Erraietatik madarikatzen zaituztet

Erraietatik madarikatzen zaituztet –

Aurreko bi kolaborazioetan ez bezala, oraingo honetan beste gai batez aritu nahiko nukeen; baina errealitate tematiak etengabe Palestinara narama.Nakba eguna igaro berri da, hondamendiarena. 2018ko maiatzaren 15ean, 70 urte bete ziren mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu zuenetik; ospakizun eguna palestinarren garbiketa etnikoaren defendatzaileentzat eta zorigaiztoko efemeridea zazpi hamarkada geroago, amaigabeko gurpil zoro makabro batean murgilduta izanagatik, egoskor bizirauten duen herriarentzat.

Fadi Abu Saleh. Soldadu israeldarrek aste honetan hil dute. (AFP)

Gaurkoan 1948an erbestera bultzatutako 800.000 errefuxiatuez hitz egin nahiko nukeen, eta NBEaren 194. ebazpenak onartzen dien itzultzek­­­­o eskubideaz. 1947ko 181. ebazpena ere ekarri nahiko nukeen lerrootara, Jerusalemeko esatus berezia ezartzen duena, eta zeinaren arabera herrialde baten enbaxada bertan kokatzea legez kanpokoa den. Eta 1980ko 478.a, Jerusalemeko alde bakarreko anexioa kondenatzen duena. Eta, hurrenez hurren, Israelgo erregimen sionistak inongo ondoriorik gabe 70 urte hauetan urratutako NBEaren 88 ebazpenak ere zerrendatu nahiko nituzkeen. Argudio sendoz eta datuez hornitutako artikulua idatzi nahiko nukeen, objektibotasun itxura ematearren, sinesgarriagoa egiteko nire diskurtsoa. Baina gaurkoan ezin dut. Gorrotoa besterik ez dut.

Ikusita dauzkat Gazan tirokatutako manifestarien gorpuak, harriak eta adorea beste armarik ez zutela, armada sionistaren frankotiratzaileen balei aurre egiten. “Itzuleraren Martxa Erraldoia” izeneko kanpainia hasi zentetik 100 hildakotik gora eta 8000 zauritu baino gehiago izan dira. Aldea dago 100etik 8000ra. Pentsa genezake munduko armada suntsitzaileenetako baten frankotiratzaileek punteria txarra dutela. Baina ez, ondotxo dakite israeldarrek eraildako manifestaria zulora doala, eta hil eta gero salda bero; baina zaurituak, gehienak anputazio traumatikoak pairatuko dituztenak, zama bat bilakatzen direla komunitatearentzat, gainezka egindako osasun sistema prekarioarentzat, eta euren familientzat. Ondotxo programatutako eta diseinatutako sarraski ankerra da.

Eta sumina eragiten dit hainbesteko ankerkeriak. Eta ezin diet objektibotasun itxura eman lerro hauei, ezin baitut eraman sentitzen dudan goragalea. Batez ere, halabeharrak borreroen aldean kokatu nauelako. Ezinegona eragiten dit jakiteak palestinarrei gorputz adarrak birrintzen dizkieten bala horiek Gasteizko Sidenor lantegiko altzairuaz eginda daudela, eta soldaduak Gazarekiko mugara garraiatzen dituzten autobusak IRIZARrenak direla, eta Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotzeko diseinatutako tranbia CAF enpresak egina dela. Uste baino gertuagotik ukitzen gaitu etengabeko Nakba honek.

Alferrikakoak dira gaurkoan milaka aldiz errepikatutako analisi antzuak; alferrikakoak, halaber, datu zorrotzak; eta nazioarteko erakundeen ebazpenak; eta gaitzespenak; inori gutxiri axola dizkiotelako. Palestina bakarrik dago. Eta nik, gaur eta hemen, errefuxatu egiten diot borreroen aldean kokatzen nauen patuari, eta aldarrikatu egiten dut neu ere palestinarra naizela. Gaur Palestina naiz, eta barruan dudan gorroto guztia okaztatu baino ezin dut egin, eta zazpi hamarkadaz iraunarazi nauen herraz madarikatu egiten zaituztet. Denborak historiaren zabortegira bidaliko ahal zaituzte!

Eta zu, noiz hasi zinen pornoa ikusten?

Erraietatik madarikatzen zaituztet

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

4 pentsamendu “Erraietatik madarikatzen zaituztet”-ri buruz

  • Eskerrik asko, Koldo, egia gordinak esateagatik.

  • Azken portu 2018-05-19 15:59

    “…mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu zuenetik…”
    Hori ere kritikatu behar da? Benetan uste al duzu (Urkulluk bezala) estatuak alde biz aldarrikatzen direla?

  • Pello Eizagirre 2018-05-19 16:18

    Hor dago koska, Azken portu. Nakba “hondamendia” delako hori Palestinako juduen alde bakarreko independentzia zen . Besterik ez. Gerra deklaratu zuten herrialde arabiarrek eta inbaditu Israel estatu berria. Gerra galdu eta negar hasi gaur arte.
    Turkey: Erdogan calls on Muslim world to support Palestine (video)
    https://www.almasdarnews.com/article/377331/

  • Oso ondo azaldu du Koldok bere gorrotoa. Palestinarekin elkartasun internazionalistak, palestinarrekiko elkartasuna baino, israeldarrekiko gorrotoaren forma hartzen baitu, eta israeldarrekiko (edo Israel estatuarekiko) gorrotoak judutarren aurkako gorroto bihurtzen da kasu askotan. Judutarren aurkako komentarioak entzuteaz nazkatuta, EH-n bai…