Prostata dugu, eta bai, emakumeok ere eiakulatzen dugu

Prostata dugu, eta bai, emakumeok ere eiakulatzen dugu –

 

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

.

Ohiko galdera izan ohi da, bai gizonen bai emakumeen aldetik: emakumeek eiakulatzen dute/dugu? Bai, eiakulatzen dugu. Emakumeok ere izan dezakegu isurketa, izan ere, prostata dugu, eta ondorioz, eiakulatzeko gaitasuna ere badugu. Zorionez, gero eta gehiago zabaltzen ari da gaia (noizbait entzungo edo irakurriko zenuten ingelesezko terminoa: squirt, nahiz eta eztabaida dagoen definizio zuzena ote den), eta gero eta emakume gehiago ari dira ohartzen sexuaz gozatzeko duten “gaitasun berri batez”. Eta ez, alutik ateratzen den hori ez da txiza. Jarrai dezagun gaiarekin…

Prostata dugu, eta bai, emakumeok ere eiakulatzen duguEmakumeen eiakulazioaz irakurtzen jarrita, informazio gutxi ez ezik, dagoena nahasgarria da. G Puntua, Skene glandulak, prostata… Denetariko izenak eman zaizkio eiakulazioa sortzen duen horri. Prostata hobetsiko dugu testu honetan, izan ere, ezkutatu nahi izan bada ere, hainbat ikerketek frogatu dute glandula-organo hori emakumeek ere badugula (ugaztun garen heinean). Gainera, emakumeen eta gizonen prostatek antzeko ezaugarriak dituzte. Ukatu izan badigute ere.

Emakumeen kasuan, ordea, uretran txertatua dago. 2-5 zentimetro inguru ditu kitzikatu gabe (testosterona mailaren arabera ere ezberdina da). Kitzikatzean hazi egiten da, eta pixa egiteko gogoa dirudiena sortzen du: kitzikatzean sortu eta gorde egiten baitu likidoa. Momentu horretan, prostataren neurria hiru aldiz handiagoa izatera hel daiteke. Likidoa plazer handiko momentuetan edo orgasmoan askatzen du, baina gerta liteke biak batera (orgasmoa eta likidoa) ez sentitzea. Errepikatzen dut, likido hori ez da pixa, ezta lubrikaziorako aproposa ere. Horrela izanez gero, lehenago aterako litzateke.

.

Nola trebatu eiakulatzeko

Emakume denek eiakulatzen dugu, baina ez denek berdin: kanporantz eiakula dezakegu, edo maskurirantz. Azken kasu horretan, eiakulazio likidoa gernuarekin batera kanporatzen da gero. Baina ez kezkatu: kanpora eiakulatzen ez badugu, ez du esan nahi gure orgasmoak eskasagoak direnik.

Aintzat hartuta ez dugula zertan emakume guztiok lortu, eta ez dugula frustratu behar, badaude lagungarriak izan daitezkeen teknika edo kitzikatze-modu batzuk. Uste dugunok baino gehiagok dugu ahalmena, eta lortzen ez badugu ere, plazera sentituko dugu. Ez da gutxi, ez?

Normala izan liteke hasieran lotsa sentitzea. Ez gaituzte hezi gure gorputza ezagutzeko, gure gorputza maitatzeko eta gure gorputzaz gozatzeko. Zenbait bikotekidek baztertu izan dituzte emakumeak isuri handi samarrak egiteagatik ere. Ez dugu horretaz kezkatu behar. Kasu honetan ere, bakarrik edo gustukoa dugunarekin egin dezakegu. Gustatzen zaionari ongi, eta bestela, hor konpon.

Hasierako lotsa pixka bat galduta, eta jarrera ezberdinetan isurtzea lortu arte, hasieran lagungarria izaten da ipurdi azpian kuxin bat jartzea. Hala, errazagoa da hankak zabaltzea eta prostatara ondo iristeko postura mantentzea, hankak altxatuta mantenduz. Kanpoaldean has gaitezke gure burua estimulatzen pixka bat lubrikatu arte (edo hasieratik lubrikantea erabili): ezpain handiak eta txikiak, klitoria… Ondoren, baginara sartzeko erabili behatzak edota jostailuren bat. Klitoriaren barruko aldera iritsi beharko dugu, nolabait ulertzeko. Prostata kitzikatzean aipatutako “pixa egiteko sentsazioa” nabarituko dugu. Momentu horretan emakume askok uste dugu benetan pixka egingo dugula eta moztu egiten dugu sentitzen duguna. Ez egin hori. Jarraitu, eta momentua iristen dela nabaritzean, askatu, ez estutu.

Baliteke ez izatea gunerik egokiena, baina esandakoaren ideia egin eta irudietan ikusteko txokoetako bat Porno Educativo da (gaztelaniaz).

.

Irakurketa, feminismotik

Gaiaz ikertzen ari nintzela, Diana J. Torres feministak idatzitako testuak eta emandako elkarrizketak topatu ditut. 2015ean oso liburu interesgarria idatzi zuen: Coño potens. Manual sobre su poder, su próstata y sus fluidos (Alu ahaltsua. Bere botere, bere prostata eta bere isurkariei buruzko eskuliburua, itzulpena Argia aldizkaritik hartutakoa da).

Emakumeen eiakulazioari buruz feminismotik egindako irakurketa, beste behin, aintzat hartzekoa da. Kasu honetan ere, kontu kulturala ez ezik, politikoa ere bada eta. Honakoa kontatzen du Torresek (Argiatik): “Feministak aldarrikatzen hasiak zirenean klitoria zela andreei plazera ematen zien sexu organoetako gune nagusia, sexualitate falozentristari (zakila erdigunean ipintzen duenari) ikaragarri ondo etorri zitzaion bagina barruko orgasmoaren aukera agertzea, plazer egokiaren aukera bezala, gainera. Bestetik, jende askok denbora eta energia ugari xahutu du balizko puntu magiko horren bila (G puntua). Zaila izango dute aurkitzea, ez baita puntu misteriotsu bat, ez bada organo zehatz bat. Bagina barruko balizko orgasmo hori lortu ezinak frustrazio handia sortu dio emakume askori, beste behin sentiaraziz ez zirela behar den modukoak, frigidoak zirela”.

Ikerketa handia egin zuen liburua idazteko, eta informazio gutxi topatu zuen. Hurrengoei berdina ez gertatzeko webgune bat sortu zuen: www.yeswecum.org. Jakintza kolektiboa partekatzeko gunea da.

Librezale komunitateak teknologiei buruz esaten duen gurera ekarrita: jakintzak egingo gaitu libre.

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

Emakumeok ere eiakulatzen dugu Emakumeok ere eiakulatzen dugu Emakumeok ere eiakulatzen dugu

2 pentsamendu “Prostata dugu, eta bai, emakumeok ere eiakulatzen dugu”-ri buruz

  • Nazkagarria. Feminismoa eta berdintasunaren izenean, gure intimidade guztiak agerian uzten. Hori argazkia! Ya ez diguzue erreduktorik ere uzten.
    Joan zaitezte popatik hartzera! Ez nere izenean!!!

  • Lehen apaiz batzuek arautzen ziguten sexua. Plazerra bekatu zen. Orain apaiz berri batzuek arautzen digute sexua. Plazerkeria ez dena bekatu da eta erlijio berriaren araberako praktikarik ez badugu bekatariak gara.
    Niri mutilak gustatzen zaizkit eta kitzikapen gorena txortan egitean izaten dut. Orgasmoak ere larrutan egitean izaten ditut errezenik. Aldiz inoren mihia nere pottottan ibiltzeak ez dit gozamen handirik ematen. Are gutxiago tramankulu hotzak sartzen aritzeak. Bestelakoa da zakil baten berotasunak barne guztia frotatzen duenean, batez ere gustoko mutilaren eskuek ipurdi masailetatik oratu eta bitartean bularrak gogoz ukitzen badizkit…. eta batez ere larruaren kontaktua sentitzen badut (filme pornoen kontrako ereduan, non dena genitalen bisibilizaziora bideratzen den). Masturbatu ere kuleroekin egiten naiz gusturuen; nire klitoriak nahiago du askoz ere horrela zuzeneko estimulazioa baino. Falozentrikoa naiz dirudienez porno-apaiz berrientzat. Bekatu larria da?