Elkarrizketa politikoaren aldeko deian ulertzen ez ditudan bizpahiru kontu
Elkarrizketa politikoaren aldeko deian ulertzen ez ditudan bizpahiru kontu –
Atzo, urriak 5, elkarrizketa politikoaren aldeko dei bat publikatu zuen ElDiario.es-ek: elkarrizketa politikoa eskatzen zuten hainbat kazetari, idazle, filosofo eta artistaren testu ttikiak. Nik ere, aukeran, problemak konpontzekotan, elkarrizketa nahiago dut bertze deus baino. Baina hedabide digital horrek publikatu duen deian badira ulertzen ez ditudan gauza batzuk –badira, halere, gustatu zaizkidan testu batzuk ere, hala nola Josep Carles Riusena eta, batez ere, Ruth Toledanorena–. Hauexek dira, inportantzia gutienekotik inportantzia handienekora guti goiti-beheiti ordenatuak, ulertzen ez ditudan gauzak:
–Ez dut ulertzen hedabide horrek zergatik gonbidatu dituen zerrendan ageri diren batzuk elkarrizketaren alde mintzatzera. Hor baitaude Isabel Coixet, erreferendumaren “tranpa antidemokratikoan” parte ez hartzeko eskatzen zuen ezkerreko [sic] intelektualen [sic] manifestu penagarri hura sinatu zutenetarik izan zena, edo Fernando Aramburu, zeinaren ahotik gauza poetiko eder askoak atera baitira joan diren egun hauetan Kataluniari buruz. Tira, gaizki formulatu dut nire zalantza: kontua ez da nola deitu dieten, kontua da nola izan duten orain elkarrizketa eskatzeko lotsagabekeria eta azal gogorra izan. Jose Maria Callejaz ez dut deus erranen, ez baitu balio.
–Ez dut ulertzen testu gehienetan oraindik, erran nahi baita, polizia espainolak botoa ematera zihoan jendea zafratu ondotik, Espainiako hedabide nagusiek indarkeria ukatu eta hainbat bideotan ikusi ditugun irudiak zalantzan jarri ondotik, Georgetownen karrera ordaindu genion morroiaren diskurtso lotsa-emangarriaren ondotik, ez dut ulertzen, diot, oraindik testu gehienetan nabarmena den ekidistantzia: Rajoy eta Puigdemont, Espainiako Telebista eta TV3, batzuk zein bertzeak…
–Ez dut ulertzen zenbaitek beren irudimen falta argudio gisa aurkeztea: “ez dut Espainia Kataluniarik gabe imajinatzen”. Bada, nik bai.
–Ez dut ulertzen zehazki zer elkarrizketa mota eskatzen den, baina testu frankori igartzen diet egoera politikarien artean konpontzeko deia, afera hau guzia politikarien arteko kontua balitz bezala. Eta grazia egiten dit zenbat aldiz egiten zaien erreferentzia katalanei, eta zeinen gutitan espainolei. Zeren, katalan anitz –ez guziak, egia da– botoa ematera eta independentzia eskatzera atera diren bezala, espainol anitz –ez guziak, bistan da– joan baitira Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari agur erratera eta, bidenabarkoan, “a por ellos” kantatzera; baita “Cara al sol” kantatzera ere. Baina inor ez da Espainiako ideologia batek sortu dituen huts egindako gizakiez mintzatzen, inork ez du erraten Espainiako gizartea eri dagoela, inon ez dugu irakurtzen ahal espainol gehienak koldarrak direla, anitzek –ez guziek, berriz diot– katalanen kontrako bortizkeria latza kondenatu ez badute ere. Eta katalanak bozkatzera nahita eta libreki joan zirela sinesten dudan bezala –alegia, ez politikari gaiztoek xaxatuta edo engainatuta–, sinesten dut “a por ellos” kantatu duten guziek nahita eta libreki eta zertan ari ziren jakinki kantatu dutela. Hitz batean, uste dut kultura politikarien arteko afera bat baino gehiago, kultura politikoen arteko talka dugula: bata baketsua, bere nahia botoen bidez adierazi gogo duena; bertzea autoritarioa, segurtasun indarren errepresioa txalotzen duena –barka manikeismoa, baina egun hauetan horrela nabil–. ElDiario.es-en elkarrizketa eskatzen duten testuetan ez dut horren arrastorik ikusi.
-Ez dut ulertzen konponbidea eskatzen dutelarik zer ari diren eskatzen. Susmoa dut orain, hondar hilabeetan bezala, norbaitek “mintzatuz hau konpon dezakegu” erraten duen aldioro, erran nahi duela lortzen ahal dugula Katalunia Espainian gelditzea. Hori dela nahitaez erdietsi beharreko konponbidea. Eta, tira, nire uste ez oso apalean, ongi eginez gero hori konponbidea litzateke dudarik gabe, baina izatekotan, konponbideetarik bat izan liteke, ez konponbide bakarra. Zeren Katalunia Espainiatik manera baketsuan ateratzea ere konponbidea bailitzateke –ez konponbide bakarra; bai, ordea, konponbideetarik bat–, baina ez dakit hori deiaren sinatzaileetarik zenbatek onartuko luketen, edo zenbati bururatu ere egin ote zaien. Horretarako, jakina, erreferendum bat egitea izaten da bide logikoena, eta horretan saiatu da Kataluniako gobernua, traba guzien gainetik; eta gauza ororen gainetik hori saiatu da saihesten Espainiako gobernua, guziok –Espainiako prentsa irakurtzen dutenek izan ezik– dakigun bezala. Elkarrizketa eskatzen duten zenbait, halere, bueltaka dabiltza oraindik gauzaren ilegaltasunaren inguruan.
–Ez dut ulertzen zertara heldu den testu batzuen poetikotasuna. Edo, tira, bai, hori aski ongi ulertzen dut. Ulertzen dut elkarrizketarako dei hori batez ere egoa hauspotzeko ariketa bat dela. Ulertzen dut helburua ez dela egoeraren analisi seriorik eskaintzea, edo testuingurua eta gertatutakoa aintzat hartzen dituen konponbiderik proposatzea, enegarren aldiz ekidistantzia zerutiarra erakustea baizik. Ez nuke nahi inork pentsatzea hori gaizki iduritzen zaidala. Azken batean, inora ez doan testu hau ere egozentrismo ariketa bat bertzerik ez baita: beharbada, hemendik urte batzuetara, etorkizuneko Andres Trapiellok Kataluniako prozesuaren gaineko liburu bat idatziko du; hark Las armas y las letras Espainiako gerra zibilean bi bando gaizto –faxistak eta komunistak– eta jende tolerantez osaturiko hirugarren Espainia bat izan zirela esplikatu zigun bezala, akaso etorkizuneko Trapiello horrek azalduko digu hau bi nazionalismoen arteko talka izan dela, zein baino zein maltzurragoa, eta biek akatsak egiten zituzten bitartean, zenbait herritar ilustratuk elkarrizketa defendatu zutela sasi guzien gainetik. Nik testu hau idatzi dut etorkizuneko historialari horrek ekidistanteekin nahas ez nazan, eta, oin-ohar batean, erran dezan bi nazionalismo gaizto horietarik baten aldera lerratu nintzen euskaldun fanatikoa izan nintzela. Badaezpada ere.
Ederra, Santi.
Nik Arambururen argazkia ikusi, eta ez dut bakar bat ere irakurri.
Eta salatu behar da “egunekotasunaren lurralde” bezlako metafora errekazionario eta harrien joera ez newtoniarren esplikasioen bidez (buruz aipatzen dut) ekidistantzia horretan konplize diren euskal idazle insigneak, batez ere beren pobrezia intelektualarengatik. Horiengandik independentzia lortuko dute Katalanek ere. Hori bai askatasuna buruan¡
Bertsio zuzendua, tabletarekin borrokatu eta gero: Eta salatu behar da “egunekotasunaren lurraldea” bezalako metafora errekazionarioen eta “harrien joera ez newtoniarren” esplikazioen bidez (buruz aipatzen dut) ekidistantzia horretan konplize diren euskal idazle insigneak, batez ere beren pobrezia intelektualarengatik. Horiengandik ere independentzia lortuko dute Katalanek. Hori bai askatasuna izpirituala¡
Asteasuko Irazurenak “harrituta” utzi nau (hil nazazue).
Ez baduzu ezer esan nahi, ixildu ta kitto.