Errekaren joana, denboraren joana
Errekaren joana, denboraren joana –
Hurrengo adibideei esker argiago ikusiko dugu, menturaz, azaleko eta sakoneko gramatikak ez bereiztea dagoela hizkuntza-jokoak nahastearen eta hainbat auzi filosofikoren oinarrian. “Txoria hegan doa”, diogu, eta “denbora hegan doa”; “uraren joanak enborra hurbilduko digu”, eta “denboraren joanak etorkizuna hurbilduko digu”. “Hegan” hitzaren adierazpenak berdin dabiltza lehenbiziko bikotearen azaleko gramatikan; “joan” hitzaren adierazpenak berdin dabiltza bikote bien azaleko gramatiketan.
Desberdinak dituzte, haatik, sakoneko gramatikak. Eta arazo filosofikoa sortzen da denbora errekarekin ohartzeke identifikatzeak pentsarazten digunean etorkizuna pixkanaka orainaldira hurbiltzen ari zaigula, halako batean etorkizunak eta orainak bat egingo dutela, eta ondoren iraganerantz joango dela, errekako ura goitik guregana gerturatu, gero une batez gure parean egon eta azkenik beherantz hartzen duen bezala.
Hizkuntzak dakartzan gisako analogien izaera metaforikoa kontuan ez hartzeko joera izan du filosofoak. Eguneroko hizkuntza-jokoetan arazorik gabe dabiltzan hitzak —“denbora”, “izaki”, “ulertu”…—, metafisikak oporretara eraman eta erdi ergeldurik gaudenean lau liburuki mardul idazten ditugu “Denboraren esentziaz”, edota bizitzako lau bosturteko alferrik galtzen ditugu geure burua eta bazterrak nahasten “Zergatik dago zerbait eta ez ezer ez?” galderari bueltak eta bueltak emanez.
Errekaren joana, denboraren joana