatzen zituzten ekintzaileak sistematikoki faxistatzat jotzen zituzten, edo kristau ebanjelikoen soldatapean lan egiten zuten pertsonatzat. Frogak, ordea, beti egon ziren hor, gero Hilary Cass doktoreak bere txosten historikoan bildu zituenak.
Lupron bezalako pubertaro-blokeatzaileak etapa terminaleko prostata-minbizia tratatzeko asmatu ziren, eta sexu-gaizkileak kimikoki zikiratzeko ere erabiltzen dira. Albo-ondorioen artean daude hezur-dentsitatea galtzea, ugalkortasunean eragina izatea eta adimen-koefizientea gutxitzea. Hala eta guztiz, baimenik gabe eta azterketa egokirik gabe errezetatu zaie haurrei.
Hala ere, Streeting-ek, orduan Stonewallen aldeko leiala eta Alderdi Laboristako TERF ustekoei erasotzen zien Facebookeko talde bateko kidea izan zena, ez bide zuen ikerketa bati ekiteko gogo handirik. Zorionez, orain aldendu egin da lobbyek alderdientzat egiten dituzten informazio-saioetatik. Bere aurreko Sajid Javid kontserbadorearen lanari segiz, zeinak Cass Txostena egitea agindu baitzuen, Streetingek edozein politikari arduratsuk egin beharko lukeena egin du: haurren interesak lehenetsi, bere karreraren aurretik. Trans aktibistek honezkero ezin dezakete antzeztu, haurren osasunarengatik kezkatuta egotea gerra kultural kontserbadorearen konplot baten parte denik.
Ez da ekintza onik zigorrik gabe. Streeting ziur egon daiteke larrutu eta erdeinatu eginen dutela, frogak aztertzea eta Cass Txostenaren gomendioei jarraitzea bezalako delituengatik. Izan ere, ‘Trans Eskubideen Aldeko Laboristek’, dagoeneko milaka sinadura bildu dituen gutun ireki batean, Osasun idazkariari “trans pertsonen bizitzak politizatzen dituen ikuspegi kontserbadorea defendatzea” leporatu diote.
Garaiak aldatu egin dira, ordea, eta trans aktibistak establishment-etik kanpo daude. Stonewallek orain ez dauka lehen zuen itzalik, eta haurren trantsizioaren aldeko Mermaids elkarteak Ongintza[1] Batzordearen galdeketa bati aurre egin behar izan dio. Pubertaro-blokeatzaileen debekua kritikatu duten parlamentari laborista bakanak alderdiaren iragan corbynistaren hondarrak baino ez dira.
Duela kasik hamarkada bat jakin nuen ideologia transgeneroak kalte egiten diela haurrei. Aktibistak hasi ziren, emakumeen eskubideen inguruko kezkak, emakumeak babesteko nahiak edo fedeak akuilaturik, isilpean saretzen, Osasun Sistemako Genero Identitatearen Zerbitzuen barruan zegoen eskandalua salatzeko. Stephanie Davies-Araik 2015ean sortutako Transgender Trend bezalako taldeek etxe-egongeletatik egin zituzten beren ahaleginak, ez batzar-aretoetatik. Ez zituen kikildu establishment-ean zegoen adostasun itxurak, ezta Trans aktibisten mehatxuek ere, eta oinarri-antolatzaileek gobernua arreta jartzera behartu zuten.
Mereziko luke ikertzea, etorkizunerako ohar moduan, medikuak nola engainatu zituzten, nola sinetsarazi zieten haurren oinaze mentala pubertaroa etenda arindu zitekeela. Eta, baita ere, aitortu eta gogoratu behar da jende arrunta defendatu egin zela.
Esperimentu grotesko hau bukatzeak itxaropena eman beharko liguke denoi. Beste aldera begiratzeari uko egin zioten oinarriko aktibistek frogatu dute Margaret Meadek arrazoi zuela: “Inoiz ez izan zalantzarik herritar gogoetatsu eta konprometituen talde txiki batek mundua alda dezakeela; izan ere, horrela baizik ez da lortu”.
[1] Britania Handian “Charity” deritze geure inguruan Gobernuz Kanpoko Erakunde deitu ohi diegun elkarteei.