Eragin esferak eta soberania

Eragin esferak eta soberania –

Asier Blas Mendoza, ARGIAn.


Europako Parlamentuko hauteskunde kanpainan geundela, Iñaki Galdosek Berria-n artikulu interesgarria idatzi zuen azalduz EH Bilduk iragarri zuela Hego Euskal Herriak 1986ko erreferendumean NATOri emaniko ezetza defendatuko zuela Europan. Ondoren, Galdosek herrialde neutraletan eta ezker soberanistetako alderdietan gertaturiko aldaketa pragmatikoak gogora ekarri zituen. 2012an Eskoziako SNP NATOren aurka egotetik aldeko jarrera izatera pasatu zen. Logika horrekin, Galdos prest agertu da txuleta bat jokatzeko balizko euskal errepublikak independentzia lortuko balu, “gobernatzen duenak gobernatzen duela (…) NATOko kide izaten jarraituko genukeela txintxo-txintxo”.

Eragin esferak eta soberania
Astro_Alex

Txintxo-txintxo horrek esan nahi du asumitzea gure erabakitzeko eskubidea eta soberania mugatuta daudela: ezin ditugu zenbait erabaki hartu Washingtonen borondatearen aurka, adibidez, NATOtik ateratzea nazioarteko harremanetan autonomia irabazteko. Askotan pentsatzen da sezesioa errazteko bidea dela jatorrizko estatuak dituen nazioarteko aliantzak eta menpekotasunak propio bezala mantentzeko borondatea agertzea.

Kontua da NATOko kideen artean, deskolonizazio prozesuak alde batera utzita, ez dela inoiz independentziarik gertatu. Ez zaude munduko lehenengo aliantza militarrean gero etxean sezesioak pairatzeko. Estatu berrien jaiotzak egintza geopolitikoak dira eta, horregatik, potentzien arteko lehiek zerikusi handia dute. Horrek ez du esan nahi sezesio-prezioa merkatzea ez denik estrategia bat, Euskal Errepublika posibleagoa litzateke baldin eta Europako integrazio prozesua sakonduko balitz demokratizatuz eta federalizatuz. Horrek esan nahiko luke Brusela Washingtonengandik autonomo egitea. Orduan bai, euskal errepublikak independentzia baino desanexio bat lortzeko aukera gehiago izango lituzke EBeko federazioan.

Mendebaldearen gainbeheraren eta ahuldadearen seinale da Washingtonek eta Bruselak beraien eragin esferako estatuak motzean lotu nahi izatea

Aipaturiko agertokia ez da erraza. Horregatik, Euskal Errepublika lortzeko bigarren agertoki posiblea ezin da baztertu: Mendebaldearen gainbeherak jarraitzea, sezesioetarako aukerak sortuko dituen anabasa geopolitikoa egon arte. Gainbeheraren eta ahuldadearen seinale da Washingtonek eta Bruselak beraien eragin esferako estatuak motzean lotu nahi izatea, adibidez, nazioarteko harremanetan autonomia nahi duten gobernuen kontra joz. Irakli Kobakhidze-k, Georgiako lehen ministro eta 2022ko Sabino Arana sariaren irabazleak, ondo daki. Ezer gutxirako balio izan die NATOn eta EBn sartzeko helburua konstituziora eramateak. Mendebaldeko herrialde askok antzeko legeak dituzten arren, Kaukasoko estatu txiki horrek hori egitea ez dute gustuko, beraien esku-hartzea herrialdean oztopatu dezakeela pentsatzen dutelako. Ondorioz, Mendebaldeko gobernuetako zenbait kidek legearen kontrako manifestazioetan parte hartu dute Tbilisin eta agintari georgiarrak kritikatu, mehatxatu eta santzionatu dituzte. Are gehiago, Olivér Várhelyi-k, Europako Batzordeko komisarioak, Kobakhidzeri telefonoz esan zion lege onarpenarekin aurrera jarraitzen bazuten georgiar gizartea gehiago polarizatu zitekeela eta horrek kontrolik gabeko egoerak sortu ditzakeela, egun batzuk lehenago Robert Fico-ri, Eslovakiako lehen ministro sozialdemokratari, gertatu bezala, tirokatu zutenean.

1980ko hamarkadatik EBko lehen ministro batek ez du horrelako atentatu garrantzitsurik pairatu. Baina, hedabideak Ficoren kontrako atentatua ia justifikatzera iritsi ziren, eta politikoki biktima jipoitu zuten. Fico ez baita txintxo portatzen, Ukrainako gerran negoziazioak eskatuz eta Israel palestinarren aurka egiten ari den sarraskia salatuz.

Eragin esferak eta soberania  Eragin esferak eta soberania

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Eragin esferak eta soberania”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude