Eros (ezazu) greziar uharte bat
greziar uharte bat eros ezazu
Izenburuko Eros ez da, tamalez, greziar mitologiako maitasunaren eta sexuaren jainkoa; dei bat baino, uharte bat erostekoa. Beste modu batean esanda, Greziar irla batzuk salgai direla esan gura genuen.
Egun Grezian bizi den Hibai Arbide Aza kazetariak ezagutarazi digu berria, Warren Buffet aberats okituak Sanroniko Golkoan Santo Tomas uhartea hamabost milioi euroren truke erosi zuela zabaltzean. Ez ei da egia -atoan gezurtatu bide zuen berria Buffet-ek-, eta irlak salgai jarraitzen omen du, zuotako norbaitek itsulapikoa apurtu nahiko balu. Taxi akuatikoa hartuta Atenas-etik 45 minututara eta itsasontziz Corintotik 20 minututara dagoen uharteak, iragarkiak esaten duenez, “kokapen ezin aproposagoan omen dago europar elitearen oporraldietarako gune izateko”.
Hiru milioi eurotik hasi eta 50 milioi eurora arte, hogei inguru ei dira guztira salgai diren irla greziarrak, privateislandsonline.com atarian aurkituko dituzuenak. “Esate baterako, Omorfik (“ederra” esan nahi du) 50 milioi euro balio ditu”, Arbidek dioenez.
Antza denez, aurretik pribatizatutako uharteak ditugu honakoak, eta hauen salmentatik jasotako dirua nork poltsikoratzen duen ez badakigu ere, ez dirudi greziar herritarrengana sosik helduko denik; lehengo lepotik burua…
NISSOS MAKRI
Itsaso Jonikoaren erdialdean dagoen irla pribatua da Nissos Makri, Hego Echinadetako Oxeiae taldekoa, 99 hektarea ingurukoa. (Prezioa eskatu beharra dago).
OMFORI
Lurreko paradisua da Omfori uhartea, ur bare turkesazko hondartzaz inguratua dagoena. Uharteak 450 hektarea inguru ditu, eta 50 milioi euroko salneurria.
PATROKLOS
Atenasetik gertu egoteaz gain kulturaz eta historiaz aberatsa da Patroklos, inbertsoreek urte luzez desiratua; 260 hektarea inguru dituen irla pribatua. (Prezioa eskatu beharra dago).
TRAGONISI
Luxuzko erretiroa hartzeko ideala, Tragonisik oso kokapen aproposa du, Atenas hiritik gertu; 90 hektarea ditu uharteak. (Prezioa eskatu beharra dago).