Ekuador: «Herritarren iraultza erasopean»
“Ekuadorko Poliziak egindako legearen aurkako agerraldi batek Rafael Correaren «herritarren iraultzaren gobernua» kolokan jarri du. Estatu kolpea izan da, agintariari zilegizko indarraren monopolioa eskutik kendu diolako, eta oportunismo eta konspirazio dosi parekoetan oinarritutako ekintza izan dela dirudi.
Bultzatzaileek badakite Correa presidenteak beti bere gobernuaren zilegitasuna etengabe berrestean oinarritzen den botere estrategia baten alde egin duela, eta estrategia horrek boterea alderdietan eta erakundeetan kristalizatzea gutxiesten duela. Orekari abiadura zehatz batean joanez gero bakarrik eusten dion bizikleta baten antzera, abiadura txikian joanez gero alboko eraso batek suntsi dezakeen boterea da. Abiadura galeraren adierazleetako batzuk Pachakutik mugimenduaren (Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioaren adar politikoa) eta Correaren arteko hausturatik, sindikatu batzuen azkenaldiko protestetatik eta –batez ere–, Herrialdea Aliantza ofizialistaren bloke parlamentarioan sortutako ezadostasunetik etorria zen. Azken hori exekutiboak Zerbitzu Publikoaren Legeari betoa jartzearen ingurukoa zen.
Gertaera horiek erasorako zain zegoen eta Correaren gobernua Abdala Bucaramena, Jamil Mahualena eta Lucio Gutierrezena bezain ahula ote zen ikusi nahi zuen indar kolpista batentzako seinaleak izan dira. Haiek Correak amaiarazi zuen Ekuadorko ezegonkortasun endemiko horretako protagonistak izan ziren eta proban jarri duten Correak erakutsi du besteek, eromen, ustelkeria eta neoliberalismo dosi aldakorrek eraginda falta izan zuten herritar energia badaukala.
Kolpe saioaren irakurketa ezin da Segurtasun Nazionalaren Dotrinaren garaiko kolpe zaharren ikuspegitik egin. Horregatik, Unasurren eta erakunde horretako kideen hiperaktibitate diplomatikoak eta Amerikako Estatuen Erakundearen erreflexu bizkorrek azkar bukarazten lagun dezakete. Horregatik, AEBen erreakzioa gaitzespenekoa izan da, argi eta garbi, eta Txileko pinochetismoak berak ere arbuiatu du. Ez da Honduraskoaren errepikapena izan, kolpistak ezin baitira klase sozial batekin zuzenean lotu.
Bere ekintza lurraldean zabaltzen ari denik ematen ez duen kolpeak porrot egiten duen neurrian, agian, Correak egun batzuk lehenago egindako proposamenean aurrera egitea erabakiko du: Asanblea Nazionalaren eta presidentetzaren «aldi bereko heriotza» gauzatzea, Konstituzioan aurreikusia, bere zilegitasuna hautestontzietan berriro berresteko eta martxaren abiadura berreskuratzeko. Abiadura hori gabe, Herritarren Iraultza erreakzioaren erasoaren aurrean ahula izan daiteke.”
Gabriel Puricelli
(Politika Publikoen Laborategiko Nazioarteko Politiketako Programaren koordinatzailea)
Gertaeren bideoa: